Iragarrita zegoen, eta aurreikusi zitekeen bidea egin dute Espainiako Gobernuak eta Auzitegi Konstituzionalak: gobernuak auzitara eraman du Carles Puigdemont urrunetik Generalitateko presidente aukeratu ahal izateko lege moldaketa, eta auzitegiak Puigdemonten inbestidura eragotzi du, helegitea tramitera onartuta.
Kataluniako Parlamentuak joan den ostiralean onartu zuen Presidentetza Legea aldatzea, eta legedian jaso zuen Kataluniako presidentea eta gobernuko kideak telematikoki izendatzeko aukera. Espainiako Estatu Kontseiluak, aldiz, lege moldaketaren kontrako helegitea jartzea aholkatu zion Madrili, joan den astelehenean. Aholku horri jarraiki, Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak gaur onartu du Kataluniako Parlamentuaren erabakia Auzitegi Konstituzionalean salatzea, eta arratsaldean tramitera onartu du helegitea Konstituzionalak.
Ondorioz, auzitegiak automatikoki indargabetu du, behin-behinean, lege moldaketa eta eragotzi egin du Puigdemont presidente inbestitzeko aukera, helegitearen gaineko erabaki bat hartu artean. Orain, bost hilabeteko epea izango du lege moldaketa guztiz indargabetzen duen ala helegitea baztertzen duen erabakitzeko.
Konstituzionalaren erabakiak Kataluniako presidentetzarako beste hautagai bat bilatzera behartuko ditu JxC eta ERC, maiatzaren 22a baino lehen. Izan ere, data horren aurretik presidenterik izendatu ezean, parlamentua desegin eta hauteskundeetara deitzea agintzen du legeak. CUPek aurreratu du abstentzioaren alde egingo duela JxCren eta ERCren hautagaia Puigdemont ez bada edo legealdirako "programa apurtzailea" proposatzen ez badute.
Espainiako Gobernuko bozeramaile Iñigo Mendez de Vigok adierazi du "edonolako lege iruzurra eragozteko" hartu duela gobernuak helegitea aurkezteko erabakia.
Karguen etenerako atzerakontua
Prozesu subiranistaren kontrako auzian, beste urrats bat eman du gaur Espainiako Auzitegi Gorenak, eta berretsi egin du 23 auzipeturen kontrako prozesamendua; horien artean, Carles Puigdemont presidente kargugabetu eta erbesteratuarena. Auzitegiak baztertu egin ditu defentsek aurkeztu dituzten helegiteak, eta orain arteko irizpideei eutsi die. Defendatu egin du auzipetuei matxinada, desobedientzia eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporatzea. Hala ere, atea ireki dio matxinadaren ordez, matxinadarako konspirazioa egozteko aukera, baldin eta indarkeria erabili zutela frogatzen ez bada.
Era horretan, azkartu egin du kargu publiko diren eta espetxean dauden auzipetuei ardura publikoa eteteko atzera kontua; auzipetze autoa irmoa denean, kartzelan diren diputatuei kargu publikoa etengo baitie Gorenak, Ioldi artikulua deitutakoa baliatuta.
Defentsek helegitea aurkezteko azken aukera izango dute, auzipetzea irmoa izan aurretik. Gorenaren helegite aretoan errekurritu ahalko dute Pablo Llarena epailearen autoa. Bost egun izango dituzte horretarako. Behin helegitea onartuta, Gorenak hilabeteko epea izango du erabakia hartzeko. Beraz, ekaina hasierarako argitu daiteke espetxeratutako diputatuei kargua etengo dien ala ez.