Katalunian adierazpena onartu orduko joko du Madrilek Konstituzionalera

Ciudadanos, Podemos eta PPko buruzagiak hartu zituen atzo Rajoyk.Espainiaren batasuna babesteko akordioak lantzen ari da gobernua

Pablo Iglesias eta Mariano Rajoy, atzo, Moncloako jauregian. BALLESTEROS / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 31
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuan Espainiarekin hausteko adierazpen proposamenaren eztabaida ahal beste atzeratzen ari da PP, talde parlamentarioa osatu arte mahaiak ezin baitio Junts Pel Sik eta CUPek adostutako adierazpenari bidea eman. Hurrengo osteguna arteko epea du Kataluniako PPk taldea osatu eta diputatu bozeramailea izendatzeko, eta segidan eramango du bozketara Kataluniako Parlamentuak errepublika independente bat sortzearen aldeko proposamena. Azaroaren 9a baino lehen, ahal izanez gero, eta astelehenean bertan bestela, Generalitateko presidentea aukeratzeko lehenbiziko bozketa egingo duten egunean bertan.

Legeak ematen dion tartea agortzeko prest dago Kataluniako PP, denbora irabazteko. Baina, Kataluniako Parlamentuak haustura adierazpena onartuko balu, «berehala» joko du Mariano Rajoyren gobernuak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera, atzo Soraya Saenz de Santamariak jakinarazi zuenez. Konstituzioaren 161. artikulua aintzat hartuta, adierazpen subiranista baliogabetzeko eskatuko dio PPko gobernuak Konstituzionalari.

Ciutadans eta PSCren talde parlamentarioek eta PPko diputatuek Kataluniako Parlamentuko mahaiari jada adierazpena tramiterako ez onartzeko eskatu dietela ere nabarmendu zuen Saenz de Santamariak, eta, haien eskariak ezetsiz gero, diputatuek beraiek ere Auzitegi Konstituzionalean babes helegite bat aurkezteko aukera badutela nabarmendu zuen Espainiako presidenteordeak, haien eskubide parlamentarioak urratu dizkietela argudiatuta. Junts Pel Siren eta CUPen adierazpena gaur egun dagoen gisan onartuko balu Kataluniako Parlamentuak «oso larria» litzatekeela gaineratu du Saenz de Santamariak, legea betetzeari muzin egiteko eskatzen duelako.

Rivera eta Iglesias Moncloan

Kataluniako independentismoaren «desafioa» estatu-arazo gisa hartu du Rajoyk, eta Espainiako Konstituzioaren eta lurralde batasunaren alde indarrak biltzeko bilera txanda bat hasi du alderdi politikoetako ordezkariekin. Asteazkenean Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiarekin bildu zen, eta atzo Albert Rivera (Ciudadanos), Pablo Iglesias (Podemos) eta Maria Dolores de Cospedal (PP) hartu zituen Moncloan Espainiako presidenteak.

Riverak «Espainiaren aldeko ituna» proposatu zion Rajoyri, eta Sanchezi ere planteamendu bera egingo diola esan du, abenduaren 20ko hauteskundeak irabazten dituenak irabazten dituela, Espainia «ez dela ukituko eta ez dela hautsiko» bermatzeko. Iglesiasek, berriz, uko egin dio «sezesionismoaren kontrako fronte batean» parte hartzeari.

Alberto Garzon (IU),Andres Herzog (UPD) eta Josep Antoni Duran i Lleida ere hartuko ditu Rajoyk Moncloan, astelehen eta asteartean, eta gobernu presidenteak bilera sorta hori bestelako gizarte eragileekin ere partekatu nahi duela azaldu zuen atzo Saenz de Santamariak.

CDCk eta ERCk, berriz, I-27ko bozetan Junts Pel Si zerrenda subiranistan aurkeztu ostean, abenduaren 20ko hauteskundeetan nor bere aldetik joango direla argitu dute, independentziaren aldeko esparrua zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.