'Ketsana' ekaitz tropikalak 140 lagun hil ditu Filipinetan

Oraindik 32 lagun daude desagertuta, eta salbamendukoak milioi erdi kalteturi laguntza ematen saiatzen ari dira

2009ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Ketsana ekaitz tropikalak hondamendia eragin du Filipinetan. Salbamendu taldeak lan gogorra egiten ari dira orain, ekaitz tropikalak herrialdearen iparraldean eragin dituen kalteei aurre egiteko eta biktimei laguntzeko ahalegintzen. Filipinetako Gobernuak orain artean eman dituen datuen arabera, gutxienez 140 lagun hil dira, eta beste 32 desagerturik daude -hamabost hilotz oraindik ez dituzte identifikatu-. Hildakoen kopurua, bada, 200era igo daitekeela ohartarazi dute.

Gilberto Teodoro Filipinetako Defentsa ministroak zuzentzen duen Hondamendien Koordinaziorako Batzorde Nazionalak adierazi du ekaitzak 451.000 desplazatu eragin dituela, eta horietatik 115.990 egokitutako 205 egoitzatan daudela babesturik. Herritar askok, baina, asteburu osoa iragan dute laguntzaren zain, euren etxeetako teilatuetan. «Jende hori lehenbailehen salbatzea da salbamendu taldeen lehentasuna, modu horretan gune horietan kolera edota denge gaixotasunak heda ez daitezen», adierazi du ministroak.

Ketsana ekaitz tropikalak euri jasa bortitzak eragin ditu hamabi ordu baino gutxiagoan. Hilabete osoko euriaren batez bestekoa baino gehiago bota du denbora tarte horretan, eta 1967an izan ziren uholdeen maila gainditu du. Manila hiriburua eta Luzon uharteko 25 probintzia erehondamendi gune deklaratu ditu Gloria Macapagal presidenteak. Larunbata gauean bete-betean astindu zuen uhartedia ekaitzak ehun kilometro orduko haizeekin. Txina hegoalderantz abiatu da handik, atzean hondamendia utziz. Riza probintzia izan da kaltetuenetakoa; han, gutxienez, 66 lagunek galdu dute bizia. Casimiro Ynares gobernadorearen arabera, Tanay hirian 30 hilotz aurkitu dituzte.

Ekaitzaren indarra gutxitu ahala geratu da agerian hark eragindako sarraskia. Agintariek uste dute kalteak 1,57 milioi eurorenak direla; kalte gehienak azpiegituretan izan dira, baina goiz da oraindik kalteak zehazteko. Hondamendi egoera ezartzearekin batera, estatuaren diru kutxatik hartuko da garbiketa eta berreraikuntza finantzatzeko dirua. NBE Nazio Batuen Erakundeak ere dirua bidali du egoerari aurre egiteko.

Okerrena, baina, iristear egon daiteke. Nathaniel Cruz Zerbitzu Atmosferiko, Geofisiko eta Astronomikoen Administraziokometeorologoaren ustez, oso posiblea baita ekaitzaren indarra handitu eta tifoi bihurtzea. Itsaso Pazifikotik depresio tropikala eta presio baxuko sistema bat iristen ari dira Filipinetara. Urtero garai hauetan, ohikoak izaten dira gisa horretako fenomeno atmosferikoak; hildakoeta kalteugari eragiten dute inguru hartan.

Vietnam ere arriskuan

Vietnamen ere kalteak eragin ditu ekaitzak eta, gutxienez, hamazazpi lagun hil dira azken egunetako euri jasen ondorioz -sei lagun desagerturik daude asteburutik-. Euriak 9.600 etxebizitza eta 2.500 hektarea arroz eta 5.800 barazki hektarea suntsitu ditu. Vietnamgo Iragarpen Meteorologikoen Batzordeak ohartarazi egin du ekaitz tropikala asteazkenean iritsiko dela herrialdera, azken unean Taiwanera desbideratu ezean. Herritarrei dei egin diete elikagaiak eta sendagaiak metatzeko, eta uzta lehenbailehen jasotzeko. Iazko montzoien ondorioz 550 lagun inguru hil ziren Vietnamen. Diru galerak, berriz, 700 milioi euro baino gehiagokoak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.