KAXMIR

Kaxmirko mugak ez direla aldatukoesan du New Delhik

Indiako Armadak mila soldadu inguru erretiratu ditu Kaxmirtik

Erredakzioa
2004ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
«Indarkeriaren aurka dauden kaxmirtarrekin» batez ere, talde islamistekin baldintzarik gabe hitz egiteko prest dagoela azaldu zuen atzo Indiako lehen ministroak, Manmohan Singhek, baina Indiako mugak ez dituela aldatuko ere argi utzi zuen. Era berean, talde islamisten erasoak gutxitzen badira, tropa indiarrak ere murrizten joango direla jakinarazi zuen. Singh Kaxmirrera bisitan iristear zela istiluak izan ziren kalean. Indiako soldaduen eta ustezko bi militanteen artean.

Singhek azpimarratu zuenez, New Delhik elkarrizketa segurua nahi du Islamabadekin, «argi ez dauden kontuak» argitu nahi dituelako. Gogorarazi zuenez, bere gobernuak Pakistanekin elkarlana du abian Kaxmirreko biolentzia bukatzeko asmoz. Gainera, Indiako gobernuaren helburua, bakea lortzea dela ere esan zuen ministroak. Aitortu zuenez, jakina da kaxmirtarrek sufrimendua bizi dutela 1989urtetik, Himalayako eremu honetan matxinada hasi zenetik hain zuzen. Zifrei erreparatuz, 40.000 pertsona baino gehiago hil dira orain arte Kaxmirreko lurretan. Indiak eta Kaxmirrek elkarrekin lana eginez gero, «Kaxmir berria» sortuko dutela ziurtatu zuen Singhek. Dena dela, Kaxmirren independentzia ez du onartzen Indiako gobernuburuak, beraz orain arteko mugek hor jarraituko dute aurrerantzean. Hontaz aparte, lehen ministroaren bisita ofizialak hainbat helburu zituela ziurtatu zen. Horien artean, ekonomia suspertzea, bertako gobernua aldatzea, enpresa mundua bere onera ekartzea eta gizarte zibilaren instituzioak indartzea. Garrantzitsuena kaxmirtarrenen arteko bakea lortzea dela adierazi zuen Singhek. Bisita ofizialaren aurretik, lehengo astean, Indiako tropek bi militante hil zituzten Kaxmirren, Srinagar hirian.

Indiako tropak Kaxmirtik ateratzen hasi dira

Lehenengo Indiako tropak atzo goizean ateratzen hasi ziren Anantnag herrialdetik. 1.000 soldadu inguru izan ziren hain zuzen lurraldetik atera zirenak. Dena dela, 180.000 eta 350.000 Indiako tropetako soldadu geratzen dira oraindik Kaxmirreko lurretan erasorako prest. Horien artean aurkitzen dira paramilitarrak.

Indiako tropak erretiratzen hasteak hainbat iritzi sortu ditu Pakistango lurraldean. Batetik, Pakistango Atzerri ministerioaren bozeramaile Masud Janek Indiako tropen murrizketa albiste pozgarritzat hartu zuen. Hala, tropak gutxitzea «positiboa» eta «aurrerapausua» dela azaldu zuen. Janen ustez, hau hasi besterik ez da egin, ondorioz, tropak gutxitzen jarraituz gero, arazoak konpotzen joango lirateke. Bestalde, Janek aurrerapausu garrantzitsutzat hartu zuen Pakistango presidente Pervez Musharrafen eta Indiako lehen ministro Manmohan Singhen artean irailaren 24an egindako elkarrizketa. Gaineratu zuenez, arazoak konpontzeko, elkarrizketa da bide bakarra. Herritarren eskubideak ere babestu behar direla argi azaldu zuen. Kaxmirreko beste buruzagi politikoek ere Indiako tropen murrizketa berri ontzat hartu dute. Azpimarratu dutenez, Kaxmirreko egoera politikoa aldatzea beharrezkoa da. Horretarako, baina, armak alde batera utzi behar direla eta mahai gainean elkarrizketaren proposamena jarri behar dela adierazi dute.Izan ere, Kaxmirrek orain arte bizi izan duen egoera latza izan da urte askotan zehar. Bi gerra ere izan dira tartean. Aurten, urtarrilean, elkarrizketaren eta bakearen aldeko negoziazioak hasi ziren.Bestetik, Jihad Kontseilu Independienteko kidea den Syed Salah-ud-Dinek ere egin zituen adierazpenak Singh ministroaren bisitaren inguruan. Elkarte honetako ordezkariak Indiako tropak «mundua hankaz gora» jartzen eta errepresioa bultzatzen saiatzen ari direla azaldu zuen.Dena dela, negoziazioak ez dira geldituko. Pakistango lehen ministroa Shaukat Aziz, Indian izango da hurrengo astean Kaxmirri buruzko bake elkarrizketak bideratzen segitzeko helburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.