Kermitek Iran hautsi zuenekoa

Mohammad Mossadegh lehen ministroak petrolioa nazionalizatu zuelako, AEBek hura boteretik kendu zuten, 1953an, estatu kolpe bat sustatuta. Kermit Roosevelt CIAko kideak prestatu zuen plana.

Irango estatu kolpea (1953)
Mohammad Mossadegh Irango lehen ministroaren aldeko manifestariak, Teheranen, 1953ko abuztuaren 16an. WILLIAM ARTUR CRAM
mikel rodriguez
2026ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da erraza berdea izatea», kantatzen zuen Kermit igelak. Hego Euskal Herrian Gustavo izenarekin egin zen ezagun, eta Ipar Euskal Herrian jatorrizkoarekin. Kermit ez zen berde jaio, ordea. Jim Hensonek sortu zuen txotxongiloa 1955ean agertu zen lehenbizikoz telebistan, AEBetako kate batean, zuri-beltzean. Kondairak dio lagun baten omenez eman ziola izen hori, baina Karen Falk-ek, The Jim Henson Company-ko artxibozainak, ukatu egin zuen, 2000. urtean eman zuen elkarrizketa batean. «Jim Hensonek bazuen Kermit izeneko adiskide bat, baina garai hartan ez zen ezohiko izen bat». Garai hartako Kermit ugari horietako bat zen Kermit Roosevelt CIAko kidea. Ez da jakina igelak hari zor ote dion izena, baina Roosevelti zor zaio Iranen eboluzio politikoan haustura eragitea.

1953a zen. Mohammad Mossadegh lehen ministroak urtebete zeraman bigarren agintaldian, haren Fronte Nazionalak hauteskundeak irabazi ondotik. Agenda berritzaile oso bat paratu zuen indarrean Mossadeghek: hauteskunde garbiak bermatzeko erreformak, gizarte segurantzaren sorrera, lur erreforma, zerga sistemaren erreforma... baina Irandik kanpo petrolioaren nazionalizazioak erakarri zuen arretarik handiena, demokratikoki aukeratutako parlamentuak gehiengoz onartutako neurria. Ordura arte, Anglo-Iranian Oil Company Erresuma Batuko enpresak —gaur egun BP British Petroleum izena duenak— ia nahieran ustiatzen zuen Irango petrolioa, eta ez zitzaion anitz gustatu Mossadeghen erabakia.

Bada, petrolio konpainiak Erresuma Batuko zerbitzu sekretuen atea jo zuen, eta horiek, era berean, AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentralarena. AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko Gerra Hotza hastapenean zen, eta CIAri erran zioten Iranen komunista antzeko bat ari zela agintzen, eta komeniko litzatekeela hura paretik kentzea.

'Ajax operazioa'

Kermit Roosevelt CIAren Ekialde Hurbileko operazioen dibisioko burua arduratu zen plana prestatzeaz: Ajax operazioa. CIAk ezegonkortasun soziala eta protestak sustatu zituen, armadako fakzioak Mossadeghen kontra matxinatzera animatu, eta, azken buruan, estatuburua zena, Mohammad Reza Pahlavi xah, botere osoa har zezan konbentzitu. Eta, horrela, petrolioa erdibana: erdia xahrentzat, bertze erdia aliantza angloaren enpresentzat.

Igelaren pertsonaia ezagun egin arte, Roosevelt izanen zen Kermitik ezagunena. Abizena ere sona handikoa zuen. Txotxongiloekin ez, baina peluxezko hartzekin zerikusia zuen familia bateko kidea zen. Haren aitatxi, Theodore Roosevelt, ehizaldi batean parte hartzen ari zen 1902an, eta, esku hutsik joan ez zedin, kideek hartz bat zauritu eta zuhaitz bati lotu zioten. Roosevelt zaharrari, ordea, ez zitzaion duina iruditu ehizakia horrela harrapatzea, eta uko egin zion eskaintzari. Istorioa berehala hedatu zen, eta Morris Michtom saltzaile newyorktarrari peluxezko hartza sortzeko inspirazioa eman zion. Teddy bear deitu zuen, Theodore Roosevelten omenez, eta ingelesez peluxezko hartzari horrela deitu zitzaion handik aitzinera.

Istorio hori hain ezagun egitearen arrazoia da Theodore Roosevelt AEBetako presidentea zela; bertzeak bertze, huraxe izan zen Monroe Doktrina Amerikako herrialdeetan militarki esku hartzeko justifikaziotzat interpretatu zuen presidentea. Kermit bilobak aitatxiren irakaspenei jarraitu zien CIAko lanpostutik, doktrinaren espiritua Ekialde Hurbilera hedatuta. Hensonek Kermit igela bezala, AEBek Irango xah txotxongilo bihurtu zuten, eta babesa eman zioten haren erregimena bihurtu zenari. Mossadegh lehen ministroa etxeko espetxealdian hil zen, 1967an, estatu kolpea jaso eta hamalau urtera, eta haren mugimendu aurrerakoia errepresioan ito zuen monarkak.

CIAren aitortza

Mohammad Rezak Iran mendebaldartzeko politikak ezarri zituen, SAVAK Polizia sekretuaren metodo bortitzek lagundutako diktadura baten bidez. 1970eko hamarkada bukaerarako, ordea, erresistentziak gaina hartu zion, eta, erresistenteen artean, Ruhollah Khomeini aiatolaren jarraitzaileak atera ziren garaile sektore sekularren gainetik. 1979an, xahk Egiptora alde egin, eta iraultza islamiarra gailendu zen Iranen: Iran errepublika bilakatu zen, erlijioa estatu politika bihurtu zen, eta Mendebaldearen txotxongiloa zena etsai amorratuenetako bat egin zen.

CIAk 2013an onartu zuen Mossadegh boteretik kentzeko estatu kolpea prestatu zuela. 60 urte bete ziren, eta ekintza hari lotutako agiri sorta bat desklasifikatu zuen. Duela hiru urte, berriz, The Langley Files podcastaren bidez aitortu zuen estatu kolpea demokraziaren kontrako ekintza bat izan zela. Bere manerara, hori bai: Walter Trosin CIAko bozeramaileak adierazi zuen agentziaren operazio klandestinoek gehienetan gobernu demokratikoak «indartu» egiten dituztela. «Aitortu beharko genuke, hala ere, hau dela, hortaz, arau horren salbuespen ezin nabarmenagoa».

Kermit Rooseveltek berak, ordea, iraultza islamiarra gertatu zen urtean bertan argitaratu zuen liburu batean eman zuen estatu kolpearen berri: Countercoup: The Struggle for the Control of Iran (Kontrakolpea: Iran kontrolatzeko borroka). CIAko agente ohia 2000. urtean zendu zen, 84 urterekin, erretiro lasaian zela. Kermit igelari ez zitzaion erraza egiten berdea izatea; Kermit espioiak, ordea, ez zuen kontzientzia arazo berezirik erakutsi Iran hautsi zuen kolpea antolatzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.