Kirgizistanen herenegun gauean gertatutako lurrikaran gutxienez 74 herritar hil eta ehun bat zauritu zirela jakinarazi zuten atzo herrialdeko agintariek. Ehun etxe baino gehiago ere txiki-txiki utzi zituen astinaldiak. Richter eskalan 6,6ko indarra hartu zuen lurrikarak, eta epizentroa Kirgizistan, Tadjikistan, Uzbekistan eta Txinako mugaldean izan zuen.
«Azken informazioen arabera, 74 herritarrek galdu dute bizia, tartean 41 haur. Zaurituak, berriz, ehun inguru dira; horien artean 60tik gora premiaz artatu behar izan dituzte», adierazi zuen Kirgizistango Larrialdietarako ministrorde Turatbek Djunutshalievek. Bishkekeko gobernuko agintari horrek zehaztu zuen, gainera, 128 etxe suntsituta geratu zirela lurrikara gertatu den gunean, eta Nura, epizentrotik 50 kilometrora dagoen herria, ia osoki txikituta.
Epizentroa, hain zuzen, 27 kilometro lurpean zegoela argitu du USGS Ameriketako Estatu Batuetako Geofisika Azterguneak. Egitura horrek emandako argibideen arabera, lurrikarak 6,6ko indarra zuen Richter eskalan. Lehen astinaldia igande arratseko 21:52an -17:52 Euskal Herrian- gertatu zela zehaztu du USGSk. Epizentroa Kirgizistan, Tadjikistan, Uzbekistan eta Txinako mugaldean kokatua zenez, herrialde horietan denetan nabaritu zen astinaldia. Tadjikistanen, esaterako, Richter eskalan 4,5eko indarreko erreplikak atzeman zituzten, baina ez zuten, agintarien arabera behintzat, biktimarik eragin.
Errusiak laguntza agindu du
Bishkek hiriburutik 400 kilometro hegoaldera dago Osh, lurrikara izan den eskualdea. Menditsua da, eta, ondorioz, sorospen zerbitzuek zailtasunak dituzte bertaratzeko. Kirgizistango Larrialdietarako ministro Kamtshibek Tashievek han izan zen atzo kalteak ikusten. «Ikusi ditudan suntsiketek ikaratuta utzi naute; Nura herria erabat txikituta dago». Bishkekeko gobernukideak zehaztu zuen larrien zauritutakoak helikopteroz eraman zituztela Osh hirira. Hondamenaren ondorioz aterperik gabe geratu direnei laguntza ahalik eta azkarren helarazteko ahaleginak egingo dituztela gaineratu zuen ministroak.
Errusiako presidente Dmitri Medvedevek ere laguntza eskaini die kaltetuei. Hala, premiazko bestelako materialak eramango dituen hegazkin bat abiatuko da Moskutik. Medvedev bera Bishkekera joatekoa da ostegunean, Kirgizistanen egitekoa baita egun horretan Estatu Independenteen Batasuneko goi bilera. Egitura horrek SESB desegitearen ondorioz sortutako hainbat herrialde biltzen ditu.
Kirgizistanen izandako lurrikaran 74 herritar hil eta ehundik gora zauritu dira
Epizentrotik 50 kilometrora dagoen herri bat, Nura, ia erabat suntsituta utzi du astinaldiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu