Quim Torra Kataluniako presidenteari diputatu akta erretiratzea onartu du Kataluniako Parlamentuko Mahaiak. Hala, ontzat jo du parlamentuko idazkari nagusiak goizean abiatutako tramitea. ERCren, PSCren eta Ciutadansen botoekin onetsi du mahaiak Torrari diputatu akta baliogabetzea. Hala ere, ERCk adierazi du JxCrekin adostasun bat bilatzen ahaleginduko dela «azkenera arte».
Akordiotik urrun, baina, erabateko haustura irudikatu dute bi alderdiek gaurko osoko bilkuran. Roger Torrent parlamentuko presidenteak jakinarazi du ez duela aintzat hartuko Torraren botoa, eta Generalitateko presidenteak hitza hartu du. Gogor mintzatu da parlamentuko mahaiaren erabakiaren kontra. Gaitzetsi egin du parlamentuak onartu izana «organo administratibo batek diputatuak kentzeko eta jartzeko» aukera izatea.
Kataluniako Parlamentuak urtarrilaren 4an onartu zuen ebazpena ekarri du gogora. Haren arabera, Torrari ezarri ahal zaion «legedi bakarra» Kataluniako Estatutuak ezartzen duena eta hango parlamentuarena da. «Hilabete bat ere ez da igaro ordutik», adierazi du. «Sinbolikoak dira parlamentu honen ebazpenak?», galdetu du. «Ezinezkoa da demokrazia defendatzea herri borondatearen marra gorria defendatzen ez bada».
Presidenteak nabarmendu du adierazpen askatasunaren defentsa dela bere inhabilitazioari buruzko auziaren funtsa, eta oinarrizko eskubideak defendatzeko eskatu dio parlamentuari. «Diputatua eta presidentea naiz, eta soilik parlamentu honek alda dezake hori». Torrak gaineratu du parlamentuak bere egoera leheneratzea espero duela, eta hala egiten ez badu «erakundeen jarraipena» arriskuan jarriko duela ohartarazi du. «Erakundeen hondatzeari atea ireki» izana ere leporatu dio Torrenti.
Parlamentuko mahaiaren erabakiak JxCren eta ERCren arteko enfrentamendu zuzena eragin du parlamentuko osoko bilkuran, Torraren diskurtsoarekin. Bi alderdien arteko krisiak gobernuaren etorkizuna bera jarri du atakan, Torrak ohartarazi duenez.
Presidentearen hitzaldiaren ostean, bost minutuz eten du bilkura Torrentek, taldeei hitza eman aurretik. Ciutadansek hitz egin du lehenik, eta Torrentek moztu egin behar izan dio Lorena Roldan bozeramaileari, Torrari «gaizkile» deitzeagatik. Parlamentuko presidenteak bilkura eten du hainbat minutuz.
Xavier Muro parlamentuko idazkari nagusiak Torrari diputatu akta kentzeko tramitea abiatu du gaur goizean. Idazkariak bide eman dio Espainiako Hauteskunde Batzordearen erabakiari. Urrats horren ostean, Bartzelonako Hauteskunde Batzordeak diputatu egiaztagiri bat igorri du JxCko zerrendan hurrengoa den Maria Senserrichen izenean, hark Torraren lekua har dezan. Torrari diputatu akta kentzeko 48 orduko epea emana zion Hauteskunde Batzordeak parlamentuari, eta epe hori bete ondoren jakin da idazkariak tramitea hasi duela. Parlamentuko mahaiak 12:30ean egin duen bileran onartu du neurria.
Gonzalo Boye Torraren abokatuaren esanetan, idazkari nagusiak gainditu egin ditu bere karguari dagozkion eskumenak, eta ohartarazi du haren jokabideak «ondorio juridiko-penalak» izan ditzakeela.
«Desobedientzia antzua»
Parlamentuko Mahaiak Torrari diputatu akta baliogabetzea onartu eta berehala, Sergi Sabria ERCko parlamentari bozeramaileak agerraldia egin du. Ziurtatu du Hauteskunde Batzordearen erabakia Torraren kontrako «bidegabekeria» bat dela, eta Torra diputatu gisa onartzen dutela «politikoki», baina erakundeak babesteko beharra nabarmendu du. «Desobedientzia antzu baten alde apustu egiten badugu, eta horrek bi osoko bilkura iraungo ditu, botere guztia estatuari emango diogu». Sabriaren esanetan, independentismoak ezin du «kontakizun magikoak elikatzen jarraitu; herritarrek ez dute merezi».
Azaldu duenez, ERCren proposamena da «Generalitateko presidente kargua blindatzea, Espainiako Hauteskunde Batzordearen erabaki bidegabea indargabetzeko borrokatzea eta parlamentuko bozketen eraginkortasuna ziurtatzea». Horretarako, Torraren botoa «eten» egin behar dela aitortu du. Sabriak parlamentuaren «paralisia» eragoztera deitu du. «Gobernatzen jarraituko dugula bermatu behar dugu».
2020ko aurrekontuen garrantzia
ERCk ohartarazi du «desobedientzia antzu» batek arriskuan jarriko lituzkeela parlamentuaren jarduna eta hurrengo asteetan egitekoak dituen bozketen balioa. Bozketa horien artean aipatu ditu Generalitatearen aurrekontuena eta Gloria ekaitzak eragindako kalteentzako diru laguntzena. ERCk «irtenbide adostu bat» galdegin du Torra eta parlamentuaren eguneroko jarduna babesteko. «Uste dugu aurrekontu batzuk merezi ditugula, eta horiek ez onartzea traizio bat izango litzateke», adierazi du Sabriak.
Kataluniak, egun, 2017ko aurrekontuak dauzka luzatuta. JxCren eta ERCren gobernuak 2020rako aurrekontuak adostea lortu du aurten, En Comu Podemekin. ERCk gidatu ditu negoziazio horiek, Pere Aragones presidenteordearen eskutik, eta errepublikanoek ez diote uko egin nahi lortutakoari.
Osoko bilkuran, egoerari buruzko balorazioa egin dute gainerako alderdiek ere, Torraren hitzaldiaren ostean. PSCko idazkari nagusi Miquel Icetak nabarmendu du gobernuko bi kideen arteko "zatiketa gaindiezina" azaleratu dela gaurko saioan.
Legealdia agortuta dagoela ziurtatu du En Comu Podemeko Jessica Albiachek ere, baina hauteskundeak deitu aurretik Generalitateak eta En Comu Podemek adostu dituzten aurrekontuak onartzeko eskatu dio Torrari. Gizarte beharrak larriak direla ohartarazi dio.
CUPeko Carles Rierak Torraren eskubideak bermatzeko eskatu dio parlamentuari, "herritar guztien eskubideak" defendatzeko. Rieraren esanetan, "pragmatikotasunak" eraman du gobernua egungo egoerara.
Alejandro Fernandez PPko diputatuak adierazi du Kataluniako prozesu subiranista JxCren eta ERCren arteko "borroka" besterik ez dela.
ANCk Torraren diputatu izaerari eusteko eskatu dio parlamentuari, eta ganberaren parean elkarretaratzera deitu du, «subiranotasuna» defendatzeko, osoko bilkura hasi den ordu berean.
Espainiako Hauteskunde Batzordeak urtarrilaren 3an ebatzi zuen Torraren diputatu kargua bateraezina dela Kataluniako Auzitegi Nagusiak desobedientziagatik ezarri zion zigorrarekin. Auzitegiaren kondena ez da irmoa oraindik, Torrak helegitea aurkeztu baitu Espainiako Auzitegi Gorenean, eta hark ez baitu erabaki oraindik. Epaia irmoa ez denez, diputatu akta erretiratzearen kontrako kautelazko neurriak eskatu zizkion Torrak Gorenari, erabakiak kalte atzeraezinak izango zituela argudiatuta. Gorenak, baina, Hauteskunde Batzordearen erabakia babestu zuen joan den ostegunean.
Parlamentuko zerbitzu juridikoen arabera, Torra presidente izan daiteke diputatu akta galduta ere, haren kontrako epai irmo bat ez den artean. Kataluniako presidente gisa aitortu dute gaurko osoko bilkuran talde guztiek, Ciutadansek eta PPk izan ezik.
Bihar, JxCren eta ERCren arteko azken krisia lehertu ondorengo egunean, espetxeratutako hainbat buruzagi independentista izango dira Kataluniako Parlamentuan. 155. artikuluaren ezarpena aztertzeko batzordean parte hartuko dute Oriol Junqueras, Jordi Turull, Raul Romeva, Dolors Bassa, Joaquim Forn eta Josep Rull Generalitateko kontseilari kargugabetuek.