Kataluniako ehundik gora diputatu, alkate eta zinegotzik salaketa bat aurkeztu dute Espainiako Auzitegi Konstituzionalak igandeko deialdia baliogabetu ondoren. CDC, UDC, ERC, ICV, EUiA eta NECat alderdietako ordezkariek Europako erakundeetara eta Nazio Batuen Erakundera eramango dute agiria.
Kataluniako Parlamentuan egin dute testuaren aurkezpena; horretan azaltzen dutenez, Kataluniako herriak, legezko arrazoi demokratikoengatik, "subjektu politiko eta juridiko subirano izaera du", eta, horrela, bere etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea aitortzen zaio.
Haien arabera, Espainiako Gobernuaren jarrerak "urratu" egiten du "osaera nazioaniztuna duten estatu demokratikoen eskubide eta praktika", eta, gainera, salatu dute gobernuaren aldetik ez dagoela borondate politikorik elkarrizketa eta negoziaziorako. Salaketa NBEra, Europako Parlamentura, Europako Batzordera, Europako Kontseilura eta Europako Lankidetza eta Segurtasunerako Erakundera igorriko dute.
Jordi Turull CIUren bozeramaileak esan duenez, salaketa sinatu dutenek Kataluniako gehiengo bat ordezkatzen dute, eta nabarmendu du oinarrizko eskubideen alde ari direla: "Nazio bat gara, eta erabakitzeko eskubidea dugu". Oriol Junqueras ERCko ordezkariak gaitzetsi egin du Espainiako Estatuak eta haren alderdi garrantzitsuenek duten jarrera "antidemokratikoa". Artur Mas Generalitateko presidenteak "lasaitasun mezua" igorri die herritarrei.