Beste behin, ia-ia aldi berean iritsi dira abisua eta erasoa. Israelgo armadak eguerdian jakinarazi du datozen egunetan «bonbardaketa kanpaina bat» hasiko duela Gaza hirian, Hamasen «ezkutaleku eta topaleku» bilakatu diren eraikinak birrintzeko. Bada, ohartarazpena zabaldu eta gutxira, Israelek jaurtitako bonba batek bete-betean jo du hiri horretako Muxtaha irrati dorrea; hots, Gaza hiriko eraikin altuenetako bat. Besteak beste, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek eman du abisua, sare sozialen bidez, eta mehatxu bat ere egin du: «Infernuko atea irekiko dugu Gazan». Halaber, arratsaldean hiriko dorrerik altuena husteko agindua ere eman du armadak, Al-Jazeera hedabideak kaleratu berri duenez; 65 etxebizitza dauzka eraikinak.
Muxtaha dorreko bonbardaketa justifikatu nahian, Israelgo armadak argudiatu du Palestinako erakunde islamistak Israelen aurkako erasoak antolatzeko erabiltzen zuela Muxtaha dorrea, baita horren azpian tunel bat zuela ere, erasoak egin ondoren ihes egiteko. Komunikatu horretan, gainera, Hamasi egotzi dio azpiegitura zibilak baliatzea «ekintza terroristak» aurrera eramateko. Sare sozialen bidez, Hamasi mintzatu zaio Israelgo Defentsa ministroa ere: «Infernuko atea ez da itxiko Hamaseko hiltzaileek eta bortxatzaileek Israelen exijentziei men egin arte». Exijentzia horiek lirateke, hain justu, gatibu guztiak askatzea eta erakundea armagabetzea.
Hamasek dagoeneko eman dio oniritzia bitartekariek —AEBak, Egipto eta Qatar— ondutako menia proposamenari; Israelek, baina, ez du esan onartzen duen edo ez. Zalantza hori argitu ordez, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk hilabete pasa iragarri zuen beren hurrengo helburua dela Gaza hiria okupatzea. Horretarako, Israelek hainbat tropa bideratu ditu hara; are, atzo jakinarazi zuenez, dagoeneko Gaza hiriaren %40 armadaren kontrolpean dago.
Hilabete eskas falta da Israelek Gazaren aurka abiatutako sarraskia hasi zenetik bi urte betetzeko, eta Tel Aviven aurkako presioa areagotzen ari da, bai nazioartean, bai herrialdean bertan. Bahituen eta Desagertuen Familien Foroak komunikatu bat zabaldu du gaur, eta gogorarazi du 700 egun igaro direla 2023ko urriaren 7az geroztik, eta ordutik 48 pertsona oraindik ere gatibu daudela. Beste behin, Israelgo Gobernuari egin diote eskaera: «Su-eten proposamen bat dago mahai gainean; horren bidez soilik izango da posible gatibu guztiak askatzea, horren bidez soilik izango da posible gerra amaitzea».
Foro horrek deituta, Tel Aviveko Gatibuen plazan elkartu dira gaur ehunka ekintzaile eta manifestari. Eta, horrekin lotuta, bideo bat kaleratu du Hamasek, gaur goizaldean. Horretan, bi gatibu israeldar agertzen dira, auto baten barruan; haien arabera, Gaza hirian daude, eta eskatzen diote gobernuari onar dezala tregoa proposamena. Netanyahuk bi horien gurasoekin hitz egin du gaur telefono bidez, eta kaleratu duen oharrean esan du «bideo maltzurrek» ez dutela «ahulduko». Erantsi du, Hamasek Israelen exijentziak onartuz gero, «berehala» buka daitekeela Gazaren kontrako erasoaldia.
Bien bitartean, Israelgo armadak jarraitzen du etenik gabe Gazari eraso egiten. Zerrendako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, gaur 51 pertsona hil dira; horietatik zazpi adingabeak ziren. Hala, 2023ko urriaren 7az geroztik, Israelek 64.300 pertsona baino gehiago hil ditu Gazan, eta 162.000tik gora zauritu.
Finlandiaren urratsa
Sinatzaile bat gehiago izango du Frantziak eta Saudi Arabiak uztailaren 29an aurkeztutako New Yorkeko Adierazpenak: Finlandia. Horixe iragarri du gaur Finlandiako Atzerri ministro Elina Valtonenek, sare sozialen bidez: «Frantziak eta Saudi Arabiak sustatutako prozesua azken urteetan nazioartean egin den ahalegin handienetako bat da».
Adierazpen horrek bi estaturen konponbidea babesten du, eta, hori lortze aldera, jarraitu beharreko hainbat pauso zehazten ditu: Israelen segurtasuna bermatzea, Hamas armagabetzea eta Israelgo tropak Gazatik ateratzea, besteak beste. Edonola ere, Valtonenek argitu du adierazpen horrekin bat egiteak ez duela esan nahi Finlandiako Gobernuak luze gabe Palestinako Estatua aitortuko duenik.
Hori egiteko inolako asmorik ez duten herrialdeetako bat dira, kasurako, AEBak; Israelen aliaturik eta defendatzailerik handiena izateaz gain, Washingtonek Palestinako politikari, herritar eta elkarte zibilen aurkako neurriak hartu baititu azken hilabeteetan. Horietan azkena, gaur: zigorrak jarri dizkie Palestinako hiru GKE gobernuz kanpoko erakunderi; hain justu, Palestinako Giza Eskubideetarako Zentroa, Al-Haq eta Al-Mezah elkarteei, Gazaren inguruko auzian NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiarekin kolaboratzeagatik. Neurri hori gaitzetsi du Volker Tuerk OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandatariak: «Elkarte horiek urteak daramatzate funtsezko lan bat egiten giza eskubideen urraketen arloan; zigorrak onartezinak dira».
EGIPTOK ESAN DU EZ DUELA PALESTINARREN DESPLAZAMENDU MASIBOA ONARTUKO
Argi esan du Egiptoko Atzerri ministro Badr Abdelattyk: Kairok ez du, «inondik inora ere», onartuko Gazako herritarrak masiboki desplazatzea. «Desplazamendua ez da aukera bat; are, marra gorri bat da Egiptorentzat, eta ez dugu utziko horrelakorik gertatzerik», adierazi du Atzerri ministroak, Zipren egindako prentsaurreko batean. Argudiatu duenez, desplazamenduak bide emango lioke palestinarren «garbiketa etnikoari», eta ez dago horrelako ekintza bat justifikatzeko oinarri «juridikorik edo etikorik». Horrez gain, Israelgo Gobernuari leporatu dio Gazan «genozidio bat» egitea.