Kolonbia

Koka, biolentzia eta estatuaren falta

Aurten 36 buruzagi sozial hil dituzte Kolonbian; horietako sei, Cauca departamentuan. FARCeko disidenteen kontrolpean dago eremu hori, eta haiek dira heriotzen errudunak.

FARCeko disidenteek hildako bi buruzagi sozialen omenezko grafiti bat. AITOR TXABARRI.
Corinto - Buenos Aires
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
«Gaur egun, Kolonbiako lurralde ezberdinetan boterea lortzeko borroka bat dago talde armatuen artean. Horren zergatia narkotrafikoa da, eta guk jasaten ditugu ondorioak, hilketak eta behartutako desplazamenduak», adierazi dio BERRIAri Luis Guetiok, Corinto herriko (Kolonbia) CRIC Caucako Indigenen Eskualde Kontseiluko kideak. Aurten 36 buruzagi sozial hil dituzte Kolonbian; horietatik sei, Cauca departamentuaren iparraldean. Inguru hori FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako disidentzien kontrolpean dago, eta horiek izan dira lider sozialen hilketen errudunak; arrazoia koka eta kalamu landaketen kontra egotea izan da.


 

Ikusi gehiago:Kolonbiako indigenen zutabe nagusiak

Kolonbiako eskualde horretan bizi diren pertsona asko saiatu dira egungo errealitatea aldatzen, elkarrizketaren bitartez, baina askotan armak izan dira jaso duten erantzuna. Gobernuak, bere aldetik, ez du askorik egiten; hori da, behintzat, Caucako herritarrek pentsatzen dutena. «Estatua gutaz ahaztu da. Hemendik hamabost minutura armadako batailoi bat dago, baina talde armatuak egunero pasatzen dira handik, kilometro bat baino gutxiagora, eta inork ez du ezer egiten. Tristea da hau esatea, baina eskutik doazela dirudi», esan du Joana Milena Daguznazek, Corintoko CRICeko beste kide batek.

2016ko azaroaren 24an Kolonbiako bake akordioa sinatu zutenetik, 1.250 lider sozial baino gehiago hil dituzte, Indepaz Garapenerako eta Bakerako Ikerketen Kolonbiako Institutuaren arabera; horietatik asko, narkotrafikoaren ondorioz. Problematika hori Kolonbiako lurralde guztietan izan dute azken urteotan, baina Cauca da indarkeria hori gehien sumatu izan duen lurraldeetako bat; Cauca barrenean, berriz, iparraldeak sufritu du gehien.

FARCen disidentziek min handia egin dute han. Lehen, herritarrek uste zuten FARCek zentzu politiko bat zuela, baina oraingo disidenteak soilik narkotrafikatzaileak direla deritzote. «Lehen, FARC zegoenean, biolentzia jasaten genuen, gertatu behar ez ziren gauza asko gertatu ziren, baina ez zen orain bezala. Orain askoz ere okerragoa da egoera, disidentziak narko hutsak dira, eta horrek gure aurkako biolentzia gehiago eragiten du», adierazi du Odeimarrek, Corintoko CRICeko beste kide batek.

Orain, Kolonbiako inguru hori kokaz eta kalamuz beteta dago, eta une honetan ezer gutxi egin daiteke horren kontra, horiek landatzen dituzten pertsonak disidentzien babespean baitaude; norbait landatzaileekin hitz egiten saiatu denean, bere burua arrisku handian jarri du. «Gure eskuetan dauzkagun tresna guztiekin saiatzen gara egoera honi buelta ematen, baina ez da nahikoa; zer edo zer egiten dugunean mehatxuak jasotzen ditugu. Orduan bertan behera uzten dugu dena, zeren familia askotan hilketak egon dira, eta guk gure familiak babestu behar ditugu», esan du Daguznazek.

Camayo familiaren adibidea

Camayotarrak dira hilketa horiek jasan dituzten familietako bat. Albeiro Camayo, Buenos Airesko (Caucako iparraldea) CRICeko kidea urtarrilaren 24an hil zuten. Egun horretan, Camayok disidentzietako talde bat bota zuen bera bizi zen komunitatetik; horren ondoren, komunitatean itzuli bat ematera joan zen, disidenteek alde egin zutela ziurtatzeko. Horiek, baina, ez zuten alde egin, eta hura harrapatu eta hil zuten komunitatearen lurraldean bertan.

«Nire nebak ziurtatu nahi zuen disidentziek alde egin zutela komunitatetik. Kamioi bat ikusi zuen, gerturatu zen, eta 30 bat pertsona armaz beteta ikusi zituen; disidentzietako kideak ziren. Une horretan haren kontra tiroka hasi ziren: lehenik aurpegian egin zioten tiro, eta, hilda zegoela ikusi zutenean, CRICeko arropa kendu, eta aihotz batekin lepoa moztu zioten», azaldu du Carmenza Camayok, Albeiroren arrebak.

Egun batzuk lehenago, Buenos Airesen baita ere, Breiner David Cucuñame 14 urteko CRICeko kidea hil zuten disidentziek. «Egun horretan hainbat arazo izan genituen disidentziekin. Saiatu ginen haiekin hitz egiten, baina egoera asko berotu zen; granada bat bota zuten, eta tiroka hasi ziren. Niri tripan eman zidaten. Komunitateko pertsona asko hurbildu ziren laguntzera, eta, momentu horretan, Cucuñameri tiro egin zioten, bere aitarekin zetorrela. Han hil zen», adierazi du Luis Fabian Camayok, Buenos Airesko CRICeko kideak. Bi kasu horiek departamentu horretako egoera geroz eta jasanezinagoaren adibide dira.

Auzi horren inguruan, gobernuak egunero esaten du indarkeria amaituko duela, baina errealitatea oso desberdina da; herritarrek, behintzat, oso desberdin ikusten dute. «Gobernuari ez zaio bakea interesatzen; gobernuari gerra hau interesatzen zaio. Narkotrafikoa oso sartuta dago Kolonbian, eta gobernuaren parte ere bada. Gobernuarentzat negozio huts bat da gerra hau. Egun, gobernuari ez zaio indigena baten hilketa interesatzen: interesatzen zaion gauza bakarra da zenbat irabaziko duen indigena horren hilketarekin», uste du Guetiok.

Horrek agerian utzi du Cauca iparraldeko biztanleek gobernuaren eskuaren falta sumatzen dutela narkotrafikatzaileen arazoa bukatzeko. Eta egoera horrek konfiantza falta handia eragiten die gobernuarekiko. Horri gehitu behar zaio Cauca iparraldean duten biolentzia jasanezinak ezinezko egiten duela bizitza duin bat aurrera eramatea. Aldaketak egiten saiatzen direnean, pareta erraldoi bat izaten dute aurrean, eta horrela aurrera egitea ezinezkoa da. Kolonbia osoan aldaketa baten beharra arnasten da, baina Cauca iparraldean bereziki.

Datorren ekainean presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte, eta askok aldaketa politiko batean dauzkate itxaropen guztiak.

«Estatuan aldaketa bat behar dugu; estatuak askoz gehiago egin behar du, kolpe bat eman, zeren hemen talde armatuak daude narkotrafikoa dagoelako. Estatuak hori ezabatzen badu, talde armatuek alde egingo dute hemendik», gehitu du Guetiok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.