Pakistan eta India artean zatitua den Kaxmir herrialdea eta Pakistan iparraldeko beste eskualde batzuk gehien bat astindu zituen lurrikarak bi milatik gora lagun hil zituen atzo, behin-behineko balantze baten arabera. Afganistanen ere kalteak eragin zituen lurrikarak. Richter eskalan 7,6koa izan zen eta epizentroa Kaxmirren izan zuen; zehazki, Pakistanen menpeko Azad Kaxmirko Patan eskualdean. Hondamendiak sortutako kaosak zail egiten zuen balantze zehatz bat egitea eta biktimen kopurua nabarmen larriagoa bihur daiteke hurrengo orduetan.
Astinaldi indartsuena goizeko 08:53an (05:53 Euskal Herrian) gertatu zen eta bizpahiru minutu iraun zuen. Epizentroa Azad Kaxmirreko Patan eskualdean izan zuen, Muzaffarabad hiri nagusitik hurbil, Pakistango hiriburu Islamabadetik 95 kilometro iparraldera, eta Indiaren menpeko den Jammu eta Kaxmir estatuko hiriburu Srinagarretik 125 kilometro ekialderat. Hortaz, Kaxmirrek ditu lurrikara honen ondorio larrienak pairatu. Guztira, atzo iluntzeko datuen arabera, Azad Kaxmirreko zazpi barrutietatik bostetan kalteak oso larriak ziren eta biktimak ugari. Haatik, Pakistan iparraldeko Hindu Kusheko mendialdean eta Afganistango Sharbag eta Shapliargo barrutietan ere biktimak eta kalteak eragin zituen lurrikarak.Pakistango Barne ministro Aftab Ahmed Sherpaok lurrikara gertatzetik lehen orduetan «ehunka hildako» izan zitezkeela adierazi zuelarik, Armadako eledun Shaukat Sultan jeneralak, aldiz, balantzea nabarmen larriagoa gerta zitekeela ohartarazi zuen, arratsalde hasieran. «Hildakoen kopurua hainbat milatakoaizan daiteke; biktima asko eta asko egon daitezke, baina orainokoan ezin dugu datu zehatzik eman», esan zuen Shaukat Sultan jeneralak. Lurrikarak eragindako luiziek bideak moztu eta komunikazio bitartekoak eten zituztelarik, informazioak jasotzea oso zaila zen.
Dena den, kalte handienak Bagh eta Masherako barrutietanizan zirela zirudien, horietan hainbat herri ia osoki suntsituta izan zirelarik, lur astinaldiaren ondorioz. Lurrikara honen eragin larrienetatik bat Masherako barrutian gertatu zen, bi eskola erori baitziren; 400 haur inguru hil ziren. «Hirurehun ume hil dira lehen eskola bat lurreratuta eta beste berrogeita hamar bat beste ikastetxe batean, gauza bera gertatuta», zehaztu zuen Mashera barrutiko Polizia arduradun nagusi Riffat Pahsarrek. Kaxmirrez gain, Pakistan iparraldeko Hindu Kush mendialdeko barrutietan ere kalteak eta heriotza eragin ditu lurrikarak. Eskualde horietan ere hildakoak ehunka izan zitezkeela iritzi zioten agintariek atzo iluntzean.Pakistango hiriburu Islamabaden ere ondorioak izan zituen lurrikarak, 12 solairuko Margalla etxebizitza dorrea erori baitzen. Beste egoitza bati ere gauza bera gertatu zitzaion. Eroritako etxe eta bizitegietako apurkinen artean, biktima ugari izan zitezkeen susmoa bazen. Pakistango presidente Pervez Musharraf eta Shaukat Aziz lehen ministroa izan ziren lurreratutako egoitzaren ikuskatzerat. Egoerari aurre egiteko neurriak finkatzeko, Gobernuak premiazko bilera egin zuen arratsaldean.
Beste 18 astinaldi
Jammu eta Kaxmir ere larri astindu eta hondatu zuen lurrikarak. B.B Vyas Polizia agintari gorenak emandako lehen datuen arabera, 2.700 etxebizitzatik gora hondatuta edo andeatuta geratu ziren. Ondorioz, 300 lagunetik gora hil zirela eta beste 800 baino gehiago zauritu zirela gaineratu zuen arduradun horrek. Behin betiko balantzea nabarmen larriagoa izan zitekeela ohartarazi zuen, hala ere.
Hildakoen artean daude Jammu eta Kaxmir eta Azad Kaxmir arteko muga zaintzen duten Indiako Armadako soldatuetatik hogei bat, horiek luizi batean harrapatuak izan zirelarik. Luizi horien ondorioz ere, Jammu eta Kaxmir zeharkatzen duten bi errepide moztuta geratu ziren. Srinagarko milaka bizilagun kalera irten ziren astinaldiak nabaritu zituztelarik, etxebizitzak lurreratu egingo ziren beldurrez. Euren etxeetatik ihes egin zutenetatik asko meskita edo tenpluetan gerizatu ziren.Atzo arratsaldeko informazioen arabera beti, Afganistanek izan zituen kalte gutxien. Haatik, bi haur hil zirela zehaztu zuen Jalalabadeko administrazio arduradun batek. Barne Ministerioko eledun batek Kabuldik jakinarazi zuenez, berriz, dozena bat etxe deseginak edo hondatuak izan ziren Sharbag eta Shapliargo barrutietan.Nolanahi ere, Kaxmirren batik bat biktimen kopurua nabarmen handiagoa bilaka daiteke, hurrengo orduetan. Lurrikarako astinaldi nagusia gertatzetik landa, atzo iluntzea tartean beste 18 erreplika zenbatu zituztenfenomeno hauek aztertzen dituzten egitura bereziek. Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zentroak (USGC) zehaztu zuen lurrikara oso indartsua izan zela, epizentroa lur azaletik 10 kilometro barnean bakarrik zegoelakotz. Hurrengo orduetan beste astinaldi gogorrik gerta daitekeela ohartarazi zuen.
Lurrikara larrienak
1993ko irailaren 31: India hego-mendebaldean 40.000 pertsona hil zituen 6,4 graduko lurrikarak.
1999ko abuztuaren 17a: Turkiako Istanbul hiria suntsitu zuen 7,4 graduko lurrikarak eta 30.000 hildakotik gora eragin zituen.
2001eko urtarrilaren 26a: Gujarat eskualdean (India) 30.000 hildakotik gora eragin zituen 6,9 graduko lurrikarak.
2003ko abenduaren 26a: Irango Bam hiria erabat suntsituta geratu zen eta 26.000 lagun hil ziren.
2004ko abenduaren 26a: Asia hego-ekialdean 273.000 hildako eta desagertu utzi zituen 8,9 graduko dardarak eragindako olatu erraldoiak.
2005eko urriaren 8a: Milaka hildako eragin zituen Kaxmirren izandako 7,6 graduko lurrikarak.
Kaxmirko lurrikarak gutxienez 2.000 hildako eragin ditu Asian
Pakistan iparrean ere kalte handiak eragin ditu, eta gutxiago Afganistanen; 7,6ko maila zuen Richter eskalan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu