Iran

Kontserbadoreek gehiengo zabala lortu dute Irango Parlamentuan

Parte hartzea %42 izan da, 1979ko iraultza islamikoaz geroztik txikiena. Teheranen are apalagoa izan da: %20 eta %25 artekoa.

Emakume bat, maskara jantzita, Teheranen  bozkatzen, joan den ostiraleko hauteskundeetan. ABEDIN TAHERKENAREH, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko otsailaren 24a
17:04
Entzun

Irango kontserbadoreek gehiengo zabala izango dute herrialdeko parlamentuan, hauteskundeen behin behineko emaitzetan oinarritutako azterketek aurreratu dutenez. Emaitza ofizialak oraindik jakinarazi ez diren arren, iragarpen horien arabera kontserbadoreak alde handiz nagusitu ziren joan den ostiraleko bozetan, eta parlamentuko ordezkarien bi herenak lortuko dituzte.

Nagusitasun hori erabatekoa litzateke Teheranen: jokoan ziren 30 eserlekuak geratuko lirateke kontserbadoreen esku, Mohammad Bagher Ghalibaf hiriburuko alkate ohi eta Irango Guardia Iraultzaileko komandante ohia buru dutela. 2016an, erreformistek eskuratu zituzten hiriburuari dagozkion 30 ordezkariak.

Emaitzak argitzeko daude, baina jakina da parte hartzearen datua: %42,5 izan da, batez beste. Datu esanguratsua da, Iranen hauteskunde batzuetan izan den parte hartzerik txikiena baita 1979ko iraultza islamikoaz geroztik. Are apalagoa izan zen Teheranen: %20 eta %25 artekoa.

Hain justu, parte hartze apala saiheste aldera, bozkatzea «betebehar erlijiosoa» dela ohartarazi zuen Ali Khamenei aiatolak hauteskundeen aurreko egunetan. Bozen ostean, salatu du «Iranen etsaiek» koronabirusaren inguruko kezka hauspotu dutela nahita, herritarrek bozetan parte har ez dezaten. Gutxienez hamabi hildako eragin ditu Wuhango birusak herrialde horretan.

Parte-hartze datuak argi uzten du aurreko bozetan botoa eman duten herritar ugarik egin diotela uko bozkatzeari, ostiralean boto kutxen itxiera hainbat orduz berandutu zuten arren. Aurreko bozetan, 2016koetan, %62 izan zen parte hartzea, eta 2014an, %64. 1979ko iraultzaz geroztik, 2004koa izan ziren parte hartze txikieneko bozak: %51k parte hartu zuten orduan.

Parte hartze apalak erreformistei eta moderatuei egin die kalte. Aintzat hartu behar da bozak kontserbadoreen mesedetara baldintzatu zituela Zaindarien Kontseiluak —sei juristak eta sei buruzagi erlijiosok osatzen dute organo ikuskatzailea—. 7.000 hautagaitza baino gehiago debekatu zituen: gehienak, hautagai erreformistak eta moderatuak. Erreformisten Goi Kontseilu Politikoak salatu zuen ezin izango zuela hautagairik aurkeztu parlamentuko 290 eserlekuetatik 230 aukeratzen dituzten barrutietan.

Rohaniren babes galera

Debekuetatik harago, Hassan Rohani Irango presidentearen blokeak babesa galdu du azken hilabeteetan herritarren artean. Joan den azaroan, bere burua moderatu eta erreformistatzat daukan gobernuaren kontrako protesta jendetsuak izan ziren herrialde osoan, gasolinaren bat-bateko garestitzeagatik. Protesten kontrako erantzuna bortitza izan zen, eta, Amnesty Internationalen arabera, 300 manifestari baino gehiago hil zituzten.

Horrez gain, joan den urtarrilean, Irango armadak bidaiarien hegazkin ukrainar bat misilez jo eta suntsitu izanak ere protesta jendetsuak eragin zituen. Bidaiari gehienak Irangoak ziren. Gobernuak bere erantzukizuna ukatu zuen lehen egunetan.

Rohaniren ahulezia ezin da ulertu, ordea, Donald Trump AEBetako presidentearen atzerri politikari erreparatu gabe. Rohanik Irango ekonomiaren gaineko zigorrak arintzea lortu zuen 2015ean, nazioarteko hainbat potentziarekin akordio nuklearra sinatuta. Akordio hori izan zen 2016ko hauteskundeetan irabazteko herritarrei aurkeztu zien lorpen nagusietako bat —herritarren askatasuna areagotzea ere hitzeman zuen—. 2018an, ordea, akordiotik irtetea erabaki zuen Trumpek, eta zigor ekonomikoak gogortu zizkion berriro ere Irani.

AEBen zigorrek atakan jarri dute Irango ekonomia. Gobernua ez da gai inflazioa kontrolatzeko; ekonomia uzkurtzen ari da, eta langabezia, hedatzen.

Horrez gain, AEBek Qassem Soleimani Irango Guardia Iraultzaileko Al-Quds indarren buru zena hil izanak amorrua eragin du herritar ugarirengan, eta indartu egin dira Mendebaldeko herrialdeekin harremanak hoztu eta Iranek Ekialde Hurbilean duen rola indartzearen aldeko ahotsak.

2021eko bozetara begira

Trumpen erabakiek eta Rohaniren gobernuak herritarren nahiak ase ez izanak hauspotu egin dute kontserbadoreen diskurtsoa. Parlamentuan gehiengo zabala eskuratuta, errepublikako boteregune guztiak izango dituzte kontrolpean, presidentetza izan ezik. Parlamentutik, Rohaniren jarduna baldintzatu ahal izango dute, haren agintaldiaren azken urtean. 2021ean egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak Iranen. Kontserbadoreak Rohani estu hartzen eta datorren urteko bozak irabazteko bidea prestatzen ahaleginduko dira parlamentutik ere.

Irango Parlamentuak herrialdearen atzerri politikan eragiteko eskumen mugatuak dauzkan arren, kontserbadoreek aukera izango dute Rohani estu hartzeko, eta aldaketak izan daitezke Iranen kanpo harremanetan. Espero da kontserbadoreek gobernuari eskatzea jarrera gogorragoa izan dezala AEBekin, eta presio egitea Iranek akordio nuklearra utz dezan.

Duela lau urte, parlamentuko lehen indarra izan zen erreformistena (126 eserleku), baina haien proposamenetako asko blokeatu dituzte Irango beste boteregune batzuek: bereziki, Zaindarien Kontseiluak. Orain, zailtasun horiei gehituko zaie kontserbadoreek parlamentuan izango duen gehiengo zabala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.