espainia

Konstituzionaleko presidenteak ez du onartu hiru epaileren dimisioa

Eugeni Gay, Elisa Perez Vera eta Javier Delgadok kargua utziko dutela esan dute eguerdian, auzitegiko magistratuak berritzea tokatzen dela-eta. Gayk eta Perez Verak Bilduren legeztatzearen alde bozkatu zuten, Delgadok kontra. 

2011ko ekainaren 13a
20:47
Entzun 00:00:0000:00:00

Eugeni Gay, Javier Delgado eta Elisa Perez Vera Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko epaileek kargua utziko dutela esan dute gaur eguerdian, baina Pascual Sala auzitegiko presidenteak ez die onartu dimisioa. Gauean jakinarazi du erabakia Salak.

Iazko azaroaren 8an bukatu zen haien karguetako epea, baina Kongresuko taldeek oraindik ez dute adostasunik lortu ordezkoak jartzeko. "Behin baino gehiagotan eskatu izan dut magistratuak berritzeko, baina ez dute egin, zoritxarrez. Bahitutako auzitegi bateko parte naizen irudipena nuen", esan du Gay Konstituzionaleko presidenteorde eta magistratuak.

Gay, Perez Vera eta Delgadok ordezkoa eduki artean egon beharko dute postuan.

Hain zuzen, Konstituzionalak maiatzaren 5ean Bildu legeztatu zuenean garrantzitsuak izan ziren Gayren eta Perez Veraren botoak, alde bozkatu zutelako, Pascual Sala, Pablo Perez Tremps, Luis Ortega eta Adela Asua epaileek bezala. Delgadok aurka bozkatu zuen, Manuel Aragon, Francisco Hernando, Ramon Rodriguez eta Francisco Perez de los Cobosekin batera.

Konstituzionalak Sortu ezker abertzaleko alderdi politikoaren babes helegitea mahai gainean du.

PPk Bildurekin lotu ditu dimisioak

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak esan du Gay, Perez Vera eta Delgadoren dimisioek Bilduren legeztatzearekin zerikusia dutela, auzitegiak koalizioari balekoa eman ziolako. "Albiste txarra izan zen legeztatzea". De Cospedalek, dena dela, aitortu du ez dakiela zergatik utzi duten kargua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.