Khameneiren zaleek goraino bete dituzte Teherango kaleak

Herritarrek aukera izan dute Mosalla meskitan Irango lider gorena ohoratzeko. Ali Ozmaei Irango itsas indarren buruzagi berriak esan du «mendeku jainkotiarra» ez dagoela urrun.

Khameneiren zaleak Teherango Mosalla meskitaren inguruan, gaur. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Khameneiren zaleak Teherango Mosalla meskitaren inguruan, gaur. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko uztailaren 4a
17:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mukuru bete dira Teherango kaleak gaur Ali Khamenei aiatolari azken agurra emateko. Atzo hasi eta datorren ostegunera bitarte omenaldiak egingo dizkiote AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek iragan martxoan egindako erasoaldian hil zuten Irango lider gorenari. Guztira, 20 milioi pertsona inguru espero dituzte datozen egunetan Irango hiriburuan.

Ruhollah Khomeini aiatolaren tokia hartu zuen Khameneik 1989an, eta 37 urte egin ditu Irango lider goren moduan. Bada, haren zaleek goraino bete dituzte Mosalla meskita eta inguruak. Izan ere, hara eraman zuten atzo Khameneiren gorpua, eta bertan izango da gaur eta bihar. Astelehenean, berriz, segizioa egingo dute Teherango kaleetan barna.

Gaur, negar malko eta oihu artean omendu dute Khamenei bertaratu diren herritarrek. Irango hedabideek zabaldutako irudietan beltzez jantzita ageri dira denak. Batzuek Khameneiren irudiak eta haren aldeko kartelak eraman dituzte, eta haren alde egin dute oihu: «Khameneiri leialtasuna». Beste batzuek, berriz, AEBen aurkako kartelak egin dituzte, asko ingelesez. «Hil Trump» zioen batek. Beste afixa batzuetan, berriz, ondorengo hau irakur zitekeen: «Ali Khamenei mendekatu nahi dutenak gara».

Omenaldiak, baina, atzo hasi ziren. Hainbat herrialdetako ordezkariek omendu zuten Irango lider gorena, ateak itxita egindako ekitaldi batean. Ordutik, Irango hiriburua alerta gorrian dago; astelehenera bitartean itxi egin dituzte hiriburuko bulego publiko eta pribatuak, eta segurtasun perimetroa ezarri dute Mosalla meskitatik kilometro eta erdira.

Azkenik, omenaldiak amaitzeko, ostegunean lurperatuko dute Khamenei, Maxad hirian. Khameneiren jaioterria izateaz gain, xiismoaren hiri sakraturik garrantzitsuena da. Bertan dago Imam Rezaren santutegia, munduko meskitarik handiena.

Itsas indarrek, lider berria

Khameneiri azken agurra egiten ari zaizkion honetan, Teheranek gaur jakinarazi du Ali Ozmaei izango dela Irango Guardia Iraultzaileko itsas indarren buruzagi goren berria. Alireza Tangsiriren lekua hartuko du. Izan ere, Tangsiri martxoan hil zuen Israelek, Ormuzko pasabidearen blokeoaren erantzuleetako bat zela leporatuta.

Gaur bertan zabaldu du lehen mezua itsas indarren komandante gisa, eta Khameneiren hiletaren bigarren eguna baliatu du AEBei eta Israeli mehatxu egiteko: «Mendeku jainkotiarra ez dago urrun». Horrekin lotuta, Ozmaeik adierazi du itsas indarretako kideek eta «Ormuzko itsasbide estrategikoaren zaindariek» Khameneik hasitako bidearekin jarraituko dutela, «irmotasunez eta erabakitasunez».

Gogorarazi beharra dago AEBek eta Iranek sinatutako memorandumean adostu zutela Ormuzko itsasartea zabaltzea eta su etena ezartzea fronte guztietan. Hala ere, tentsioak gora egin du azken asteetan, eta Iranek zenbait ontziri egin zien eraso iragan asteburuan. Hala ere, aste honetan Qatarren bildu dira bi aldeak, nahiz eta ez duten aurrez aurreko bilerarik egin.

Lau hildako Gazan, hainbat erasotan

Gutxienez lau pertsona hil ditu gaur Israelgo armadak Gazan, bertako iturri ofizialek Al Jazeera hedabideari esan diotenez. Eraso horien berri eman aurretik, Gazako Osasun Ministerioak zabaldu du azkeneko 48 orduetan hamasei hildako zenbatu dituela Gazako zerrendan —haietako batzuk azken orduetan hil ditu Israelek, eta beste batzuk, berraiz, aurrez eraitsitako eraikinetako hondakinen artetik erreskatatutakoak dira—. Hortaz, aurrez aipatutako lau pertsonak kontuan hartuz gero, hogei lirateke, gutxienez, azken 48 orduetan zenbatutako biktimak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA