Korsikako nazionalistak banatuta aurkeztuko dira bigarren itzulira

Talamoniren Corsica Libera eta Angeliniren Avanzemu koalizioan aurkeztuko dira. Simeoniren Fa Populu Inseme zerrenda akordiotik kanpo geratu da.

Gilles Simeoni, kanpainako ekitaldi batean. @FAPOPULU_INSEME
2021eko ekainaren 22a
21:17
Entzun

Adostasunera heltzeko «denbora gutxiegi» izan dutela argudiatu du gaur Fa Populu Insemeko zerrendaburu Gilles Simeonik, bigarren itzulirako koalizioa osatzeari uko egiteko. Harena izan zen joan den igandean egindako Frantziako departamendu eta eskualde bozetako lehen itzulian boto gehien jaso zituen zerrenda, %29,19. Iragan agintaldian Korsikako presidentea izan zena, hura izan zen lehen itzuliaren aurretik Pe a Corsica koalizioa amaitutzat eman zuena, hauteskundeetarako aliantza berresteko baldintzak aldatu zituenean. Ordu hartan, baina, bigarren itzulirako akordioa errepikatzeko aukerarik bazela aurreratu zuen Simeonik. Baina agintaldiko adostasuna apurtu izanak ez dio kalterik egin, alderantziz baizik, eta garaipenak bere kabuz jarraitzera bultzatu du buruzagi nazionalista, modu horretan, babes handiagoa lortzeko itxaropenarekin.

Bestelakoa izan da Jean-Guy Talamoniren Corsica Liberak eta Jean-Christophe Angeliniren Avanzemuk aukeratutako bidea. Bi taldeek zerrenda bateratua aurkeztea erabaki dute datorren igandeko bigarren itzulirako. Angelini bera izango da zerrendaburua, eta lehen hamabost hautagaietatik lau izango dira alderdi independentistakoak. Talamonik berak emaitza txarrak jaso zituen lehen itzulian, eta ez zen sailkatu bigarrenerako. Aldiz, Angeliniren zerrenda hirugarren tokian geratu zen botoen %13,22rekin, eta Ajaccioko auzapez Laurent Marcangeliren eskuindarraren atzetik.

Avanzemuko zerrendaburua gustura agertu da lortutako akordioarekin: «Oinarrizko hainbat puntu jasotzen ditu akordioak, besteak beste, borroka demokratikoaren eta Estatuarekiko elkarrizketak hastearen aldeko apustua. Gure konpromisoen erdigunean dauden puntuak dira». Porto-Vecchioko auzapezak 2015ean eta 2017an egindako koalizioekin parekatu du akordioa, eta nabarmendu zerrendak bateratu izan ez balituzte «alde batera» utzi beharko zuketela «jokaleku politiko demokratikoa».

Talamoni gabe

Avanzemu pe a Corsica izena jaso du zerrenda batuak, eta Corsica Liberako lau kide izango dira lehen hamabost hautagairen artean, baina Korsikako asanbleako presidente izandakoa ez da bertan izango. «Erabaki ausarta» izan da Talamonirena, Angeliniren esanetan: «Elegantzia handiz hartutako ekimena izan da, nahiz eta politikoki inork ez dion halakorik eskatu».

Aldiz, buruzagi autonomistak kritikoago hitz egin du Simeoniren hautuaz: «Lehen itzulian botoen %30 inguru eskuratu arren, gure kideei proposamen zehatzik egiteko gai ez garenean erabaki bat hartzen ari gara. Erabaki horrek ezin du batasunaren amaiera ekarri, nahiz eta aintzat hartua izan».

Alderdi nazionalistei negoziaziorako deia egin zien Angelinik atzo arratsaldean, jakinik zerrendak aurkezteko epea gaur arratsaldeko 18:00ak artekoa zela. Baina deialdiari erantzun zion bakarra Corsica Libera izan zen. Bi alderdietako ordezkaritzak elkarrizketak hasten zituzten bitartean, Fa Populu Inseme zerrendako kideak Luccianan bildu ziren. Atzo iluntzerako komunikatu bat plazaratu zuen Simeoniren taldeak, non iradokitzen zen Korsikako presidente ohiak ez zuela beste inorekin koaliziorik osatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.