Morroi «zintzoa» da Ivan Cepeda. Hori uste du Sinar Alvarado kazetariak Itun Historikoa ezkerreko koalizioaren Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeetarako hautagaiaz. Ezkerrak eutsi egin nahi dio azken lau urteotan Gustavo Petro herrialdeko presidentearen agindupean hasitako «eraldatze politikorako prozesuari», eta Alvaradori iruditzen zaio Cepedak ekarpen bat egin dezakeela bere «balio etikoei eta gardentasunari» esker. Eskarmentuduna da, gainera: gaztetatik izan da aktibista giza eskubideen aldeko mugimenduetan; Ordezkarien Ganberako kide izan zen 2010etik 2014ra; eta senatari da ordutik. Inkesten arabera, bozak irabazteko faborito nagusia da —maiatzaren 31n egingo dituzte—. Gaur, legebiltzarrerako bozak ez ezik, hiru kontsulta dituzte Kolonbian: bloke ideologiko bakoitzak bere presidentegaia aukeratuko du.
Ezin izango dute Cepedaren alde egin ezkerraren kontsultan, hauteskunde batzordeak otsail hasieran deliberatu zuelako senatariak jada kontsulta batean parte hartu duela, Itun Historikoarenean, eta, horrenbestez, legez, ezin duela bitan parte hartu; dena den, presidentegai izango da maiatzean. Besteak beste The New York Times-entzat, The Guardian-entzat eta El País-entzat kolaboratzen duen kazetari venezuelarraren ustez, baina, Cepedari ez dio kalte egingo gaurko kontsultan hautagai ez izateak.
Ezkerraren kontsultan faboritoak dira Daniel Quintero eta Roy Barreras. «Badakite ia ez dutela aukerarik hauteskundeetan, baina kontsulta hauek egiten dituzte elkar neurtzeko, beren botoak kontatzeko, eta, horiek eskuan, aukera edukitzeko gobernu berriarekin negoziatzeko, parte hartzea lortze aldera». Alvaradok nabarmendu du Barrerasek, esaterako, Alvaro Uribe (2002-2010) eta Juan Manuel Santos (2010-2018) eskuinekoen gobernuak babestu zituela; baita, azkenik, Petrorena ere (2022tik). «Batik bat, barrerista da. Ez da ezkerraren aldeko borrokalari bat; burokrata zahar bat da, politikari azkar bat».
«Cepeda ez da hain pragmatikoa: Petrok baino gehiago eusten die printzipioei»
SINAR ALVARADO Kazetaria
Petro harekin nolabait aliatu izanak ezkerreko jende asko haserrearazi zuen, kazetariaren iritziz. «Uste dut Cepeda alde horretatik ez dela hain pragmatikoa, Petrok baino gehiago eusten diela printzipioei. Eta irabazten badu, espero liteke gobernu garbiago bat osatzea». Iruditzen zaio Petrok «politikari tradizional batzuen» laguntza bilatu behar izan zuela —besteak beste, Barrerasena eta Armando Benedetti Barne ministroarena—, azken aukera zuelako presidentetzara heltzeko. Bide batez, egungo presidentea ezin da berriro hautagai izan, presidente bat bozetara jarraian aurkezteko aukera ematen zuen konstituzioko artikulu bat baliogabetu zuelako Kongresuak 2015ean, Santosen garaian.
Uriberen kontra
Herritar batzuk «etsita» daude Petrorekin. «Ez dira iritsi agindu zituen erreformak». Alvaradoren hitzetan, hauek dira: «erabateko bakea», batetik, eta osasun sistemaren erreforma, bestetik. «Bake plana oso anbiziotsua zen, baita eginezina ere». Eta azaldu du zergatik: Petrok talde armatu guztiak eserarazi nahi zituen, «aldi berean». Baina ELN Nazioa Askatzeko Armada aktibo dago oraindik, baita FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen disidentziak ere.
Orduan, Cepedak erronka «izugarri bat» dauka, etsita daude herritar horiek konbentzitu beharko dituelako eta, gainera, zentrokoak ere seduzitu beharko dituelako, herrialdeak eutsi diezaion duela lau urte hasitako «irekiera demokratikoari»; aurrenekoz irabazi zituen bozak eskuin tradizionalekoa ez zen hautagai batek. Inkestek diotenez, Cepeda ez da botoen erdiak baino gehiago biltzeko gai izango maiatzaren 31n, eta, orduan, bigarren itzulia egingo lukete, ekainaren 21ean. Horretan, eta inkestek diotenari erreparatuz, Abelardo de la Espriella eskuin muturrekoarekin lehiatuko litzateke.
Alvaradok dioenez, Cepedaren indarguneetako bat da bere ibilbide politikoan erakutsi duela «oso koherentea» dela. Eta gogoratu du «ausarta» izan dela gainera, Uribe bezalako «gizon boteretsu bati» aurre egin diolako. «Ez zuen atzera egin konfrontazio horretan, eta lortu zuen hura eseraraztea eta auzitegi batek hura kondenatzea». Duela hamabost urte inguru, Cepedak egotzi zion Uriberi lotura edukitzea paramilitarrekin. Presidente ohiak salatu egin zuen, eta prozesu judizial bat hasi zen. Hamahiru urte geroago, 2025eko uztail amaieran, epaile batek hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zion Uriberi, lekukoak manipulatzeagatik, beste beste. Handik egun batzuetara, baina, Bogotako Auzitegi Nagusiak absolbitu egin zuen. «Hori gertatuta ere, Cepedak arrakasta politikoa eduki zuen», azpimarratu du Alvaradok.