Koronabirusa. Eskuin muturra

Konfinamendua, «botere abusua»

Koronabirusak gogorren jo duen herrialdeetan piztu dira konfinamenduaren kontrako protesta handienak. BERRIAk bost herrialdetako protesten argazkia egin du: Alemania, Italia, Espainia, AEB eta Brasilgo mobilizazioei erreparatu die.

JJOEDSON ALVES / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Larrialdi egoeragatik suminduta, kalera atera dira. Munduko herrialde ugaritan piztu dira protestak, gobernuek COVID-19aren kontra hartu dituzten salbuespen neurriak salatzeko. Tokian-tokian mobilizazio horiek ezaugarri bereizgarriak dituzten arren, badituzte antzekotasun batzuk ere. Batetik, protesta heterogeneoak dira. Askotariko arrazoiengatik manifestatu dira herritarrak. Badira txertoen kontrakoak, pandemia konspirazio hutsa dela uste dutenak, larrialdi egoera gobernu autoritario bat ezartzeko lehen urrats gisa ikusten dutenak, antikapitalistak, krisi ekonomikoagatik kezkatuta daudenak... Baina, bestetik, ezaugarri komun dute eskuin muturreko taldeak protagonismo handia izaten ari direla protesta horietan. Kasu askotan, mobilizazioen sustatzaile nagusiak dira.

Itxialdien kontrako manifestazio handienak koronabirusak gogorren jo dituen herrialdeetan izan dira: Italian, Espainian, Alemanian, Erresuma Batuan, AEBetan eta Brasilen, esaterako. Baina baita beste hainbatetan ere. Australian, Suitzan, Polonian eta Kanadan, adibidez. Bost herrialdetako mobilizazioen argazkia da ondorengoa.

1. ALEMANIA
Pegidaren lezioa gogoan


Eskuin muturra jokoz kanpo gelditu zen Alemanian koronabirusaren hedatzearekin, Angela Merkel kantzilerrak herritarren babes zabala izan baitu pandemiari erantzuteko antolatu duen estrategia gauzatzeko. Itxialdiaren amaitzearekin batera, baina, protagonismo politikoa berreskuratzeko aukera ikusi du eskuin muturrak, eta, bereziki, AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultrak.

AfDko hainbat kidek gobernuaren kontrako protestetan parte hartu dute, talde neonaziekin, txertoen kontrakoekin eta krisi ekonomikoarengatik protestara irten diren herritar ugarirekin batera. Milaka izan dira kalean Berlinen, Munichen, Dortmunden eta Stuttgarten, «Merkelen diktadura» salatzen. Gobernuaren «botere abusua» gaitzesteko mezuak zabaldu dituzte batzuek, askatasuna aldarri, Alemaniako konstituzioaren ale bat eskuan dutela. Konspirazioaren teoria babesten dutenen iritziz, birusa nahita zabaldu du nazioarteko elite batek, eta pandemia mundu ordena berri bat ezartzeko planaren parte dela ziurtatu dute. Txertoen kontrakoen arabera, enpresa farmazeutikoen intereserako hedatu dute birusa. COVID-19a 5G sareak eragiten duela ziurtatzen dute beste batzuek.

Baina guztien artean, eskuin muturrak eragin du kezka, mobilizazio horietan duen pisuarengatik. «Ez dugu onartuko estremistek koronabirusaren krisia baliatzea beren propaganda antidemokratikoa zabaltzeko», adierazi du Paul Ziemiak CDU alderdiko idazkari nagusiak. Alemaniako barne inteligentzia agentziako buru Thomas Haldenwang ere arduratuta dago. «Kezkatuta gaude estremistek egungo egoera aprobetxatu dezaketelako, errefuxiatuen krisiarekin egin zuten bezala».

Errefuxiatuen auziaren harira, Pegida mugimendu ultrak ehunka martxa antolatu zituen 2015ean. Urtebete geroago, eskuin muturreko indar batek ordezkaritza lortu zuen lehenengoz Alemaniako Parlamentuan Bigarren Mundu Gerraz geroztik, AfDren bidez. Pandemiak eragingo dituen zailtasun ekonomikoen ondorioz, eskuin muturrak berriro gora egiteko aukerak alerta piztu du Alemanian. AfD oposizioko alderdi nagusia da egun, eta parlamentu federalerako hauteskundeak datorren urtean egingo dira.



2. ITALIA
'Jaka laranjak' irten dira kalera


Koronabirusak protesta mugimendu berri bat azaleratu du Italian: Jaka Laranjak; Frantziako Jaka Horien «lehengusuak». Antonio Pappalardo karabinierien jeneral ohiak sortu zuen iaz, eta hura dute buru. Pappalardok ziurtatu du koronabirusa ez dela existitzen. Italia COVID-19ak latzen jo duen herrialdeetako bat izan arren, ez du uste gaitza egiazkoa denik. Pandemia asmakizun bat besterik ez dela salatu du, «Italia txinatarrei saltzeko eta herritarrak txertoa hartzera behartzeko».

Orain arte egin dituzten bi mobilizazioetan, italiarren «askatasuna» aldarrikatu dute manifestariek, maskarak erabiltzeko agindua eta gutxieneko tartea gordetzekoa bete gabe. Pappalardok Giuseppe Conteren dimisioa exijitu du, «erregimen komunista» ezarri duela iritzita, eta beharrezkotzat jo du batzar konstituziogile bat eratzea. Italian lira dibisa berreskuratzearen alde ere mintzatu da.

Alemanian bezala, Jaka Laranjen mobilizazioetan ere sektore askotako manifestariak bildu dira: konplotaren teoriaren aldekoak, txertoen kontrakoak —beste herrialde batzuetan baino indartsuagoa da mugimendua Italian—, langabeak, eta Casa Pound eta Erromarako Martxa talde neofaxistetakoak, esaterako.

Joan den asteartean, Erromako Piazza del Popolon manifestatu ziren, Italiako Errepublikaren egunean. Ordu batzuk lehenago, toki berean mobilizatu ziren oposizioan dauden eskuineko eta eskuin muturreko indarrak ere: Forza Italia, inkesten arabera gain behera doan Matteo Salviniren Lega Nord, eta harekin lehia estuan dagoen Italiako Anaiak alderdi ultraeskuindarra. Hirurek salatu dute gobernua ez dela gai izan koronabirusaren krisiari behar bezala erantzuteko.

Alderdi horiek ez zuten Jaka Laranjekin bat egin. «Beste mugimendu bat da, beste manifestazio bat», adierazi zuen Italiako Anaien buru Georgia Melonik. Baina keinua egin zien segidan, jendearen haserrea ulertzen duela adierazita.



3. ESPAINIA
Vox eta PP eskutik, «diktadura» salatzeko


Maiatzaren erdialdean hasi ziren konfinamenduaren aurkako protestak Espainian. Estatuko auzorik aberatsenetakoan hasi ere: Madrilgo Salamanca auzoan. Hamar egunez, lapiko jotzeak egin zituzten «diktadura» salatu eta «askatasuna» aldarrikatzeko, eta Pedro Sanchezen gobernuaren dimisioa eskatzeko.

Berehala heldu zion aukerari Vox eskuin muturreko alderdiak eta auto karabanekin 50 hiri baino gehiagotan manifestatzera deitu zituen sumindutako herritarrak. Madrilen, erdigunea hartu zuten Espainiako banderekin —tartean, bandera frankistekin— jositako ibilgailuek.

Santiago Abascal Voxeko buruak ziurtatu zuen Espainiako Gobernuak «ezkutuko salbuespen egoera» jarri duela indarrean, larrialdi egoeraren bidez. Herritarren neurrigabeko kontrola ezartzea leporatu zion, eta konfinamendua etxeko atxiloaldiarekin alderatu zuen.

Eskuin muturrak bakarrik ez, ideia bera babestu du PPk ere. Jokabide «autoritarioa» izatea leporatu dio PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio gobernuari. Larrialdi egoera luzatzea «astakeria konstituzionala» dela ziurtatu du, eta gobernuari «erabateko boterea» ematen diola salatu. «Ez dakit O-23an [1981eko estatu kolpean] halako murrizketarik izan ote zen», adierazi du Pablo Casado PPko buruak. Alvarez de Toledo Alderdi Popularraren diputatuaren esanetan, berriz, Podemos eta halako alderdiak «Espainiaren porrot konstituzionalaren» bila ari dira «salbuespen egoera baliatuta». Antzera mintzatu da Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohia buru duen FAES fundazioa ere. «Podemos demokraziaren kontrako erasoaren adierazpen praktikoa da».

PPk eta Voxek gobernuari leporatzen diote herritarren askatasunak zapaltzea eta Espainia hondamendi ekonomikora eramatea. Egoera horren aurrean, beren burua aurkezten dute nazio espainiarra salbatzeko berme gisa.



4. AEB
Itxialdien kontrako protestak, presidenteak deituta


AEBetako estatu hiriburu gehienetan izan dira konfinamenduaren eta larrialdi neurrien kontrako protestak. Nahiago dut askatasun arriskutsua esklabotza segurua baino. Lelo horren gisako mezuekin, estatuaren esku hartzea salatu dute manifestariek. Batzuek komunismoa ezartzeko asmo ezkutu batekin lotu dute itxialdia. Beste batzuek ohartarazi dute gobernadoreek armak edukitzeko eskubidea ezabatu nahi dutela, larrialdi egoera baliatuta. Protesta horietako batek irudi harrigarriak utzi zituen maiatzaren lehenean, Michiganen, manifestari talde armatu bat estatuko Kapitolioaren barrura sartu zenean konfinamenduren amaiera exijitzeko.

Talde ultrak beren mezu arrazistak zabaltzen ari dira protesta horietan. Pandemiaren errua txinatarrei edo juduei egotzi eta arraza zurikoen etno-estatu bat eratzeko beharraz mintzo dira batzuk. Azelerazionistak direlakoek arraza arteko gerra bat lehertzear dela iragartzen dute aldiro, eta orain pandemian ikusten dute sistema kolapsatuko duen eta gatazka piztuko duen txinparta. Antzeko ustea dute Boogaloo korrontekoek. Horien esanetan, bigarren gerra zibil bat hasiko da laster AEBetan, eta beren kideei prestatzeko eskatu diete, pandemiarekin egungo sistema suntsitzen hasita dagoen ustean. Alkandora hawaiiarrak erabiltzen dituzte identitate ikur gisa.

Konfinamenduaren kontrako manifestazio horiek Donald Trump AEBetako presidentearen babesa dute. Trumpek berak mobilizatzera deitu ditu herritarrak, AEBak munduan koronabirus kasu gehien duen herrialdea den arren —ia bi milioi kutsatu eta 100.000 hildako baino gehiago eragin ditu birusak—. Presidentea gogor mintzatu da itxialdia ezarri duten gobernadoreen aurka. Norbanakoen askatasunak bidegabe mugatzea eta ekonomiari kalte egitea leporatu die. Presidentearen hitzetan, beharrezkoa da AEBetako estatuak herrialdea ahuldu nahi dutenen eskuetatik «askatzea».



5. BRASIL
Askatasuna aldarri, demokraziaren kontra


Jair Bolsonaro presidentearen jarraitzaile sutsuenek antolatu dituzte Brasilen konfinamenduaren kontrako protesta nagusiak. AEBetan bezala, Brasilen ere hainbat estatutako gobernadoreek hartu dituzte koronabirusaren kontrako salbuespen neurriak, presidenteak konfinamendua ezartzeko erabakia gaitzetsi duen bitartean.

Mobilizazioetan, konfinamendua arintzeko eskatzeaz gain, Bolsonaroren jarraitzaileetako batzuek Brasilgo Kongresua eta Auzitegi Gorena ixtea exijitu dute, baita esku hartze militar baten alde agertu ere. Presidenteak ez du erreparorik izan protesta horiekin bat egiteko.

Brasil da munduan COVID-19 kasu gehien duen bigarren herrialdea, AEBen atzetik. 600.000 inguru dira kutsatutakoak eta 33.000tik gora gaitzarekin hildakoak. Bolsonarok, ordea, pandemia «gripe txiki bat» dela ziurtatu du. Koronabirusagatik konfinamendua ezarri duten gobernadoreei enpleguak suntsitzea leporatu die, eta ekonomia lehenbailehen irekitzea exijitu du. «Ez dugu ezer ere negoziatu nahi. [...] Brasilentzako ekintzak nahi ditugu», adierazi zuen joan den igandean.

Bolsonaroren jarraitzaileen manifestazioei erantzunez, «demokraziaren aldeko» mugimendu «antifaxista» irten da kalera. Presidentearen «autoritarismoa» salatu zuten joan den igandean, Brasilian. Liskarrak izan ziren bi aldeetako manifestarien artean. Gaurko ere mobilizazioetara deitu dute Bolsonaroren kontrakoek.

Fiskaltza Bolsonaro ikertzen ari da ustezko irregulartasunengatik. Polizia Federaleko karguetan legez kanpo esku hartu ote duen argitu nahian ari da. Horrez gain, presidentea eta haren hiru semek informazio faltsuak sarean zabaltzeko robot sare bat eratu al duten ari da ikertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.