Katalunia

Konfiantza mozio bat aurkeztuko du Puigdemontek abuztuaren ondoren

Kataluniako Parlamentuak atzera bota du gobernuaren aurrekontu proiektua. Oposizio osoak bozkatu du osoko zuzenketaren alde: aurrekontu proposamenak 62 legebiltzarkideren babesa jaso du, eta osoko zuzenketak, 72rena.

Generalitateko presidente Carles Puigdemont eta JxSiko eledun Jordi Turull, CUPen erabakia aztertzeko bilerara heltzen. ANDREU DALMAU / EFE
Arantxa Elizegi - Jon Olano
2016ko ekainaren 8a
07:25
Entzun

Arrakala handia zabaldu du aurrekontu proiektuak Kataluniako Parlamentuko bi indar subiranisten artean. Lehen aldiz, legebiltzarrak atzera bota du aurrekontu proiektua, oposizioko indar guztiek osoko zuzenketa babestuta.

Ondorioak izango ditu horrek. Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko presidenteak iragarri du konfiantza mozioa aurkeztuko duela abuztuaren ondoren, azaldu ostean ez duela behar adinako babes parlamentariorik gobernu plana betetzeko : "Gauzak aldatu egin dira, eta ez dut inolako interesik agintaldia modu injustifikatuan luzatzeko".

Puigdemontek herrialdea "independentziaren atarira eramateko konpromisoari" eutsi dio, baina ñabardura batzuk zehaztuta: "Jarraitu beharra dago, baina ez egoera honetan. Ez hain oinarri bolatilarekin". CUPen aurka egin du, eta gogoratu Artur Masek bere hautagaitza atzera bota zuela Junts Pel Siren eta CUPen arteko akordioa ahalbidetzeko. CUPek osoko zuzenketan atzera egin ez izanak ez du "ez logikarik, ez leialtasunik, ez proportzionaltasunik", Puigdemonten ustez.

CUPen erabakia gogor kritikatu du Generalitateko Ekonomia kontseilari eta ERCko buru Oriol Junquerasek: "Honek ondorio oso larriak izango ditu. Egungo egoerak konpromisoak hartzea eskatzen du, eta horri uko egiteak ondorioak izango ditu herritarrengan".

CUPeko kontseilu politikoak eta ekintza parlamentariorako taldeak bart egin duten batzarrean erabaki zuten aurrekontu proposamenari aurkeztutako osoko zuzenketei eustea. Erabakiak, ordea, zatiketa eragin zuen taldean. Izan ere, 29 batzarkidek bozkatu zuten zuzenketei eustearen alde, 26k aurka, eta hiru kide abstenitu egin ziren. Dena den, taldeak nabarmendu du aurrekontuei ezetz esan izanak ez duela esan nahi elkarlanerako prest ez daudenik. "Aurrekontu hauek azaroaren 9ko adierazpenaren aurkakoak dira, ez baitute zabaltzen subiranotasun politikorako bidea", azaldu du Anna Gabriel diputatuak, eta Junts Pel Siri egotzi dio proposamena tramitera bidali izana CUPekiko negoziazioak amaitu aurretik.

Legebiltzarreko osoko bilkura hasi baino minutu batzuk lehenago, eta CUPen erabakiak eragin dezakeen eztabaida baretzeko asmoz, elkartasunerako deia egin die bi aldeei ANC Biltzar Nazional Katalanak. "Erantzukizuna, ausardia eta eskuzabaltasuna eskatzen diegu independentziaren aldeko diputatuei, gure konfidantza haiengan jarri dugun guztion izenean, eta gogorarazten diegu aurrekontuan onartzea dela bide bakarra prozesua aurrera eramateko", nabarmendu du biltzarrak komunikatu batean.

Gobernabidea

Kritikak kritika, CUPek argi utzi du euren erabakiak ez duela kolokan jartzen Junts Pel Sikoekin hitzartutako gobernabide akordioa. "Hitza eman genuen azaroaren 9ko adierazpenari eutsiko geniola, eta eutsiko diogu", nabarmendu du Eulalia Reguant diputatuak. Harekin bat etorri da Albert Botran diputatua ere, eta ohartarazi du Junts Pel Sikoak izan zirela adostu gabeko aurrekontuak aurkeztu dituztenak. "Zenbaitek uste dute mahai gainean jartzen den elementu berri oro CUPi egindako oparia dela. Horrek ez du lagundu, eta ezta hauteskunde kanpainan egoteak ere".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.