Komorowski hautagai liberala da faborito Poloniako bozetan

Inkesten arabera, ez du gehiengo osoa lortuko; horregatik, bigarren itzulian lehiatu beharko du Jaroslaw Kaczynskiren aurka

2010eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Inkesten arabera, Bronislaw Komorowskik irabaziko ditu gaurko hauteskundeak. Garaipena ez du askok uste zuten bezain aise lortuko, ordea. Joan den apirileko istripuak, izan ere, nabarmen eragin du Poloniako hauteskunde kanpainan: Jaroslaw Kaczynskik ezbeharrean hil zen anaiaren tokia hartzeko prest zegoela jakinarazi zuenetik, gora egin du kontserbadoreen aldeko boto asmoak. Joan den apirilean, 96 lagun hil ziren hegazkin istripu batean, Smolensken (Errusia); tartean, dozena bat goi kargudun eta presidentea bera, Lech Kaczynski. Horregatik aurreratu dituzte udazkenean egitekoak zituzten presidentetzarako bozak.

Gazeta Wyborcza egunkariak argitara emandako azken inkesten arabera, Bronislaw Komorowskik botoen %48 eskuratuko ditu. Kaczynskik, berriz, hark baino hamalau puntu gutxiago.Haatik, joan den asteburuan argitaratutako datuen arabera, bi hautagaiak parekoago geldituko dira: boto-emaileen %38k Komorowskiren alde egingo lukete, eta %36k Kaczynskiri emango liokete botoa.

Hegazkin istripua gertatu aurretik, inork gutxik jartzen zuen zalantzan hautagai liberalaren garaipena. Kasik segurutzat jotzen zuten bera izango zela presidente; haatik, hala gertatuta ere, ez dirudi lehenengo itzulian lortuko duenik. Hautagai bakar batek ere ez baitu lehendabiziko saioan gehiengo osoa eskuratzen; izan ere, sostengu zabalena lortu duten bi hautagaiek buruz buru lehiatu beharko dutela dio Poloniako Hauteskunde Legeak. Ondorioz, gauzak uste bezala irteten badira, datorren uztailaren 4an Komorowskik eta Kaczynskik elkarren aurka aritu behar dute berriro.

Eta buruz burukoan, Komorowskik asmatuko ez duen susmoa dute adituek. Izan ere, karisma gutxi aitortzen diote Herri Plataforma alderdiko buruzagiari. «Presidente ona izango litzateke; baina hautagai gisa, huts egin du», adierazi du Krzysztof Bobinskik, Unia&Polska Fundazioko analistak. «Gerta daitekeenaren inguruan zalantza askoditut. Kaczynskik badaki borrokatzen, eta Komorowskik baino hobeto egingo du lehian; azken hori moderatuegi agertu da», adierazi du, bere aldetik, Bartek Nowakek, Nazioarteko Harremanetarako Zentroko zuzendari exekutiboak. «Kaczynskik asko irabaz dezake aurrez aurrekoan», uste du.

Poloniako Parlamentuko presidente da Bronislaw Komorowski, baita, hortaz, herrialdeko behin-behineko presidente ere -Lech Kaczynski hil zenean, horrek hartu behar izan zuen kargua-. Harekiko kritiko direnek, baina, presidente jardunean botere gehiegikeriaz aritzea egotzi diote. Izan ere, Smolensko istripuan hildako goi kargudunen ordezkoak aukeratzea egokitu zaio Komorowskiri; hainbaten ustez, ordea, azkarregi hartu ditu zenbait erabaki, hala nola Segurtasun Nazionaleko Zentroko kideak izendatzekoa.

Kaczynskik, bere aldetik, Poloniako osasun sistema pribatizatu nahi izatea egotzi dio. Halakoak kalumniatzat jo ondoren, dena dela, Varsoviako auzitegi batek aurrerantzean halakorik gehiagotan esatea debekatu dio. Osasun sistema pribatua sustatzearen aldekoa baita Komorowski, ez, baina, hura osasun publikoaren ordez jartzekoa.

Hamar hautagai lehiatuko dira gaurko hauteskundeetan; bi nagusiez gain, baina, ez dirudi besteek nabarmentzea lortuko dutenik. Bigarren itzulian hartuko dute haien proposamenek pisu handiagoa; izan ere, buruz buru lehiatzen direnek ahaleginak egin beharko dituzte haien boto-emaileak bereganatzen.

Parte-hartzea

Poloniako zenbait tokitan txikizio handiak eragin dituzte joan den egunetako uholdeek; adituen ustez, horregatik, hauteskundeetan baino gehiago beste gauzetan dute burua herritar askok. Ez da parte-hartze handia espero,ondorioz: %40koa edo.

Abstentzioa handia bada, Jaroslaw Kaczynskiri egingo dio mesede; izan ere, Herri Plataformaren aldeko boto-emaileek izaten dute etxean gelditzeko joera handiena. Horren jakitun, hauteskundeetan parte hartzeko deia egin die hautagai liberalak. Horixe izan da bere kanpainako leloa ere: «Eman ezazu botoa, zauden tokian zaudela ere».

Kaczynskiren Legea eta Justizia alderdiak, berriz, boto-emaile gehien duen eremuetan egin du nagusiki kanpaina; alegia, hirietatik kanpo, nekazaritza eremuetan bereziki. Sektore kontserbadoreenetan lortu izan dute kaczynskitarrek boto gehien; haiei esker eskuratu zuen Jaroslawek ere lehen ministro kargua, 2005ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.