Kongon, Goma hiriaren kontrola hartu dute M23 Mugimenduko matxinoek

Herrialdeko presidente Joseph Kavilak matxinoen aurka mobilizatzera deitu ditu herritarrak

Arnaitz Lasarte.
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Martxoaren 23 Mugimenduak Kongoko Errepublika Demokratikoko Goma hiria hartu du, Ipar Kivu probintziako hiriburua. Atzo goizean hartu zuten hiriaren kontrola matxinoek, azken astean hiriaren inguruetan Kongoko armadarekin eta MONUC Nazio Batuen Erakundearen bake misioarekin borrokatu ondoren. NBEren misioko bozeramailearen arabera, armadak ihes egin du Gomatik, eta, ondorioz, misioak ere uko egin dio hiria babesteari. Kongoko Gobernuak, berriz, adierazi du bere soldaduek ez dutela ihes egin, Ipar Kivuko «gune estrategikoetan» kokatu direla. Joseph Kavila presidenteak lasai egotera eta matxinoen aurka mobilizatzera deitu ditu herritarrak: «Herritarguztien parte hartzea eskatzen dut gure burujabetasuna defendatzeko».

Ipar Kivun tentsioa areagotuz joan da azken astean. Herenegun, M23 taldeak Kongoko Gobernuari egun bateko epea eman zion, bi aldeen arteko negoziazio bati ekiteko. NBEren misioari bidalitako ohar batean, elkarrizketa zuzen baterako deia egin zion Kavilaren gobernuari, non lekua izango zuten oposizioak, zibilek eta diasporak ere. Horrez gain, Goma desmilitarizatzeko ere eskatu zion.

Lambert Mende gobernuko bozeramailearen esanetan, ordea, M23 mugimenduaren eskakizunak ez dira berriak, eta bere herriak Ruandarekin soilik negoziatuko du, «egiazko erasotzailearekin». Kongoko Gobernuak zein NBEk matxinoen taldeari laguntzea egozten diote Ruandari, hark behin baino gehiagotan hori gezurtatu badu ere.

M23 mugimendua iragan apirilean matxinatu zen gobernuaren aurka. CNDP Herriaren Defentsarako Batzar Nazionala izeneko miliziatik eratorritako taldea da, eta tutsu etniako Bosco Ntaganda da taldearen buruzagia. 2006an Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko agindua eman zuen, Kongon gerra krimenak egin zituelakoan.

60.000 iheslari inguru

Azken egunetako borroken ondorioz, milaka herritarrek ihes egin dute Gomaren inguruetatik.NBEren arabera, hamar kilometrora dagoen Kanyaruchinya kanpamentutik 60.000 iheslari inguruk egin dute ihes, eta hutsik gelditu da kanpamentua. Ruandarantz eta Hego Kivu probintziarantz abaitu dira gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.