Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez, Irakeko kurduen pexmerga indarren hamar bat pertsonako taldea iritsi da jada Kobanera, Estatu Islamikoaren kontra borrokan ari diren miliaziano kurduak laguntzeko. Hurrengo orduetan, Turkiako mugan zain dauden gainerako 140 pexmergak ere Kobanen sartzea espero da.
45 eguneko setioaren ostean, lehen aldia da Turkiak Kobaneko milizianoak laguntzea onartzen duena. Hain zuzen ere, Turkiako lurraldeetik sartu dira lehen pexmergak Kobanen. Idris Nuaman Kobaneko Administrazio Kurduko Kanpo Harremanetarako ministroak esan du balitekela hainbat pexmerga hirian sartu izana, "baina gehienak oraindik Turkian" daudela.
Mustafa Bali aktibista kurduak, berriz, pexmergen desplazamendua Turkia jartzen ari den "oztopoengatik" atzeratzen ari dela salatu du. Haren esanetan, Turkiako muga ondoko biltegi batean daude atxikita pexmergak, ezin atera.
Astearte gauean iritsi ziren Irakeko kurduen lehen pexmerga indarrak Turkiaren menpeko Kurdistanera. Horietatik 85 hegazkinez iritsi ziren, eta, atzo gauean, errepidez abiatutako beste 65 pexmergaren zain zeuden, denak elkarrekin Kobanen sartzeko.