Palestinako bake prozesua garai kritikoan da, eta Israelgo Gobernuak beste kolpe gogor bat eman dio. Jerusalemgo Udalak palestinarrei 1967an okupatutako lurretan 186 etxebizitza eraikitzeko plana onartu eta biharamunean, Israelgo Gobernuak Zisjordaniako kolonietan beste 1.520 etxe egiteko eskaerari oniritzia eman diola argitaratu zuen atzo Haaretz egunkariak. Hain justu, Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak AEBei Israelek kolonia gehiago ez eraikitzeko konpromisoa lotzeko eskatu eta hiru egunera.
Israelgo Etxebizitza Ministerioak sustatuta, Zisjordaniarako Administrazio Zibilak —Defentsa Ministerioaren eta armadaren menpekoa— asteazkenean onartu zituen kolono juduentzako 1.520 etxebizitza berri eraikitzeko proiektuak. Ariel kolonian, palestinarrekiko bake negoziazioengatik azkeneko hilabeteetan Israelek eraikuntza izoztuta eduki duen eremuan, 839 etxebizitza egitea aurreikusi dute. Bet El kolonian, berriz, hirurehun etxe egingo dituzte, eta Almogen, 31. Shvut Rajelen, azkenik, kolonoentzako 350 etxe egitea onartu du Zisjordaniarako Administrazio Zibilak. Proportzioan, azken urteetako zabalkunderik handiena izango da, gaur egun ehun familia bizi baitira Shvut Rajel kolonian.
Jerusalemgo alkatetzaren planean, berriz, 146 etxe Har Homa kolonian eraikitzea onartu dute, Betleem hiritik bertan, eta beste berrogei Pisgat Zeeven, Beit Hanina auzo arabiarraren eta A Ram eta Hezna herrien artean. Sei Eguneko Gerraren ostean palestinarrei okupatutako eremuko bi auzune horietan, 63.000 kolono bizi dira gaur egun, eta Jerusalem ekialde osoan eta Zisjordanian, 500.000 baino gehiago.
Kolonia horien eraikuntzak are gehiago zailtzen du bi estatuen irtenbidea, palestinarren artean inor gutxik babesten duen aukera izanagatik, Al-Fatah eta PAN bazter utzita. Har Homakoa bereziki larria da, Jerusalemgo berezko eremu arabiarra Betleem eta Beit Sahour herriekin lotzea galarazten duelako. Eta barruti horietan zenbat eta kolono judu gehiago pilatu, are zailagoa izango litzateke balizko bake akordio baten ondoren Israelek lurralde horiei uko egitea.
Iazko uztailean PANek eta Israelek berriro bake negoziazioak hasi zituztenetik, kolonietan 10.509 etxebizitza berri hasi dira eraikitzen, PAE Palestina Askatzeko Erakundeak jakinarazi duenez. Aurreko urtearekin alderatuta, gainera, 2013an eraikin berriak %123 gehiago izan ziren, Israelen beraren estatistika ofizialen arabera.
Azken zortzi hilabeteotan, halaber, Israelgo indar armatuek 56 palestinar hil dituzte, eta 897 zauritu, PAEren arabera; eta segurtasun indarrek 3.000 palestinar atxilotu dituzte. Kolono juduek, bestalde, bostehun bat eraso egin dituzte Zisjordanian, palestinar zibilen eta haien ondasunen kontra.
Kolonoentzako beste 1.700 etxebizitza
Israelgo Gobernuak 1.520 etxe eraiki nahi ditu Zisjordanian, eta Jerusalemgo Udalak beste 186 lur okupatuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu