ANCko lehendakariorde Agusti Alcoberro eta Marcel Mauri Omniumeko bozeramailea izan dira pankarta eraman dutenetako bi. Haiekin batera, Taula per la Demokraciako hainbat ordezkari zeuden, esate baterako CCOO eta UGTren Kataluniako buruak. Lerro bat atzerago Generalitateko kide guztiak joan dira, Carles Puigdemont Generalitateko presidentea buru zutela. Hark ez zuen manifestaziora joateko asmorik hasieran, baina joatea erabaki du azkenean.
Jendetza handia elkartu da, eta ibilbidean aurrera egin ezinda egon dira asko. Orain arteko mobilizazioetan baino haserreago ageri zen jendea, baina horregatik ez dio baketsua izateari utzi manifestazioak. Hainbat oihu entzun dira, jada ezaguna den "els carrers seran sempre nostras" (kaleak beti gureak izango dira), "askatasuna" eta "independentzia" besteak beste. "Urrats bat ere ez atzera" eginez hasi dira, eta "aurrera urrats bat" esanez amaitu dute.
Marcel Mauri Omniumeko bozeramaileak hitzaldi hunkigarria egin du manifestazioaren amaieran, mezu argi batekin: "Instituzioak gu gara". Espainiari ohartarazi dio indarkeriarekin ez duela ezer lortuko, Katalunia "herri baketsua" delako. Eta argi esan du: "Ez dira pasatuko". "Ez dira pasatuko herri bat garelako, ez dira pasatuko inoiz gehiago. Ez dira pasatuko, irabazi egingo dugulako". ANCko Agusti Alcoberrok ere hitz egin du, eta esan du ezin dela onartu preso politiko gehiago izatea. Eta hark ere Espainiako Gobernuari mezua: "Atxiloketen helburua gizarte mugimenduak beldurtzea zen, baina ez dute lortu". Katalanen indarra elkartuta egotean dagoela esan du, eta halaxe jarraituko dutela: "Jordien askatasuna eskatzeko eta Kataluniarena lortzeko".
Taula per la Democraciak ere azpimarratu du ez dutela Espainiako Gobernuaren erabakia onartzen, eta instituzioak defendatzera dei egin du.