«Ondorioak ehunka edo milaka urtez pairatuko ditugu». Zuzena eta argia izan da Celeste Sauro klima aldaketaren bestondoaz hitz egiterakoan. Munduko Meteorologia Elkarteko idazkari nagusia da Sauro, eta elkarteak urtero egin ohi duen klimaren egoeraren berrikuspenaren ondorioak argitaratzearekin bat egin ditu adierazpenok. Klima larrialdia ondoen islatzen duten adierazleak jasotzeaz gain, aurtengo berrikuspenaren ondorio nagusia da klimaren energia desoreka inoiz baino handiagoa dela.
Izan ere, azaldu duten moduan, klima egonkor balego Lurrean sartzen den energia kantitatea ateratzen denaren antzekoa izango litzateke; baina atmosferako berotegi gasen kontzentrazioa handitu egin da, gizakien jardunagatik bereziki. Horrek beroa atmosferan gehiago pilatzea eragiten du, eta energia desoreka bat sortzea. MMEk azaldu duenez, aurten lehenengoz energia desoreka hori adierazle garrantzitsuenen artean sartu dute, tenperatura anomaliarekin eta beste batzuekin batera.
Desoreka horren emaitza nagusia da Lurrean energia gehiago pilatzen ari dela, baina ez modu orekatuan. Atmosferak, esaterako, pilatutako energia horren %1 soilik metatu du, izotz geruzek %3, eta lurrazalak %5. Gainontzeko guztia, %91, ozeanoek pilatu dute, energia eta karbonoa metatzeko ahalmen handia baitute, eta gainazaleko beroketa horren handia ez izaten laguntzen dute. 1960ko hamarkadan hasi zien energiaren desoreka neurtzen, eta azaldu dute egoera inoiz ez zela horren kritikoa izan, azken hogei urteetan bizkortu egin baita desoreka hori. Horrez gain, berretsi dute 2015 eta 2025 arteko hamar urteak inoizko beroenak izan direla.
Izotz masen galera
Lurreko txoko guztietan ari dira izotz geruzak murrizten, lurraren berotzea dela eta. Esaterako, Ozeano Artikoko izotz geruza neurtzen hasi zirenetik ikusitako txikiena izan zen 2025ean, eta Antartikan, berriz, txikienetan hirugarrena. Islandian eta Ipar Amerikako Ozeano Bareko kostaldean «masa glaziarraren galera izugarria» izan zela ere adierazi dute.
Hain zuzen ere, masa glaziarraren txikitzea da gizakien bizimoduarentzat mehatxu nagusia, kalkulatzen baita munduan 2.000 milioi pertsona inguru glaziarrekiko menpeko direla, glaziarren urtzetik datorren ur geza baitute edateko uraren iturri nagusia. Glaziarren bilakaera urte hidrologikoetan kalkulatzen da, eta periodo horretan egon den glaziarren masen bilakaera neurtzen da. Bada, 2024-2025eko urte hidrologikoan bosgarren galerarik handiena izan da, 1950eko hamarkadan neurketak egiten hasi zirenetik. Masa galera handieneko hamar urteetatik zortzi 2016tik hona izan dira.
Izotz masen urtzea da hein handi batean ur mailaren igoeraren erantzulea. Uraren maila 1993. urtekoarena baino 11 zentimetro altuagoa da oraindik ere, eta gogorarazi dute horrek kostaldeetako ekosistemak suntsitzen dituela, lurrazpiko ur gezak gazitzea dakarrela eta uholdeak eragiten dituela. Ozeanoekin jarraituz, gizakiek isuritako karbonoaren parte handi bat itsasoek xurgatzen dutenez, azidotzen ari dira. Itsasoetako izaki bizidunengan du eraginik handiena horrek, eta inpaktu hori, adibidez, koral arrezifeetan ikus daiteke. Itsas biodibertsitate handieneko ekosistemak dira arrezifeak, eta oso larri daude horiek gaur egun, azidotze horren eta estres termikoaren ondoriozko zuritzea dela eta. 2023. urtean hasi zen koral arrezifeen laugarren zuritze masiboa, eta iaz NOAA Ozeanoen eta Atmosferaren Ameriketako Estatu Batuetako Elkarteak adierazi zuen inoizko okerrena izan zela.
Biztanleen desplazamenduak
Gero eta muturreko fenomeno meteorologiko gehiago ari dira gertatzen azken urteetan, eta, era berean, gogorragoak izaten ari dira. Munduko Meteorologia Elkarteak esan du munduko leku batzuetan biztanleen desplazamenduak eragiten ari direla, eta ekonomien, azpiegituren eta gizarteen zaurgarritasuna erakusten ari direla ere nabarmendu dute.
Nekazaritza fenomeno horien inpaktuak pairatzen ari dela ere esan dute: «Klima larrialdiak sortutako elikaduraren segurtasun gabezia arrisku gisa hartzen da gaur egun, efektuak kateatuz doazelako, eta horrek gizartearen egonkortasuna desegonkortzen duelako, migrazioei eragiten dielako eta segurtasun biologikoa apaltzen duelako».
Lurra berotzearekin lotutako osasun arazoak ere handitzen ari direla nabarmendu dute. Alde batetik, bero boladen ondorioz gero eta jende gehiago ari delako hiltzen. Horrez gain, munduaren berotzea dela eta, espezie batzuen hedapen geografikoa aldatzen ari da, eta horrek dengearen gisako gaixotasunak zabaldu dituela nabarmendu dute, gaixotasun hori transmititu dezaketen eltxoak zabalduago baitaude munduan. Inoiz ez dira horrenbeste kasu antzeman, eta gehitu dute gaur egun munduko biztanleen erdiek dutela arriskua gaixotasun hori hartzeko.