«Konstituzioak erabat baztertzen ditu kulturari eta nazioari lotutako eskubideak»

2005eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Sardigna Natzione alderdiko koordinatzaile nagusia da Bustianu Cumpostu. Uhartearen independentziaren alde dihardu alderdiak. Soilik Sardinian bertan du ordezkaritza, eta iazko ekainean Europako Legebiltzarrerako egin zituzten hauteskundeetan Siziliako alderdi autonomista batekin koalizioan aurkeztu zen, Sardiniako alderdiek ez baitzuten indar aski beren kasa eurodiputatuak lortzeko. Hala eta guztiz ere, ez zuten ordezkaritzarik lortu. Italiako eskualdeko bozetarako, aldiz, Partito Sardo d'Azione autonomistarekin batera aurkeztu ziren. Orain, Europako Konstituzioaren kontrako kanpaina egiten dabil Sardigna Natzione, estaturik gabeko nazioak aintzat hartzen ez dituela salatuta.

Zer jarrera hartu du zure alderdiak, Europako Konstituzioaren aldekoa edo kontrakoa?

Errefusatu egiten dugu eta, hortaz, itunaren kontra jo dugu.

Zergatik eskatu duzue ezezkoa?

Konstituzioak herriak, estaturik gabeko nazioak ezagutzen ez dituelako. Estatu-nazioak sendotzeko akordio ekonomiko eta politikoa da konstituzio hau.

Zer ondorio izango ditu Europako Konstituzioak Sardiniarentzat?

Sardiniak Italiako estatuaren menpe segitzea eragingo du Konstituzioak. Hala, ezingo dugu Europaren aurrean geure burua aurkeztu; ez dugu ahotsik izango eta, gainera, gure herriak subjektu izateko aukerarik ez du izango.

Zer ekarpen on eta txar egingo dizkio Europako Konstituzioak Sardiniari?

Gauza onik ez. Ondorioak kaltegarriak izango dira. Hara, Europako Itunak norbanakoaren eta estatuaren eskubideak soilik aipatzen eta ezagutzen ditu. Guk, ordea, zera aldarrikatzen dugu: norbanakoak bestelako eskubideak ere badituela, hala nola herri bateko kide izatea, kultura eta nazio bateko kide izatetik datozenak. Eta hauek erabat baztertzen ditu Europako Konstituzioak.

Zer-nolako kanpaina edo ekimenak ari zarete egiten zuen mezua gizarteari helarazteko?

Hainbat manifestazio eta protesta egin ditugu. Europako Kontseiluaren azken bileraren kariaz ere protesta egin dugu.

Zer lelo du zuen kanpainak?

Beno, ez du berezko izen edo lelorik. Kanpainaren edukia askotarikoa da. Gainera, ez dago Europako Konstituzioaren inguruko giro handirik, bestelako bozketa batzuek lehentasuna dutelako orain; izan ere, aurki probintzietako hauteskundeak izango dira eta zenbait lekutan eskualdeetakoak. Halarik ere, manifestazioak egingo ditugu Sardiniako herriak bere ahotsa entzunarazteko eta zuzenki ordezkatua izateko duen eskubidearen alde.

Beste alderdi eta mugimenduekin elkarlanean al zabiltzate kanpainan?

Beno, hauteskundeetan koalizio kide Sardegna Libera izan zen Partito Sardo d'Azionek ere ezetza eskatuko duela uste dugu. Orain, aldiz, Italiako zentro-ezkerrarekin osatzen dugu aliantza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.