NAZIO BATUEN ERAKUNDEA

Kopurua murriztu den arren, 9,2 milioi errefuxiatu daude munduan

Azken hogeita bost urteetako txikiena da iheslarien kopurua, desplazatuenak gora egin du

Erredakzioa
2005eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
UNHCR Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Komisariatu Nagusiak 2004. urteko txostena kaleratu zuen atzo. Mundu osoan dauden errefuxiatuen, desplazatuen, aberrigabeen, asilo eskaera egin dutenen eta euren herrialdeetara itzuli ahal izan diren pertsonen inguruko datuak eman zituen argitara nazioarteko erakundeak. Orotara 19,2 milioi pertsona zeuden iaz egoera batean edo bestean. Errefuxiatuen kopuruak aurreko urtearekin alderatuta behera egin bazuen ere, desplazatuen eta aberrigabeen kopuruak, aldiz, gora egin zuen. Bi milioi pertsonan egin zuen gora iaz kopuru orokorrak. UNHCR erakundeko komisariatu Antonio Gutierresek zenbaki bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela gogorarazi zuen: «19,2 milioi gizon, emakume eta haur horiek euren jaioterritik ihes egin behar izanaren sufrimendua eta trauma jasan dute eta inor gutxiren arreta jasotzen dute». Astelehenean ospatuko da Errefuxiatuaren Nazioarteko Eguna. Portugalgo lehen ministro ohiak iragan asteazkenean hartu zuen erakundeko ardura Ruud Lubbersen ordez sexu erasoagatik akusatu zuteneaneman zuen dimisioa.

ERREFUXIATUAK: Mundu osoan 9,2 milioi errefuxiatu zeuden 2004. urtean. Aurreko urtean baino %4 gutxiago. Kopurua azken hogeita bost urteetako txikiena da. Euren jaioterrira borondatez itzuli diren pertsonen kopuruak eragin du errefuxiatuak gutxitzea. Iaz 1,5 milioi pertsona itzuli ziren jatorrizko herrialdera. Afganistan, Irak, Angola, Burundi, Liberia, Sierra Leona, Somalia, Ruanda eta Kongoko Errepublika Demokratikora itzuli dira bereziki errefuxiatuak. 2001. urtetik bost milioi errefuxiatu itzuli dira jaioterrira, horietatik 3,5 afganistandarrak dira. Errefuxiatuta dauden afganistandarren kopurua, dena den, munduko altuena da: 2,1 milioi. Pakistanen eta Iranen babestu dira bereziki afganistandarrak. Urte honen hasieran 1,9 milioi afganistandar erroldatu ziren Pakistanen. Sudan, alta, errefuxiatu kopurua gehien hazi den herrialdea da. Iaz 125.000 pertsonak ihes egin zuten Txadera.@:

desplazatuak: Desplazatuen kopuruak herrialde bereko beste zonalde batera ihes egiten duten herritarrak gora egin zuen iaz. Sudan mendebaldean dagoen Darfurko gatazkaren ondorioz ihes egin duten desplazatuengatik egin du bereziki gora. 660.000 pertsonak egin zuten ihes eskualdetik. Orotara, baina, 1,8 milioi desplazatu daude Sudanen. Kolonbian ere nabarmen egin zuen gora desplazatuen kopuruak: 240.000 pertsonatik bi milioira. Pertsona horien %40 hamar hiri nagusien kanpoaldean bizi dira.

asilo eskaera: Asilo eskaera egiten duten pertsonen kopurua ere hazi egin zen iaz. Pakistan eta Iran dira eskaera gehien jasotzen duten bi herrialdeak. Alemanian (877.000 asilo eskaera), Tanzanian (602.000) eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan (421.000), berriz, behera egin zuen iaz eskaera kopuruak.

aberrigabeak: Aberririk ez duten pertsonen kopurua ere handitu da. 2003an 912.000 baziren iaz bi milioira iritsi zen kopurua. Metodologia hobetzeak hazkunde horretan eragina izan duela jakinarazi zuen nazioarteko erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.