Auzitegiaren arabera, legea Konstituzioaren aurkakoa da bozkatu zenean ez zuelako beharrezko botoen gutxiengoa eskuratu —gutxienez parlamentuaren heren batek babestea beharrezkoa zen—. Hala ere, prozedurarekin aurrera jarraitu eta Yoweri Museveni presidenteak otsailaren 24an sinatu zuen sexu berekoen arteko harremanak gogorrago zigortuko dituen legea.
Legea bertan behera uzteko eskaera hainbat ekintzailek eta politikarik egin zuten. Defentsaren abokatua "pozik" agertu da auzitegiaren ebazpenarekin.
Lege horrek 14 urte arteko espetxe zigorrak aurreikusten ditu, eta, "berrerortzen" direnei, bizi guztiko zigorra ezarri ahal diete. Giza eskubideen aldeko elkarteek gogor kritikatu zuten legea, eta hainbat herrialde ere horren aurka agertu ziren; AEBek, esaterako, zigorrak iragarri zituzten Ugandarentzat.
Homosexualen aurkako legea onartu eta biharamunean, Ugandako Red Pepper egunkariak berrehun homosexualen izenak eta argazkiak argitaratu zituen.