Romano Prodi Italiako gobernuburuaren aldeko konfiantza mozioa bozkatuko dute gaur Diputatuen Ganberan, eta gauza bera egingo dute bihar Senatuan. Agintea arriskuan jartzen dion ekimen horretara behartuta izan da Prodi,koalizio gobernuko partaide zen UDEUR demokristauak sostengua kendu ondoren, herenegun. Alderdiko buruzagi Clemente Mastella Justizia Ministerioko buruzagitza uztera behartu ostean hartu zuen alderdiak erabakia. Mastellaren emaztea etxean atxilotzeko agindu zuen epaile batek ustelkeria leporatuta. Hori jakin zuenean, dimisioa ematea erabaki zuen Justizia ministroak.UDEURen babesik gabe ere, Prodiren zentro-ezkerreko koalizioak gehiengoa du Diputatuen Ganberan, ez, ordea, Senatuan.
Prodik eskatutako konfiantza mozioa gaur arratsaldeko 17:00etan bozkatuko dute Italiako Diputatuen Ganberan. Gauza bera egingo dute Senatuan biharko 20:00etan ere. Lehen kasuan, arbuio botorik jasateko arrisku gutxi du 2006ko maiatzaren 17tik Italiako gobernuburu karguan diharduenak. Izan ere, UDEURek utzi ondoren, zortzi alderdi politikok osatzen duten koalizio gobernuak gehiengo zabala du Montecitorio Jauregian aterpetutako Diputatuen Ganberan.
Horrelakorik ez dauka, ostera Senatuan, zeren eta Diputatuen Ganberak adina botere duen biltzar horretan, hautetsi bakarreko gehiengo estu-estua besterik ez baitzioten eman 2006ko apirileko bozek. UDEURek hiru senatari baino ez ditu, baina hori nahikoa da Prodiri gehiengoa kentzeko. Bestalde, alderdi demokristauak jakinaren gainean utzi du jarduneko gobernuburuari ez diola konfiantza botorik emango, ez Diputatuen Ganberan eta ezta Senatuan ere.
EGINDAKO LANARI ERREPASOA. Ataka gaitz horren aurrean, lasaitasun itxurak egin ditu Prodik, Diputatuen Ganberan eginiko agerraldian. Bertan, Gobernuak eginiko lanaren balantze baikorra egin du lehen ministroak, esanez gastu publikoak murriztu eta hazkundea sustatu duela. Ekonomia alorretik kanpo, berriz, Italiaren izen ona «mundu osora» zabaldu duela nabarmendu du gobernuburuak. Ildo horri eusteko premia azaldu du Chigi Jauregiko egungo egoiliarrak, munduko ekonomiek pairatzen duten gaitzaldia aitzakiatzat hartuta. «Munduko ekonomiak une zailak bizi dituenean, eta egoera horren ondorioak ez ditugunean oraindik neurtu, iraunkortasun eta berme beharra daukagu», adierazi du Prodik. Haatik, Gobernuaren etorkizuna ebaztea soilik Parlamentuaren eskumena dela nabarmendu du Italiako gobernuburuak.
Senatuan, baina, bizitza osorako aukeratutako zortzi senataritatik zazpiren sostengua jaso dezake Prodik. Karguan dauden bizitza osorako senatari horietatik bost Italiako gobernuburu eta Errepublikako presidente ohiak dira; eta beste hiru estatuburuak zuzenean izendatutako buruzagiak. Horien sostengua jaso du behin baino gehiagotan Prodik, orain arte eskatzerat behartuta izan den konfiantza botoetan. Aldi honetan, baina, ez da batere ziurra sostengu hori nahikoa izango duen karguan jarraitzeko.
Justizia ministro zen Mastellak dimisioa eman zuen hilaren 16an, Campaniako bere eskualdean gertatutako ustelkeria kasu batekin zerikusia zuelakoan auzibidea abian jarri eta gero. Emaztea etxean atxilotuta egotea eragin dutenakusazioak gezurrezkoak direla aldarrikatu du Mastellak. Baina Gobernuaren aldetik sostengurik jaso ez duelako eman zuen dimisioa.
HAUTESKUNDE ERREFORMA. Haatik, Italiako politika adituen ustez, Mastellaren aurkako ustelkeria akusazio hauek baino gehiago, Prodiren gobernuak proposatutako hauteskunde erreforma egitasmoak du UDEUR gobernu koaliziotik alde egiterat bultzatu. Erreforma horrekin, alderdi txikien eragina murriztuko dute, Gobernuan gehiengo sendoagoa eta egonkorragoa osatzeko argudioarekin. UDEUR da kanpoan geratuko litzatekeen alderdi horietako bat, eta ez du batere begi onez ikusten bere eragina murriztuko lukeen erreforma.
Anartean, Italiak gobernu krisi bat gehiago pairatzen du, eta Prodik Senatuaren sostengua lortu ezean, gobernuburu kargua utzi beharrean izango da. Halaxe egin zuen 2007ko otsailean, baina Giorgio Napolitano Italiako presidenteak gobernu berria osatzeko eskatu zion. Oraingoan, Prodik dimisioa ematen badu, Napolitanok duen aukeretatik bat da Diputatuen Ganbera eta Senatua desegitea, eta hauteskundeak aurreratzea.
Hori espero du, hain zuzen ere, eskuineko koalizioko buru eta gobernuburu ohi Silvio Berlusconik. «Azken gertakari horien aurretik ere, koalizio gobernua krisian zegoen, eta orain ezinbestekoa eta premiazkoa da Italiako herritarrek izan dezaten hitza», adierazi du Forza Italia alderdi kontserbadoreko buruzagiak. Italiako Gobernuburu kargutan bi aldiz egondako Berlusconik -1994-1995 eta 2001-2006- hauteskundeak oraintxe egitea nahi du, inkestek horiek irabazteko aukera iragartzen diotelako eskuinari. Hala, inkesta baten arabera, botoen %55 irabaziko ditu eskuineko alderdien koalizioak, eta %43,5 ezkerreko eta zentro -ezkerreko indarrek. Haatik, ikerketa horrek agerian ezartzen du hautesleetatik %42k zalantzan daudela.
Eskuineko indarrek boterea berreskuratzeko dagoen arriskuaren aurrean, Prodiren koalizio gobernuko beste partaideek arduraz jarduteko deia egin diote UDEURi. «Espero dut Mastellak oraingo jarrera aldatuko duela, astakeria izango bailitzateke Berlusconi boterera itzularaztea», adierazi du Pecorario Berdeen buruak.
Koalizioa hautsita, Prodik konfiantza botoa eskatuko dio gaur Diputatuen Ganberari
Italiako Senatuan bihar egingo dute bozketa, eta demokristauek iragarri dute ez dutela Prodi babestuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu