«Nola konta diezaioket haur bati bere amonatxoa hil zezaketelako ihes egin behar izan genuela herrialdetik?». Nicolas Quimbayo Vasquezek (Bogota, 1977) bazekien noizbait azalpenak eman beharko zizkiola bere alabari. «Sei urte-edo edukiko zituen, jatetxe libanoar batean bazkaltzen ari ginen, eta halako batean galdetu zidan: 'Aita, zergatik bizi gara Frantzian?' Ez nekien nondik hasi». Quimbayoren gurasoak M16 Kolonbiako gerrillako milizianoak izan ziren, eta 11 urterekin Bogotatik ihes egin behar izan zuen Frantziara. Quimbayoren moduan, gatazkaren ondorioz atzerrira jo behar izan zuten kolonbiarren memoria islatu nahi izan dute Semillas regadas liburuan (Hazi ureztatuak), erbestera egitea erabaki zutenen ondorengoen begietatik. Gatazkaren bigarren belaunaldiko bederatzi egilek ondu dute lan hori, Hegoa institutuarekin elkarlanean.
Erbestera joandako kolonbiarren seme-alaben bizipenak jaso dituzte liburuan, eta Quimbayo da egileetako bat: «Ez da esperientzia hori kontatzen, helduena bai, baina haurrena ez. Familiaren maletak izango bagina bezala da». Kolonbiako Egiaren Batzordeak hauspotuta, gatazkaren bigarren belaunaldikoei zuzendutako bi egonaldi antolatu zituzten Bilbon, 2019an eta 2022an. Horietan jabetu zen Anne-Elizabeth Saldarriaga Velez Magnusson (Goteborg, Suedia, 1997) bera ere Kolonbiako gatazka armatuaren biktima zela, nahiz eta bere amaren herrialdea ez ezagutu hiru urte bete zituen arte: «Neure burua ez neukan biktimatzat, baina ulertu nuen gatazkaren kontzeptua zabala dela, eta eragina duela hurrengo belaunaldien bizitzan ere». Bilboko egonaldi horiek izan ziren ernamuina. Eta, ureztatu ostean, eman dute fruitua. Iragan astean aurkeztu zuten liburua Bilbon, Hegoa institutuaren egoitzan. Bederatzi biktimaren istorioak bildu dituzte bertan.
«Gure gurasoak beste erbesteratu batzuekin elkartzen ziren: txiletarrekin, uruguaitarrekin... Guk, haien seme-alabek, ez geneukan halakorik, ez geneukan komunitaterik»
NICOLAS QUIMBAYO Kolonbiako gatazkaren biktima
«Bakoitzak bere istorioa du. Ni ez nintzen Kolonbian jaio. Nire amak herrialdea utzi eta hamar urtera jaio nintzen, Suedian». Saldarriagaren ama giza eskubideen aldeko abokatua zen Medellinen (Kolonbia); Suediara iritsitakoan, hutsetik hasi behar izan zuen: «Suediera menderatzen ez zuelako, azkarra ez balitz bezala hartu zuten. Amorrua ematen zidan». Askotan seme-alabek gurasoei lagundu behar izan dietela azaldu du Quimbayok: «Goizetik gauera guztia aldatu zitzaien. Izan zezaketen lanbide bat Kolonbian, klase sozial bat, baina hona iritsi eta seme-alabak ginen hizkuntza genekienak, gurasoei laguntzen zietenak».
«Zauri ikusezinak» aipatu dituzte bi egileek. «Askotan, Kolonbian pentsatzen dute erbestean daudenak ondo daudela, dirua bidaltzen dutelako. Baina ez dakite zer esan nahi duen atzerritarra izateak, hizkuntza ez jakiteak, arrazakeriak...», azaldu du Quimbayok. Are eta ikusezinagoa da erbestera egitea erabaki zutenen ondorengoek bizitakoa: «Gure gurasoak beste erbesteratu batzuekin elkartzen ziren: txiletarrekin, uruguaitarrekin... Guk, haien seme-alabek, ez geneukan halakorik, ez geneukan komunitaterik. Esaten ziguten 'gazteak zarete, eskolara joango zarete eta egokitzea errazagoa izango da', baina niretzat oso zaila izan zen 11 urterekin Frantziara iristea».

Aldi baterako joan zirela sinetsita zegoen Quimbayo, baina berrogei urte daramatza Frantzian bizitzen. Bost urteren buruan itzuli zen lehen aldiz Kolonbiara, 16 urte zituela, bisitan. «Bost urtez ezin izan nuen kasik Kolonbiako irudirik ikusi, ezta Kolonbiako soinurik entzun ere». Tarteka aldizkariren bat edo egunkariren bat jasotzen zuten, eta, hiru hilabete lehenagokoa izan arren, «gozoki batek» adinako ilusioa egiten zion Quimbayo gazteari. Gainera, telefonoz Kolonbiara deitzea ere oso garestia zela jakinarazi du, eta ezin zituztela dei luzeak egin: «Batzuetan txanpon bat sartzen nuen, soilik 'alo!' bat entzuteko».
Kolonbiako soinuak ez ezik, Kolonbiako gatazkaren ingurukoak entzutea ere ez da erraza izan erbesteratuen etxean: «Tabua da zenbait familiatan». Quimbayok lehengusu asko ditu Kolonbian, eta «pozik» daude Parisen lehengusu bat dutelako, baina ez dakite «zergatik» dagoen hor. Berak «zortea» izan duela uste du, bazekielako bere gurasoak «zertan» aritu ziren. Halere, aitortu du familia gehienetan egoera bestelakoa izan dela, eta, gaineratu duenez, ez da ohikoa izaten seme-alabek iraganaz galdetzea, bai baitakite mindu egin ditzaketela gurasoak. «Baina hitz egin behar da; gainontzean, trauma belaunaldiz belaunaldi igarotzen da». Horregatik, argi zuen noizbait bere alabari kontatu beharko ziola aitona-amonen historia.
Gerra ikusezina
Saldarriagaren etxean, ez zen gatazkaren inguruan hitz egiten: «Etxeko egoera konplexua zen: ama atzerritarra zen; aita, langilea eta gaixo zegoen. Gizarteko outsider-ak ginen. 'Nire alabak badu nahikoa arazo', pentsatzen zuen amak, eta erabaki zuen ia ez hitz egitea familiaren eta bere iraganaren inguruan». Hori bai, amak beti esaten zuen Kolonbia gerran zegoela. Alabak, baina, ez zuen gerraren zantzurik ikusi Kolonbia lehen aldiz bisitatu zuenean; hiru urte zituen.
«Amak esaten zuen Kolonbia gerran zegoela, baina nik han ikusten nituen palmondoak, jende irekia, alaia... Ez nuen ulertzen, eta amari esaten nion ez zela ezer gertatzen. Haurren inozentzia... Beste mundu bat zen niretzat; herrialde nordikoetako negu etengabetik, lurralde tropikal hartara. Gainera, Suedian ez bezala, Kolonbian familia izugarri handia daukat, eta han lehengusuekin jolastu ahal izaten nintzen. Erregina baten moduan sentitzen nintzen: guztiek egiten zidaten kasu».
«Mehatxuak hor daude, nire aurkakoak, eta nire amaren aurkakoak. Eta beldurra ere bai: sortu zizkiguten beldurrak hor daude oraindik»
ANNE SALDARRIAGA Kolonbiako gatazkaren biktima
Urte batzuen buruan hasi zen jabetzen Kolonbiako familiak zegatik tratatzen zuen horrela: «Hiru urtez ez ninduten ikusi, ez genituen batera ospatu urtebetetzeak, Gabonak ere ez». 18 urte bete zituenean, Saldarriagak nazionalitate kolonbiarra lortzea erabaki zuen; gainera, garai hartan hasi zen ama alabari iraganari buruz hitz egiten. Alabak harago joatea erabaki zuen: «Nire sustraiak ezagutu nahi nituen; nire familia, ni neu zein nintzen jakin nahi nuen». Zauriak itxi nahi zituen. Eta 2019an Kolonbiara joatea erabaki zuen, unibertsitatean ikastera. Hasieran ez zen guztiz seguru sentitzen, zerbait pasatuko zitzaiola uste baitzuen. Eta, gaur egun, oraindik ere badu tentsio hori: «Mehatxuak hor daude, nire aurkakoak, eta nire amaren aurkakoak. Eta beldurra ere bai: sortu zizkiguten beldurrak hor daude oraindik».
Izan ere, 2016an Kolonbiako Gobernuaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzailearen artean bake akordioa sinatu bazuten ere, gatazka ez dagoela konponduta ziurtatu dute bi egileek. Quimbayo: «Bake akordioa ez da bakea; sinadura bat baino ez da. Gero akordio hori bete egin behar da». Ez itun hori sinatu zuen presidente Juan Manuel Santosek (2010-2018), ezta haren kargua hartu zuen Ivan Duquek ere (2018-2022) ez zutela hitzemandakoa bete ziurtatu du Frantzian bizi den kolonbiarrak, eta uste du egoerak ez duela hobera egin: «FARCek kontrolatzen zituen lurraldeak utzi zituen, baina estatua ez zen iritsi, eta banda kriminalek hartu zituzten lur horiek. Ez dira gerrillak, narkotrafikatzaileak dira». Halere, Quimabayok azaldu duenez, ezker armatua desegiteak ateak ireki dizkio ezkerreko presidente bati —Gustavo Petro da Kolonbiako presidentea 2022tik—, eta haren eskutik zenbait erreforma iritsi direla ziurtatu du.