KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Kataluniako Parlamentuak kargutik kendu egingo du iruzurraren aurkako bulegoko zuzendaria

Mariano Rajoyk ukatu egin du Espainiako Barne ministroaren eta Kataluniako iruzurraren aurkako bulegoko zuzendariaren arteko elkarrizketaren berri zuela: "Arazoak sortu nahi dituzte ez dauden lekuan".

Mariano Rajoy eta Jorge Fernandez Diaz. QUIQUE GARCíA / EFE
jon olano
2016ko ekainaren 22a
07:39
Entzun

Kataluniako iruzurraren aurkako bulegoko zuzendari Daniel de Alfonsorekin elkarrizketa bat izan duela aitortu du Jorge Fernandez Diaz Espainiako jarduneko Barne ministroak, eta "lankidetza leial eta instituzionalean" kokatu du argitaratu den elkarrizketa hori.

Salatu du hauteskundeak egiteko egun gutxiren faltan argitaratu dituztela 2014ko elkarrizketa batzuen grabaketak, eta erantsi du horrek "helburu politikoa" duela. "Testuingurutik atera" dituztela erantsi du, eta salatu bere dimisioa eskatu dutela "Bildutik Ciudadanosera". Bere burua jo du "konspirazioaren biktimatzat".

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak ere hitz egin du auziaz: "Bada jendea arazoak sortu nahi dituena ez dauden lekuan". Esan du Fernandez Diaz babesten duela —"noski"—, eta esan du asteartera arte ez zuela argitaratu den elkarrizketaren berri: "Ez nekien nor zen ustelkeriaren aurkako bulegoaren arduraduna; ez nekien kargu hori zegoenik ere".

Ordea, hitzetatik harago joan da Kataluniako Parlamentua eta PPk ez beste alderdi guztiek eskatu dute De Alfonso kargugabetzeko. Hala, bihar goizean bilduko da Gai Instituzionaletarako Batzordea eta bertan azalpenak eman beharko ditu De Alfonsok. Dena den, haren azalpenak edozein direla ere, ziurtzat ematen da batzordeak kargugabetzea berretsiko duela. 

"GAL mediatikoa"

Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidentea izan da Fernandez Diazen dimisioa eskatu dutenetako bat. "GAL mediatikotzat" eta "gerra zikintzat" jo du Fernandez Diaz eta De Alfonsoren asmoa: "Azken urteetako eskandalu demokratiko handienetako baten aurrean gaude, denok ordaindutako bitarteko publikoak irizpide politikoekin erabili direlako gerra zikina eraikitzeko, eta hori onartezina da".

Puigdemonten hitzei erantzun die Fernandez Diazek: "Batzuek prozesu independentista zigorgabetasunarekin nahasten dute".

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen kanpaina amaitzeko bi egun aurretik zabaldu dira ministroaren elkarrizketak, eta oihartzun handia izan dute Katalunian nahiz Espainian. Pedro Sanchez PSOEko presidentegaiak, Pablo Iglesias Unidos Podemosekoak eta Albert Rivera Ciudadanosekoak Fernandez Diazen dimisioa eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.