SUTEAK

Klima aldaketak handitu egin du Patagonian urtarrilean 100.00 hektarea erre dituzten suteak pizteko arriskua

Klima aldaketaren ondorioz, hiru bider arrisku handiagoa dago Txilen suteak pizteko, eta Argentinan, berriz, 2,5 bider handiagoa da arriskua. Tenperaturak oso beroak izan dira, eta prezipitazioak, urriak.

ARGENTINA INCENDIOS
Suhiltzaile eta polizia bana, Argentinako Chubut probintzian, urtarrilaren 28an. STR / EFE
inaut matauko rada
2026ko otsailaren 11
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zientzia demostratzen ari da klima aldaketak gertagarriagoak egiten dituela suteak, uholdeak eta bestelako hondamenak; hori dela eta, azken urteetan fenomeno meteorologiko handi eta suntsikor gero eta gehiago gertatzen ari dira. Hala ere, klima aldaketa antropogenikoaren aurretik ere gertatzen ziren halakoak. Hori dela eta, XX. mendearen hasieratik atribuzio ikerketak egiten dira; hau da, ikertzen da klima aldaketak zenbaterainoko eragina izan duen fenomeno horren pizkundean. Azken hilabetean, suteek milaka hektarea erre dituzte Txile eta Argentina hegoaldean, eta 23 pertsona hil dira horien ondorioz. Gaurkoan, World Weather Attribution iniziatibako zientzialariek ondorioztatu dute klima aldaketak handitu egin duela halako suteak pizteko arriskua.

Argentinako Chubut probintzian, 2026ko urtarrilaren hasieran hasi ziren pizten suteak, eta hilabete amaieran berriro itzuli ziren Patagoniako hainbat eskualdetan. Txilen, berriz, hego-erdialdean izan ziren suteak, urtarrilaren 16tik aurrera. Guztira 100.000 hektarea baino gehiago erre dira bi herrialdeetan, eta larrialdi zerbitzuek 55.000 pertsonatik gora ebakuatu behar izan dituzte. Azken hilabeteetan, Argentinan soilik, 230.000 hektarea erre dira.

Beroa, idorra eta haizea

Klima aldaketak sute horien pizkundean izan duen eragina ikertzeko, zientzialariek datu meteorologikoak interpretatzen dituzte, eta klima aldaketarik gabeko jokaleku batean erreproduzitzen dituzte. Horrela ikusten dute klima aldaketak gertaera hori jazotzeko arriskua handitu duen edo ez, eta ea fenomenoa bera suntsikorragoa izaten lagundu duen edo ez. Txileko eta Argentinako ikertzaileek egin dute atribuzio ikerketa, Ameriketako Estatu Batuetako, Danimarkako, Erresuma Batuko, Herbehereetako eta Suediako kide batzuekin batera.

Suteak hego hemisferioko uda betean piztu ziren, baina zientzialariek nabarmendu dute tenperaturak ohi baino beroagoak zirela, eta plubiometriaren emaitza, berriz, ohi baino lehorragoa. Txileren kasuan, bi egunetan izan ziren bereziki baldintza bero, lehor eta haizetsuak, eta Argentinan, berriz, bost; horrez gain, kalkulatu dute baldintza horiek bost urtean behin gertatzen direla.

38 gradutik gorako tenperaturak izan dituzte, suteen aurreko hiru hilabeteak lehorrak izan dira, eta orduko 40-50 kilometroko haizea izan dute. Zientzialarien arabera, hiru faktore horiek asko handitu dute sute arriskua. Hori dela eta, 1,3 gradu hotzagoa den planeta batean, sute horiek ezohikoak izango lirateke. Txilen, halako fenomenoak gertatzeko probabilitatea hiru bider handiagoa da klima aldaketaren eraginez, eta Argentinan, berriz, 2,5 bider handiagoa.

Lurraren erabilera eta araudiak

Baldintza meteorologikoez gain, ikertzaileek nabarmendu dute badirela beste faktore batzuk suteak indartu dituztenak; esaterako, lurraren erabilera. Bertakoak ez diren zuhaitzek, pinudiek bereziki, eragina izan dute suteetan: «Bi eskualdeetan, zuhaitz azikular ez-natiboek baso suteen arriskua handitu zuten. Pinuen monolaborantza zelaiak oso sukoiak dira egituragatik, zuhaizti masen dentsitateagatik eta espezieen sukoitasunagatik. Hori dela eta, pinu inbaditzaileak garaiz erauztea beharrezkoa da sute arriskuaren hazkundea apaltzeko. Ezinbestekoa da baso suteen arriskua kontuan hartzea lurraren erabilera ebaluatzerakoan eta arautzerakoan».

Txileko eta Argentinako hegoaldean baso sute gero eta gehiago ari dira gertatzen, eta horrek faunan eta landaredian eragiten duen kaltea nabarmendu dute zientzialariek, ingurune oso birjina delako, eta munduko beste txokoetan ez dauden espezie berezi asko daudelako: «Hippocamelus bisulcus-a, Pudu puda eta beste espezie zaurgarriak habitata galtzen ari dira, eta arotz beltza bezalako hegaztiak habiak egiteko lekurik gabe geratzen ari dira». Suteak Los Alceres parke nazionalera iristen ari direla ere nabarmendu dute; gizadiaren ondare gisa du sailkatua Unescok, eta bizirik dauden munduko zuhaitzik zaharrenetakoak daude bertan.

Txileko, Argentinako eta eskualdeetako gobernuen neurriak ere kritikatu dituzte zientzialariek, uste baitute suteak garaiz mozteko ahalmena mugatu dutela: «Suteen behaketan eta jarraipenean mugak daude, suteei buruzko datuen frekuentzia murritza da, aurrekontuak urriak dira, eta Argentinan turismo jardueren araudian aldaketak izan dira».

Hain zuzen, Javier Milei Argentinako presidentearen jarduna asko kritikatu da suteen kontuan. 2025ean, adibidez, Parke Nazionalen Araudia aldatu zuen, sektorea desarautzeko eta liberalizatzeko. Horrez gain, Mileiren gobernuak aldaketa sakonak egin nahi ditu lurren salerosketan: batetik, atzerritarrek lurrak erostea erraztu nahi du, eta, bestetik, erretako lurren salerosketa ere bai. Hala ere, arazoak izaten ari da justiziarekin, eta oraindik ez du lortu neurri horiek aurrera ateratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.