Batasunaren Egoeraren eztabaidaren hirugarren saioa egin dute bart AEBetako Kongresuan, eta Donald Trump presidentea eta Nancy Pelosi Kongresuko burua keinu borrokan murgildu dira.
«Beste lau urte» oihuka eskatuz hartu dute kongresukide errepublikanoek Trump, udazkenean hauteskundeak daudela gogoratuta. Etxe Zuriko burua hizlarien lekura igo denean, Pelosik eskua luzatu dio, baina Trumpek ez dio bostekoa eman. Hitzaldi baikorra egin du ondoren presidenteak. Ekonomiaren egoera goraipatu du, eta langabezia asko jaitsi dela. «Kementsu gaude oraindik. Eguzkia irteten ari da oraindik. Jainkoaren graziak argitzen gaitu oraindik», esan du Trumpek. «Eta, herrikideok: hoberena etortzeko dago», hitzekin amaitu du hitzaldia.
Pelosik, orduan, kameren aurrean eta Trumpen atzean, presidentearen hitzaldia zeukaten paperak apurtu ditu. «Egin nezakeen gauzarik dotoreena izan da, beste aukerak kontuan hartuta», erantzun du Pelosik gero, hitzaldia zergatik apurtu duen galdetu diotenean. «Apurtu egin dut, hartan egiazko hitz bakar bat topatzen saiatzeko».
Ika-mika latzean daude murgilduta bi agintariak, Pelosik bultzatu baitu Trump kargugabetzeko prozesua. Izan ere, gaur bozkatuko du AEBetako senatuak gaiaren inguruan, eta, ziurrenera, errugabetu egingo du presidentea.