Kolonbiako ezkerraren aro berria: erresistentzia

Ultraeskuinak presidentetza hartuko du, eta ezkerrak erresistentzia antolatzeari ekin dio. Aro politiko berri honetan ere, indarkeriak baldintzatuko du Kolonbiako politika.

Herritar batzuk Itun Historikoaren mitin batean Bogotan, maiatzaren 17an. CARLOS ORTEGA / EFE
Herritar batzuk Itun Historikoaren mitin batean Bogotan, maiatzaren 17an. CARLOS ORTEGA / EFE
Zurine Rodriguez
Cali
2026ko uztailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ricardo Hernandez Itun Historikoaren bilera batetik irten da, eta tusa dauka. Tusa deitzen diote kolonbiarrek hauteskundeen ondorengo biharamun emozionalari, eta hori da, zehazki, ezkerreko aktibistek sentitzen dutena ekainaren 21eko emaitzen ostean. Igande hartan, Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrak 250.830 botoren alde txikiarekin irabazi zion Ivan Cepedari. Hala ere, ezkerrak bere historiako emaitzarik onenak lortu zituen. «Hain alde txikiarekin ez dago ez tusa izateko tarterik, ezta shockean egoteko astirik ere. Erresistentzia antolatu behar da», esan du Hernandezek. Barne Ministerioaren aholkularia izan da azken lau urteetan, Gustavo Petro presidentearen gobernuan.

Blanca Valencia giza eskubideen defendatzailea erresistentzian ari da dagoeneko. Antioquian bizi da, gatazka armatuak gogorren jo dituen eskualdeetako batean —bera ere biktima izan da—, eta ultraeskuinak boto gehien lortu duen lurraldean. «Hemen nabaritzen hasiak gara gobernu berriaren indarkeria», azaldu du. Segovia udalerriko meatze batean indar publikoek egindako miaketa baten berri jaso du Valenciak. Bertan, Poliziak pertsona bat hil du, eta hainbat zauritu daude. Egun batzuk lehenago, De la Espriellak iragarri zuen, talde armatuak amaitzeko aitzakiarekin, bonbardaketak egingo dituela berriro.

Zuzeneko indarkeria handituko dela aurreikusita, erresistentzia da azken asteotan Kolonbiako sektore aurrerakoietan gehien entzuten den hitza. Erresistentzia hori indarkeriarik gabeko desobedientzia zibilaren bidez gauzatzea proposatu dio Ivan Cepeda ezkerraren presidentegai izan zenak herrialdeari. «Orain gakoa da desobedientzia hori nola gauzatuko den jakitea», azaldu du Natalia Marinek, Antioquiako Unibertsitateko soziologoak. Haren ustez, hiru frontetan egituratu behar da: legebiltzarrean, instituzioetan eta gizartean.

Itun Historikoko Ricardo Hernandez fronte parlamentario eta instituzionalean dihardu buru-belarri. «Oposizio gogorra egin behar dugu, agerian utzi behar dugulako Aberlardo de la Espriellaren aparatua Ameriketako Estatu Batuetatik zuzentzen ari direla», azaldu du. Horregatik, begi onez ikusten du De la Espriellaren paraleloan jardungo lukeen presidentetzarako gobernu alternatibo bat sortzeko formula, nahiz eta zaila ikusten duen martxan jartzea. «Kolonbian ez dugu horretarako biderik ematen duen lege esparrurik».

Horren ordez, nahiago du Itun Historikoaren Batzar Konstituziogilea prestatzea. «Alderdi sendo bat izan gabe ez baikara itzuliko gobernura», iragarri du. «Horregatik, erabaki behar dugu zein izango diren gure egitura eta gure zuzendaritza». Eta ohartarazi du benetako erronka zera dela, «joko parlamentariotik harago joango den alderdi mugimendu bat sortzea, datozen urteetan kaleko mobilizazioari eutsiko diona».

«Joko parlamentariotik harago joango den alderdi mugimendu bat sortu behar da, datozen urteetan kaleko mobilizazioari eutsiko diona»

RICARDO HERNANDEZ Itun Historikoko kidea

Valenciak bat egiten du ikuspegi horrekin, eta gaineratu du bi urte barru egingo diren tokiko eta eskualdeko hauteskundeak izango direla benetako neurgailua ikusteko bide onetik ote doazen eta boterea eskuratzeko lehian gai ote diren. Marinen ustez, ordea, erresistentziaren arrakasta ezkerrak eta mugimendu sozialek lidergo berriak eraikitzeko izango duten gaitasunaren araberakoa izango da: lidergo berri horiek harreman estua izan beharko dute gazteekin, baita komunitate indigenekin, nekazariekin eta afrikarren ondorengoen komunitateetatik sortzen ari diren eragile berriekin ere. Haren iritziz, horiek dira «Kolonbiako ezker berriaren indargunea», eta haiek murriztu dezakete hauteskundeetako aldea eta «geldiarazi lurraldeetako indarkeria». Diana Bustos gatazka armatuan aditu, ikertzaile eta biktimen laguntzailea, ordea, zuhurrago mintzo da. Beldur da «lidergo horiek babesteko modurik izango ote den, eta heriotza bortitzak eta epaiketaz kanpoko exekuzioak ez ote diren ugarituko», bereziki Kolonbiako gunerik gogorrenetan, hala nola Antioquia ipar-ekialdean eta Catatunbon.

Hori bai, guztiek uste dute «indarkeriari eustea» dela erronka nagusia. «Argi daukagu heriotza eta lurraldeetako kontrol hilgarriagoa ekarriko dituela mobilizazio iraunkorrak», ohartarazi du Valenciak. Giza eskubideen defendatzaile horren iritziz, datozen hilabeteetan nabarmen handituko da talde paramilitarren, armadaren eta narkotrafikoaren presentzia, meatzaritza eta lur arraroak dituzten lurraldeetan batez ere. «Estatuaren konplizitatearekin, multinazionalek gure lurra banatuko dute». Egoera berri hori ikusirik, Valenciak proposatu du nekazaritza erreformaren defentsarako batzordeak berraktibatzea eta mobilizazioa landa eremuetan zentratzea.

Beste tresna batzuk

Hala ere, denek diote zuzeneko errepresioa ez dela izango ultraeskuineko gobernu berriak erabiliko duen tresna bakarra. Hernandezen arabera, politikaren judizializazioa eta jazarpen judiziala izango dira De la Espriellaren gobernuaren ikur berrietako batzuk. «Prozesu judizial faltsuen bidez suntsitu nahi gaituzte. Erbesteratzeko aukera ere aurreikusten ari gara, eta geure burua defendatzeko prestatzen ari gara», nabarmendu du. Bustosen ustez, gatazka armatuko biktimei bermeak eman dizkieten egitura nagusiak desegin egingo dira judizializazioarekin batera, hala nola Desagertutakoak Bilatzeko Unitatea eta trantsiziozko justizia sistema. Horrek, haren hitzetan, «dolua areagotuko du eta zigorgabetasuna indartuko».

«Kolonbia berriro ere Latinoamerikako errepresioaren laborategi bihurtuko da»

BLANCA VALENCIA Giza eskubideen defendatzailea

Valenciak, berriz, adimen artifiziala eta Israelgo teknologia ikusten ditu aktibismoa kontrolatzeko eta «errealitatea bere beharren arabera moldatzeko» metodo berritzat, eta balizko hauteskunde iruzurrari egin dio erreferentzia. Harago joan, eta ziurtatu du «Kolonbia berriro ere Latinoamerikako errepresioaren laborategi» bihurtuko dela. Hori eragozteko, erresistentzia Latinoamerikako begiradatik antolatzea proposatu du. «Horrek aukera ematen digu kontinente gisa erantzuteko olatu inperialista eta faxista honen aurka».

Abuztuaren 7an da De la Espriella Kolonbiako presidente kargua hartzekoa. Hortik aurrera, panorama berria eta ziurgabea izango dute herrialdean. Indarkeria, erresistentzia eta gatazka soziala izango dira datozen lau urteetako ardatz nagusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA