Kolonbiako Auzitegi Gorenak Santrich atzemateko agindu du

FARCen buruzagi ohia ez da izan beraren aurkako auzi saioan. NBEren ordezkaritza bat herrialdean izango da, bake prozesua aztertzeko

Santrich FARC gerrillaren buruzagi ohia, iragan maiatzaren 30ean, kartzelatik atera zutenean. M. D. CASTAÑEDA / EFE.
ander perez zala
2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak (FARC) gerrillaren buruzagi ohi Seuxis Pausias Hernandez Solarte Jesus Santrich atzemateko agindua eman zuen atzo herrialde horretako Auzitegi Gorenak. Santrich auzi saio batera deituta zegoen, ustez droga trafikatzeagatik, baina ez zen agertu; soilik haren abokatuak izan ziren auzitegian, eta magistratuen aurrean defendatu zuten ez dutela eskumenik beren bezeroa auzipetzeko. Santrich desagertuta dago ekainaren 30az geroztik.

Auzitegi Gorenaren Instrukzio Sala Bereziak hartu zuen erabakia, argudiatuta «justifikaziorik gabeko absentzia bat» izan zela. Fernando Carrillo fiskal nagusiaren iritziz, FARCen buruzagi ohiak «justiziaz, biktimez eta bakearekin hazi direnez» iseka egin du: «Horregatik eskatu dugu hura atxilotzeko». Santrichen Herriaren Indar Alternatibo Iraultzailea alderdia ere kritiko agertu zen haren erabakiarekin: «Jesus Santrich ez da soilik gure alderdiko militante bat. Gure zuzendaritzaren parte da, eta Ordezkarien Ganberan eserleku bat du gure izenean. Ardura politiko oso serioak ditu harengan konfiantza dugun guztiokin. [Erabakiak] Desilusioa eman digu, eta min egin digu», adierazi zuen alderdiak prentsa ohar baten bidez.

Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eskatua dute Santrich estraditatzeko, FARCen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake akordioa indarrean sartu ostean ustez egindako droga trafikoaren delituagatik. Ordea, Bakerako Jurisdikzio Bereziak Santrichi ziurtatu zion ez zutela estraditatuko, AEBek emandako frogak ez zirelako «nahikoak» izan; orduan, kasua Auzitegi Gorenera pasatu zuten, eta epaitegi horrek erabaki behar du gerrillaren buruzagi ohiaren egoerari buruz; hain justu, Santrich aske geratu zen maiatzaren 30ean, auzitegi horrek aginduta.

Ekainaren 11n, FARCen buruzagi ohiak diputatu akta hartu zuen Ordezkarien Ganberan, baina hil horren 30ean bizkartzainengandik aldendu zen, eta norabide «ezezagun bat» hartu zuen, egun horretan azaldu zutenez.

Beste bi hilda

Ia hiru urte pasatuta, FARCek eta gobernuak adosturiko bake itunak zailtasunak izan ditu edukia ezartzeko, eta indarkeriak gora egin du herrialdeko eremu askotan, batez ere giza eskubideen ekintzaileen eta FARCeko gerrillarien aurka. Atzo jakinarazi zutenez, beste bi gerrillari hil zituzten. Andres Stapper Normalizaziorako eta Itzultzerako Agentziaren zuzendariak iragan ekainean eman zuen datuaren berri: 2016ko irailetik aurtengo apirilera, bi urte eta erdian,FARCeko 128 gerrillari ohi hil zituzten. Beste erakunde batzuek diote 135 izan direla gutxienez.

Testuinguru horretan, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren ordezkaritza bat Kolonbian izango da gaurtik igandera, aztertzeko nola abiarazten den bake akordioa. Besteak beste, Ivan Duque presidentearekin batzartuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.