Ukrainako gerra frontetik urrun erasoak egiten jarraitzen du Errusiako armadak. Azken hilabeteetan, behin baino gehiagotan izan du jomugan Kiev, eta gaur goizaldean beste eraso masibo bat egin du han. Ukrainako larrialdi zerbitzuen arabera, gutxienez sei lagun hil dituzte hiriburuan egindako erasoetan, baita beste 34 zauritu ere. Vitali Klitxko hiriburuko alkateak salatu duenez, gaur «ia barruti guztiei» egin die eraso Moskuk.
Kiev Ukraina iparraldean dago, herrialdearen erdi parean. Errusiako tropak handik hurbil egon ziren 2022ko otsailetik apirilera bitarte, inbasioa hasi zutenean. Duela hiru urte baino gehiagotik, baina, gerra frontea herrialdearen ekialdean eta hego-ekialdean finkatuta dago, Kievetik ehunka kilometrora.
Hiriburutik kanpo ere egin ditu erasoak Errusiako armadak. Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik sare sozialetan jakinarazi duenez, Kharkiv eta Odesa eskualdeetan ere egin dituzte bonbardaketak. Odesako Gobernazioaren arabera, bi pertsona hil dituzte Txornomorsk hirian. Gaur Ukrainan zehar egindako erasoetan, Moskuk 430 drone eta hemezortzi misil erabili dituela gehitu du Zelenskik.
«Kieven bakarrik, dozenaka etxebizitza bloke daude kaltetuta», gehitu du Zelenskik. Azerbaijango enbaxadari ere eragin diote kalteek, besteak beste. Ukrainako presidentearen esanetan, erasoaren helburua zen «ahalik eta kalte handiena» eragitea. Azken bi hilabeteetan, Moskuk gutxienez hirutan egin ditu eraso masiboak Ukrainako hiriburuaren aurka, eta hamabost lagun hil.Â
Andri Sibiga Atzerri ministroak «etxebizitzen, ospitaleen eta azpiegitura zibil eta energetikoen» kontrako erasotzat jo du gaurkoa. Izan ere, Kieveko Udalaren arabera, energia termikoa banatzeko hodiak hondatu dituzte, eta eremu batzuk berokuntza azpiegiturarik gabe geratu dira.
12.000Moskuk zenbat iparkorear kontratatu nahi dituen droneak egiteko. Ukrainako informazio zerbitzuek zabaldu dutenez, Errusiak 12.000 langile iparkorear kontratatzeko asmoa du Tartaria eskualdeko lantegi batean Shahed droneak egiteko. Zerbitzu sekretuen arabera, Moskuk urtea amaitzerako kontratatu nahi ditu; 2,5 dolar ordainduko dizkie orduko —2,1 euro inguru—; eta hamabi ordutik gorako lanaldiak egingo dituzte.Â
Sibiga Kanadan eta Erresuma Batuan egon da egunotan, bi estatu horietako gobernuekin Ukrainako gerraren egoeraz hitz egiteko. Hala, adierazi du espero dutela G7 taldekoek adostutako neurriak ahalik eta bizkorren martxan jartzea. Horien helburua da Ukrainako aire defentsa sendotzea eta Errusiaren kontrako presio ekonomikoa areagotzea. Besteak beste, Moskuren petrolio esportazioak eta gobernu horrek Mendebaldean izan ditzakeen aktiboak jarri nahi dituzte jomugan.
Zelenski, bestalde, gerra frontetik hurbil izan zen atzo, Orikhiv inguruko frontean, Zaporizhia eskualdean. Armadaren aginte postu bat bisitatu zuen: han, hain justu, Errusiako armadak aurrera egin du azken asteetan, eta hainbat herri hartu Ukrainako hego-ekialdeko eskualde horretan.
Zelenski, astelehenean Eliseora
Eliseoak gaur jakinarazi duenez, Zelenski Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin batzartuko da astelehenean, Parisen. Bi herrialdeen arteko elkarlanaz hitz egitekoak dira, baita Zelenskik gerraosterako exijitu izan dituen segurtasun bermeez ere. Frantzia da, Erresuma Batuarekin batera, boluntarioen koalizioa deritzoten helburu militarreko taldearen bultzatzaile nagusia. 35 herrialdek osatzen dute talde hori, Ukrainaren aliatuak denak.
Ukrainak ere egin ditu erasoak gaur. Errusiak adierazi du goizaldean Ukrainako armadaren 216 drone bota dituztela, Kievek azken egunetan egindako erasorik handienean. Krasnodarreko (Errusia) autoritateek adierazi dute lau lagun zauritu direla Ukrainako armadak Novorosiisk hiriko portuaren kontra egindako eraso batean, eta gehitu dute petrolio biltegi bati eta zenbait instalazio eta etxebizitzari ere kalte egin dietela. Eraso horren harira, larrialdi egoera ezarri dute Itsaso Beltzaren ertzeko hiri horretan. Hain zuzen, Errusiaren arabera, gaur goizaldean bota dituzten 216 droneetatik 66k Krasnodarreko azpiegiturei kalte egitea zuten helburu.