munDUA

Kataluniako Gobernua, hondakin nuklearren behin betiko biltegia hartzearen aurka

Tarragonako udal batek gaur aurkeztu du hautagaitza -Ascok-, baina Jose Montilla Generalitateko presidenteak egitasmoaren kontrako gutuna bidaliko dio Miguel Sebastian Espainiako Industria ministroari.

2010eko urtarrilaren 26a
16:27
Entzun 00:00:0000:00:00
Hondakin nuklearren behin betiko biltegia hartuko duen toki baten bila dabil Espainiako Gobernua irailetik, Asco Kataluniako herriko Udalak hautagaitza aurkeztu du (Tarragonan dago), baina segituan eman du Kataluniako Gobernuak kontrako erantzuna, Jose Montilla (PSC) Generalitateko presidenteak biltegiaren aurkako gutuna bidaliko diolako Miguel Sebastian (PSOE) Espainiako Industria ministroari.

Josep Lluis Carod Rovira (ERC) Generalitateko presidenteordeak eman du Montillaren neurriaren berri, gaur. "Arlo nuklearrean elkartasun kuota beteta dugu", adierazi du Carod Rovirak.

Ascoko Udalak gaur hartu du hautagai izateko erabakia, udalbatzarrean: aldeko zazpi boto, kontrako bi. Kataluniako Gobernuak ez du helegiterik sartuko, baina gaiak udalerria gainditzen duela dio eta berak horretaz hitz egin nahi duela. "Adostasun soziala eta lurraldeen artekoa eskatzen du, eta gaur egun halakorik ez dago", esan du Carod Rovirak. PSC eta ERCz gain, ICV ere badago gobernuan.

Espainiako Gobernuak irailean zabaldu behar zuen deialdia, biltegia hartzeko prest dauden herriek hautagaitzak aurkezteko. Biltegia hartuko lukeen herriak diru sarrera handiak jasoko lituzkeela nabarmendu izan du gobernuak: zerga bidez, urtero hamabi milioi euro.

Ascon bertan zentral nuklearra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.