Umar Farooq. Kaxmirko buruzagi independentista

«Kaxmir da munduko lekurik arriskutsuena, bi potentzia nuklearren gudu zelaia baita»

Indiako armadak independentisten protestei gogor egin die aurre, eta 106 lagun hil ditu uda honetan; soldaduek zigorgabetasunez jokatzen dutela salatu du Hurriyateko Konferentziako buruak

2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Pakistan eta India artean erabaki beharrean, Kaxmir burujabe baten alde egiten dute bertako herritar askok. Hain zuzen, talde horretako moderatuen bozeramaile nagusia da Umar Farooq mirwaiz-a (Srinagar, Kaxmir, 1973). Farooqek eragin handia du lurraldean: Alderdi Guztien Hurriyateko Konferentzia koalizio independentistako buruzagia izateaz gain, mirwaiz titulua du; bera da Kaxmirko apaiz musulmanen burua. Indiak berak aitortzen dio buruzagitza, eta etxeko atxiloaldia ezarri zion uda hasieran. Gatazkaz duen ikuspuntua eskaini dio Farooqek BERRIAri.

Zer aldarrikatzen du Hurriyateko Konferentzia (HC) koalizioak?

HC Kaxmirko 23 erakunde sozial eta politikoren aliantza da, eta eskatzen duguna da momentu honetan Pakistan eta Indiako bost administraziotan banatutako Kaxmir batzea eta bertako herritarrei autodeterminazio eskubidea aitortzea. Horrela erabakiko genuke zer nahi dugun: Indiarekin edo Pakistanekin bat egin, edota independentzia lortu.

Zergatik nahi duzue independentzia?

Herritar gehienek nahi duena delako. Ez diogu guk bakarrik: inkesta askok, Indiako nahiz nazioarteko kazetariek eginak, erakusten dute herritarren %80k baino gehiagok independentziaren aldeko hautua egiten dutela. Indiak indarrez okupatu zuen Kaxmir, eta gaur egun 700.000 soldadu mantentzen ditu lur hauetan. Ez dago lurralderik munduan horrelako militarizaziorik pairatzen duenik. Herritarrek askatasuna nahi dute: Kaxmir desmilitarizatzea eta erabakitzeko eskubidea izatea.

Zein ordezkaritza du koalizioak erakundeetan?

Hurriyateko Konferentziak ez du hauteskundeetan parte hartzen. Ez dugu sinesten Indiako Konstituzioaren arabera antolatutako hauteskundeetan, Konstituzio horrek debekatzen baitu autodeterminazioaren aldeko proiektu batekin aurkeztu ahal izatea.

Zergatik okertu da gatazka azken hilabeteetan?

Indiako armadaren presentzia horren itogarria da ezen jendea protestan irten baitzen kalera. Protestak era baketsuan hasi ziren, kalean eserialdiak eginez, esate baterako. Alabaina, Poliziak era oldarkorrean egin du aurka, eta ehun pertsonatik gora hil ditu, haurrak tartean.

Indiako Parlamentuko delegazio batekin bildu zarete arestian. Zer eskatu zenioten?

Delegazioari jakinarazi genion guretzat Kaxmir ez dela Indiako parte bat, baizik eta auzipeko lurralde bat. Eta eskatu genion Indiako herritarrei hori erakusten hastea. Delegazioari eskatu genion Kaxmir desmilitarizatzea; armadak zigorgabetasuna dauka hemen, nahi beste bortxaketaegiten ditu herritarren aurka, inolako legezko ondoriorik gabe. Zigorgabetasuna eta oinarrizko eskubideen urraketak bukatzeko eskatu genien Indiako parlamentariei, baita kartzelatutako presoak askatzeko ere. Bukatzeko, jakinarazi genien gatazka hau ez daitekeela ez Indiako ez Pakistango konstituzioak kontuan hartuta konpondu. Guk bi konponbide baino ez dizkiogu ikusten: Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak ezartzea, edo Indiaren, Pakistanen eta Kaxmirren arteko hiruko elkarrizketak abiaraztea.

Zein erantzun jaso zenuten Indiako parlamentariengandik?

Esan ziguten Kaxmirko egoeraren berri emango ziotela Indiako Parlamentuari. Baina independentzia haien eskumenetik kanpo zegoela berretsi ziguten; Indiako Konstituzioa errespetatu beharra zeukatela eta gehienez ere autonomiaz ahalko zutela hitz egin. Guk, baina, ez dugu autonomiarik nahi, horregatik ikusten dugu konponbidearen bidean Konstituzioa alde batera uzteko beharra. Indiak interes berezia du gehiengo musulmaneko estatu bakarrari Errepublikaren menpe eusteko, nazioartean eskaini duen irudi laikoa bermatzeko. Baina guk egiaztatu dugu Indiak ez dituela gutxiengoak errespetatzen.

Etxeko atxiloaldian zaude orain dela hiru hilabetetik. Zergatik?

Beste buruzagi independentista batzuekin batera herritarrei dei egin genielako era baketsuan desobedientzia zibilari ekiteko, Indiako armadari eskatzeko gehiegikeriak utz ditzan. Ramadanaren amaierako ospakizunean ateratzeko baimena izan nuenean, 100.000 pertsona bildu ginen prozesioan askatasuna eskatzeko. Hori da nahi ez dutena: herritarrekiko kontaktua galarazi nahi digute.

Indiak terrorista izengoitia jartzen dizue independentistoi.

Al Kaedarekin harremanak ditugula, Pakistanek laguntzen gaituela... Indiako Gobernuak modu askotara zikindu nahi du gure irudia, baina gure bidea baketsua da: Kaxmirko arma bakarrak Indiako armadako soldaduenak dira. Azken hogei urteetan 8.000 pertsonatik gora hil dira Kaxmirren...

Nora arteko eragina du erlijioak gatazkan?

Kaxmirkoa gatazka politikoa da, ez erlijiosoa. Zenbait sektorek interesa zuten esateko gu erlijio helburuengatik borrokatzen garela. Argi dago Kaxmirren herritar gehienak musulmanak direla. Baina gu gure eskubide politikoen alde borrokatzen gara, eta horiek lortzen ditugunean lurralde honetan bizi diren pertsona guztientzat izango dira, izan musulman, hindu edo budista.

India, Pakistan eta Txina: hiru potentzia nuklearren artean aurkitzen zarete. Nondik etor liteke gatazkaren konponbidea?

Nazioartean adibide ugari daude erakusten dutenak herritarren nahia ezin dela indarraren bidez zapaldu; Ameriketako Estatu Batuek Afganistan edo Iraken izandako porrota ikustea besterik ez dago. Elkarrizketa da bidea, eta alderdi guztiek hitz egitera jesarri beharko dute.

Zer eginkizun izan lezake nazioarteko komunitateak bakegintzan?

Nahiko atsekabetuta gaude nazioarteko eragileen jokaerarekin: hitz egiten dute Palestinaz, Irakez, Afganistanez... baina Kaxmir ez dute aipatzen. Ez dute India eragotzi nahi, duen botere ekonomiko handiagatik. Baina konturatu beharko lirateke Kaxmir gaur egun Lurreko lekurik arriskutsuena dela: hemen bi potentzia nuklear daude aurrez aurre. Kaxmir da munduko lekurik arriskutsuena; bi potentzia nuklearren gudu zelaia baita.



Indiaren jaiotzarekin hasitako gatazka odoltsuaren ondorioak

Himalayaren hego-mendebaldean kokatuta, Kaxmirko lurrak India, Pakistan eta Txina artean daude banatuta. Errumaniaren antzeko eremuan 13 milioi pertsona bizi dira, gehienak Indiako Jammu eta Kaxmir estatuan.

Gatazka armatua 1947an piztu zen: Indiak independentzia lortu eta segituan, gehiengo musulmaneko lurraldeak banatu zitzaizkion, Pakistan sortzeko. Kaxmir ere gehiengo musulmanekoa izan arren, Indiak zati bat okupatu zuen, eta Pakistanek, bestea. Ordutik bi potentziak hiru gudatan borrokatu dira: Indiak beretzat aldarrikatzen du Kaxmir osoa, eta Pakistanek, aldiz, lurraldearen autodeterminazio eskubidea defendatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.