Kataluniako Diada

Kataluniako independentismoak batasuna berreskuratuko duela uste dute EH Bilduk eta EAJk

Kezka adierazi dute auzipetutako buruzagi independentistei emango dieten epaiarengatik, baina konfiantza agertu diote eragile independentisten batasuna berreskuratzeko ahaleginari.

Maddalen Iriarte eta Mertxe Aizpurua EH Bilduko kideak, Pere Aragones Kataluniako presidenteordearekin.
2019ko irailaren 11
06:55
Entzun

Euskal Herriko indar politikoen ordezkaritza zabala izan da Kataluniako Diada eguneko ekitaldietan. EH Bilduko eta EAJko ordezkariek babesa agertu diote Kataluniako prozesu subiranistari, eta kezka agertu dute auzipetutako buruzagi independentistei emango dieten epaiaren inguruan.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi du laster etorriko dela Kataluniako buruzagi politikoen aurkako auziko epaia, eta ohartarazi ebazpena gogorra izango dela. "Argi daukate epai horri gogor erantzun behar zaiola. Lanean ari dira era bateratuan erantzuteko, tsunami erara, eta Euskal Herrirari ere laguntza eskatzen digute herri gisa eta beraiekin batera erantzun diezaiogun epai horri".

Indar independentisten arteko desadostasunei buruz, Iriartek nabarmendu du Kataluniako prozesu subiranistaren gisako egoeretan akordioak ez direla errazak izaten. Iriarteren esanetan, Espainiako Estatuak "rol garrantzitsua" jokatu du batasunerako zailtasunei dagokienez, buruzagi independentisten espetxeratze eta erbesteratzeekin. Hala ere, nabarmendu du eragile independentistak "sekulako ahalegina" egiten ari direla batera jarduteko. "Nik uste dut lortuko dutela", adierazi du. Iriarteren iritziz, "garaia da Euskal Herria eta Katalunia gero eta gehiago elkarlanean aritzeko".

Kataluniako prozesuaren motorra herritarrak izan direla adierazi du Iriartek. "Herritarrek hartu dituzte arriskuak, herritarrak atera dira kalera, eta haiek bultzatu dute klase politikoa". EH Bilduko parlamentariak gaineratu du orain arteko bidea ez dela alferrik izango eta Kataluniako gizarteak "asko ikasi" duela. "Ziur nago bide berri bati ekiteko baliabide eta tresna berriak daudela orain".

Ortuzarrek nabarmendu du Kataluniako mugimenduari elkartasuna adieraztera joan direla bertara. "Estu eta larri gaude denok Kataluniako auziak berekin ekariko duen epaiaren zain, baina esero dugu epaiak lagunduko duela Kataluinako gizarteak bere bidean jarrai dezan". Ortuzarrek "irtenbide demokratikoa" galdegindu Kataluniarentzat, elkarrizketa eta akordioa oinarri izango dituena.

Ortuzarren esanetan, une honetan ez dago "behar den batasuna" Kataluniako eragile indenpendentisten artean. Hala izatea "normala" iruditzen zaio, ordea, egoera politikoa aintzat hartuta. Udal hauteskundeetan tentsio politikoa handitzea ulergarria dela adierazi du EAJko buruak. Orain, berriz, Kataluniako indar independentistek "bide berri bat" bilatu behar dutela uste du, "blokeoa gainditzeko". Bide hori bilatzeko orduan desadostasunak azaleratzea normala da, Ortuzarren esanetan. Hala ere, "funtsezko gaietan" adostasuna dagoela deritzo.

Arratsaldean egingo dute Diada eguneko manifestazioa, Independentzia helburu lelopean. ANCko buru Elisenda Paluziek aurreratu duenez, dagoeneko 450.000 pertsonak eman dute izena parte hartzeko. Iaz Diagonal etorbidean egin bezala, zatika banatuko du Kale Nagusia, Gracia pasealekuaren eta Espainia plazaren artean. Ekitaldia bera 17:14an hasiko da, borboitarrek Katalunia konkistatu eta hango instituzioak indargabetu zituzten urtea oroitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.