HRW Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi du Kolonbiako talde armatuek gero eta adingabe gehiago errekrutatzen dituztela. Gaur argitaratu duen txosten baten bidez eman du giza eskubideen aldeko GKEak joera horren berri. Uste nuen ez ez nuela ama berriro ikusiko du izenburua ikerketak, eta talde armatuek Kolonbiako adingabeak nola errekrutatzen dituzten aztertu du. Egoerari aurre egiteko gomendioak ere eman ditu GKEak, eta zuzenean mintzatu zaio Abelardo de la Espriella presidenteari —kargua hartu berri du—, «berehala» neurriak har ditzala eskatzeko.
2021etik gaur arte, 1.500 adingabe inguru errekrutatu dituzte Kolonbiako gerrillek, herrialdeko arartekoaren datuen arabera. HRWek «larritzat» jo du datua, eta jakinarazi errekrutamenduak «asko» ugaritu direla, bereziki 2023tik aurrera —FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako disidenteek errekrutatu dituzte adingabe gehienak—.Â
GKEak adierazi duenez, haurrek pairatzen duten pobreziaz, bazterkeriaz eta hezkuntza faltaz baliatzen dira talde armatuak gazteak erakartzeko, eta dirua, boterea eta ospea lortuko dutela zin egiten diete. Ondoren, kide bilakatzen diren adingabeak etxetik urrun eraman ohi dituzte, beren familietatik bakartzeko eta ihes egitea zailtzeko. Batzuetan, gazteek entrenamendu militarra jasotzen dute. Beste batzuetan, berriz, informazioa biltzeko, mezuak zabaltzeko, bahituak zaintzeko edota droga trafikoan laguntzeko erabiltzen dituzte.Â
Beraz, azken urteetan adingabe gehiago errekrutatu dituzte jarduera horietan parte har dezaten, eta, hortaz, Kolonbiako haur eta gazteek dituzten arriskuak handitu, txostenean azaldu dutenez. Errekrutatutako gazteek, nagusiki, 15 edo 16 urte izaten dituzte, eta %40 inguru neskak dira. GKEak ohartarazi du gerrillek gero eta emakume gehiago errekrutatzen dituztela eta emakume horiek arrisku «handia» dutela sexu indarkeria jasateko.Â
Bestalde, txostenean salatu dute 2021etik errekrutatutakoen %30 inguru 10 eta 14 urte arteko gazteak direla, eta nabarmendu hori gizadiaren kontrako krimena dela Erromako Estatutuaren arabera.Â
HRWek egoera okertzea egotzi dio gobernuari, eta adierazi talde armatuei aurre egiteko politikak ez direla nahikoa. Ikerketak agerian utzi du haurrak talde armatuetatik babesteko eta erreskatatzeko politiketan «gabezia larriak» daudela, eta GKEak salatu du politika horiek ez daudela «oraingo beharretara» egokituta.
Gainera, adingabeak arriskuan jartzen dituen funtsezko beste elementu bat ere aipatu dute ikerketan: sare sozialak. HRWek ohartarazi du gerrillek sare sozialen bitartez zabaltzen dituztela beren jarduerari buruzkoak, eta gazteengana hurbiltzeko tresna nagusi bilakatu direla. Esate baterako, talde armatuetako kide izatea goraipatzen duten eta haiekin bat egitera deitzen duten 70 kontu baino gehiago eta 40 mezu baino gehiago aurkitu dituzte ikertzaileek Facebook eta Tiktok plataformetan. HRWen datuen arabera, horrelako mezuen bitartez erakarri dituzte azken urteetan errekrutatutako gazteen erdiak.
«Borroka» talde armatuen aurka
De la Espriellak talde armatuen kontra «gogor» egingo zuela adierazi zuen hauteskunde kanpainan, eta iragan astean jarrera hori berretsi egin zuen, eta talde horien aurkako «borroka» bere gobernuaren lehentasunetako bat dela nabarmendu.Â
«Bakea armen bidez soilik» lor daitekeela adierazi zuen hilabete hasieran, oraindik presidente kargua hartu ez zuela —abuztuaren 7an hartu zuen presidentetza—; eta iragan asteetan esan zuen operazio militarrak abiatu dituela talde militarren aurka, bereziki FARCeko disidenteen aurka. Â
HRWek, ordea, gatazkari beste era batean heltzeko eskatu dio De la Espriellari, eta adingabeak babesteko sistemak garatzeko. Hala, GKEak Bogotari adierazi dio presentzia militarra handitzeaz gain segurtasuna eta integrazioa bermatzen duten politikak bultzatu beharko lituzkeela, «haurren giza eskubideak urratu ez ditzaten».