Aurreko aldiei alderatuta, boz hauetarako kanpaina giro aski lasaian igaro da. Haatik, sei lagunek bizia galdu dute eta bozketa egunari dagokionez, PSR oposizioko alderdi nagusiak ohartarazi du iruzur arriskua dagoela, 1979. urtetik Kanputxean boterean den PPC alderdiaren mesedetan. Dena den, nazioarteko 500 behatzaile baino gehiagok ikuskatuko dituzte hauteskunde hauek.
Orain arte egin dituzten Legebiltzarrerako hauteskunde guztietan (1993, 1998 eta 2003. urtetan) PPC Kanputxeako Herriaren Alderdia da garaile irten. Indar politiko hori Pol Poten diktadura amaitu zenetik, hots 1979tik, dago boterean. Alderdi politikoen aniztasunean oinarritutako demokrazia 1993an eratu zenetik, bozketa guztietan gailendu da PPC.
Hala, 2003ko hauteskundeen ondorioz, Batzar Nazionaleko 123 diputatuetatik 74 dira PPCkoak, eta, horrela, gehiengo osoaren jabe da Hun Sen Kanputxeako lehen ministroaren alderdia. Bigarren indar politikoa da, berriz, Errege agintearen sustatzaile den Funcinpec, Kanputxea Independente, Neutral, Baketsu eta Lagunkide Baterako Fronte Bateratua eta honek 26 diputatu dauzka. Funcinpecek parte hartzen du koalizioa gobernuan, eta haren presidente Keo Puth Rasmey lehen ministrordea da.
Iruzur arriskua
Oposiziokoa da, aldiz, Kanputxeako Batzar Nazionalean ordezkariak dauzkan hirugarren indar politikoa, hots, PSR Sam Rainsy Alderdia. Sam Raisy politikariak sortutako alderdiak, hain zuzen, gaur egitekoak dituzten bozketetan PPCren garaipena berma dezaketen iruzur arriskuez ohartarazi du.
Joan den ostegunean plazaratutako agiri batean, PSRk hau salatu zuen: «Geure belarrietara iritsi diren hainbat informazioren arabera, hainbat eskualdetako hauteskunde batzordeetako jarduleek eta PPCko alderdikideek hitzartu dute PPCren aldeko botoak sartzea hautestontzietan». Oposizioko alderdiaren oharrak gehitu zuen: «Hauteskunde bulegoburu batzuk hainbat herrietako buruzagiekin ados jarri dira PPCren aldeko boto egiteak errazteko».
Egitate horiek ahal oroz eragozteko xedean, baina, nazioarteko 500 behatzaile baino gehiago izango dira gaur Kanputxeako 24 eskualdeetan. Guztia zaintzea ezinezkoa izango zaie, haatik, 15.525 bozkaleku antolatu baitira Kanputxea osoan. Dena den, boto egiteen begiratzaile gehiago izango da, zeren eta, hauteskunde hauetan lehiatzen diren hamaika indar politikoetatik gehienek ere behatzaileak izango baitituzte. Horiek hala, Hauteskunde Batzorde Nazionalak emandako datuen arabera, bozketa hauetan jardungo duten behatzaileak 90.000tik gora izango dira.
Sei lagun hil dira kanpainan
Hauteskunde batzorde horrek berak, kanpaina amaieran eginiko azterketa oharrean, hilabete batean zehar egin diren ekitaldiak baldintza aski arauzkoetan igaro zirela ziurtatu zuen. Egitura horren arabera, iragan ekainaren 26an hasi zuten aurtengo hauteskunde kanpaina azken hamabost urteotako lasaiena edo «bortizkeria gutxienekoa» izan da. Haatik, lehia politikoari ustez lotutako sei hilketa zenbatu dira.
Horien artean oihartzun zabalena izan duen hilketa, joan den uztailaren 11n gertatu zen Khim Sambo kazetariarena izan zen. PSRren jarraitzailea eta Moneaksekar Khmer egunkariko erredaktorea eta haren semea tiroka hil zituzten, Phnom Penheko estadio olinpikotik ateratzen ari zirenean. Khim Sambo Gobernuaren aurkako ustelkeria salaketak aztertzen ari zen.
PSRk oso larri eta kezkagarritzat jo du hilketa, eta gogorarazibere komunikazio batzordeko kide Oum Sara hiltzen saiatu zirela uztailaren 6an. Poliziak, aldiz, mendeku batekin lotu du Samboren hilketa, azalpen gehiagorik eman gabe.