Kievek esan du bake proposamenak bidali dizkiela AEBei

Ez du eman proposamen horien xehetasunik. Hala ere, Ukrainako armadak erasoaldia egin du Errusiako Novorossisk hirian, eta hango itsas basea jo dutela berretsi du Ukrainako presidenteak. Errusiak beste bi lagun hil ditu Ukrainako Kherson hirian.

Volodimir Zelenski Serbian egindako agerraldi batean, iragan larunbatean. ANDREJ CUKIC / EFE
Volodimir Zelenski Serbian egindako agerraldi batean, iragan larunbatean. ANDREJ CUKIC / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko abuztuaren 12a
12:52
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jada lau urte eta erdi dira Errusiak Ukrainaren aurkako azken erasoaldia hasi zuenetik. Geroztik, bi aldeek erasoak eta kontraerasoak egiten jarraitzen dute, baina Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan du gerra amaitzeko beste proposamen batzuk bidali dizkiela AEB Ameriketako Estatu Batuei.

«Gure proposamenak estatubatuarrei helarazi dizkiegu», esan zuen Zelenskik, atzo, gauero X sare sozialera igotzen duen informazio bideoan, nahiz eta ez zuen proposamen horien xehetasunik eman. Ukrainako presidentearen hitzetan, AEBak lagungarri izan daitezke Ukrainarentzat defentsak indartzeko, «aire defentsak batez ere», eta presio egin nahi izan dio Moskuri, «gerra luzatzeko prestatu beharrean gerra amaitzeko presta dadin».

AEBak bitartekari aritu dira bi aldeen artean, baina, Irango gerra abiatu zutenetik, alde batera utzi dute Ukrainako gatazka. Washingtongo ordezkari Steve Witkoff eta Jared Kushner urtarrilean egon ziren azkenekoz Moskun, eta Vladimir Putin Errusiako presidentearekin bildu ziren. Oraindik, ordea, ez dira Kieven izan.

Kontuan hartu beharra dago Kievek eta Moskuk azken asteetan esan dutela Washingtongo ordezkariak «laster» joango direla beren herrietara.

Auziak, ordea, ez dirudi konponbidea topatuko duenik; edo ez luze gabe, behintzat. Izan ere, Ukrainak su etena hainbat aldiz eskatu duen arren, Errusiak ez du halakorik nahi. Putin «bake akordio bat» egiteko prest dago, behin baino gehiagotan errepikatu du hori, baina horretarako Kievek kontzesioak egitea nahi du Moskuk.

AEB-ETAKO MARINE OHI BAT ASKATU DU moskuk

Donald Trump AEBetako presidenteak atzo gauean jakinarazi zuen Errusian preso zegoen AEBetako marinel ohi bat askatu zuela Moskuk. Robert Gilmanek lau urte zeramatzan ziega batean, eta, Etxe Zuriko maizterrak azaldu zuenez, Putinek erabaki zuen marine ohia askatzea, «motibo humanitario batean oinarrituta». Gainera, Trumpen esanetan, trukean Washingtonek ez du presorik askatu beharko.

 

Aspaldikoa da Ukrainaren eta Errusiaren arteko lurraldeen afera. Errusiak duela 11 urte anexionatu zuen Krimea, bere kabuz, eta gauza bera egin zuen 2022an inbasioa areagotu zuenean: Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhia lurraldeak anexionatu zituen. Eremu horiek, ordea, ez ditu erabat kontrolatzen, oraingoz, baina zati handi bat bai. Moskuk Donbass eskualdeko lurraldeak begiz jota dauzka —alegia, Donetsk eta Luhansk—, eta, tratua egin ahal izateko, horien jabetza emateko eskatu dio Kievi. Zelenski, ordea, ez dago prest halako kontzesiorik egiteko.

Erasoak gaur ere

Ukrainako armadak erasoaldi masibo bat egin du gaur goizaldean Errusiako Novorossisk hirian, Itsaso Beltzaren inguruan —Itsaso Beltzeko kairik handiena dago han. Ehunka drone jaurti dituzte, eta, besteak beste, hango itsas basea jo dute. Moskuk, berriz, adierazi du gutxienez haur bat hil dutela eta dozena bat lagun ere zauritu dituztela.

Zelenskik gaur goizean berretsi du erasoaldia, eta X sare sozialean zabaldu duen mezu batean ziurtatu du aurrez ezarritako helburuak jo dituztela. «Goizaldean, Ukrainako Defentsa Indarrek operazio bat egin dute Novorossisk hiriko itsas basearen aurka, Errusiako armadak Itsaso Beltzean daukan ontziteriaren azken gotorleku handiaren aurka», adierazi du. Horrez gain, ohartarazi du Errusiako armadaren ontziteria ez dela «salbu» egongo Errusiak gerran jarraitzen duen bitartean. «Gerra geldiarazi beharra dago, eta zentzuzko proposamen guztiak mahai gainean daude», gaineratu du Ukrainako presidenteak.

Bestalde, Ukrainako armadak jakinarazi duenez, Errusiak ere erasoaldia egin du gaur, eta bi lagun hil ditu Ukrainako Kherson hirian —atzo sei lagun hil zituen Zaporizhian—. Errusiako armadak droneen bidez egin du eraso, eta azken 24 orduetan beste hemezortzi lagun zauritu ditu. Iturri berak azaldu du ehundik gora drone eraitsi dituztela, baina gelditu ez dituztenek kalteak eragin dizkietela, besteak beste, etxe, denda eta ibilgailu batzuei.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA