Korsikaren autonomia: oztopoz beteriko bidea

Uhartearen etorkizun instituzionalari buruzko itunak bide parlamentario ziurgabea hasiko du Frantzian. Errepublikanoak alderdi eskuindarrak argi utzi du ez duela onartuko legeak egiteko eskumena.

(ID_13668734) FRANCE WOMEN ABORTION RIGHTS
Frantziako diputatuak eta senatariak bilduta, hilaren 4an, Versaillesko jauregian (Frantzia). CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
ander perez zala
2024ko martxoaren 29a
05:00
Entzun

Frantziako Gobernuak eta Korsikako hautetsiek uhartearen etorkizun instituzionalari buruzko akordioa argitara atera ondoren, ideia batek, pixkanaka-pixkanaka, tokia hartu du Frantzian afera horretaz duten eztabaidan: irlari autonomia legegileak emateak Pandoraren kutxa irekiko lukeela. Zaila bazirudien negoziazioetako bi aldeak ados jartzea, orain are zailagoa izango da itun horretako edukia adostu bezala onarraraztea.

Korsikako Asanblean herenegun eztabaidatu zuten Parisekin negoziaturikoaz, eta prozesuari, eta lorturikoari eta ez lorturikoari egindako kritikez eta eskainitako hitz onez harago, ez zen ezer berezirik gertatu saio horretan. Orain, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen esku geratu da «testu konstituzionala» —elkarrizketetan adosturikoa jasotzen duena—, eta Frantzian ibilbide parlamentarioa abiatuko du, printzipioz, datorren hilabetean. Orduan hasiko da egiazko erronka uharteko nazionalistentzat.

Zeren gauza bat da Parisek eta Korsikako hautetsiek zer adostu duten, eta beste bat, oso desberdina, Frantziako Parlamentuko bi ganberak —Asanblea eta Senatua— zer onartzeko prest dauden. Eta horrek arrisku bat ekarri du hizpidera: ezerezean gera daitekeela irlari autonomia legegilea emateko helburua.

Berez, akordioa pauso handi bat izan da uhartearen deszentralizazio prozesuan. Eboluzio instituzionalari dagokionez, «estatus bereziko kolektibitate» izateari utzi, eta «errepublika barneko autonomia» bilakatuko litzateke; gainera, Korsika Frantziako Konstituzioan aitortuko lukete, besteak beste, «komunitate historiko, linguistiko eta kultural» gisara —ez «herri» modura—. Hori da, behintzat, asmoa, ikusteko baitago Frantziako diputatuek eta senatariek hori guztia onartuko duten; hortaz, hasiera-hasieratik, baztertu egin dituzte korsikera hizkuntza koofiziala bilakatzea eta irlak egoiliar estatusa izatea.

Bada beste zailtasun bat, gainera: Frantziako Parlamentuko bi ganberek testu bera onartu beharko luketela. Hau da, adostasunak erabatekoa izan beharko lukeela, tartean zuzenketak edota aldaketak egonda ere. Eta langa hori gaindituko balute ere, Frantziako Konstituzioan aldaketak egin beharko lituzketenez, ezinbestekoa izango litzateke Frantziako Kongresuko hiru bostenen babesa ere izatea —Asanbleako eta Senatuko ordezkariak elkartzen dira saio horretan—.

Korsikan erreferendum bat egiteko aukera ere negoziatu dute bi aldeek. Hori, egutegiari erreparatuz gero, badirudi konstituzioaren erreformaren ondoren eta lege organikoaren edukia jakinarazi aurretik gerta litekeela —horrek zehaztuko luke zenbaterainoko autonomia legegilea litzatekeen—. Galdeketa egitea aukera bat da, eta kontsulta modukoa litzateke; hau da, emaitza ez litzateke loteslea izango.

Denetariko iritziak

Horren guztiaren aurretik, Korsikako hautetsiek Frantziako diputatuak eta senatariak konbentzitu beharko dituzte, horien esku baitago negoziazioetan adosturikoa egia bilakatzea. Irlaren etorkizun instituzionalaren aferaz, alderdiek denetariko iritziak jakinarazi zituzten negoziazioen emaitza jakin eta hurrengo egunean bertan, eta horrek agerian utzi zuen oso zaila izango dela autonomia legegilea lortzeko ibilbidea.

Kasurako, oztoporik handiena LR Errepublikanoak eskuindarra izango da. Alderdi horretako presidente Eric Ciottik, ituna oro har begi onez ikusten duen arren, hilaren 12an Sud Radio irratian egin zioten elkarrizketa batean adierazi zuen autonomia legegilearen kontra dagoela: «Guretzat, botere legegilea Korsikaren esku uztea da marra gorria». LRk du ordezkaritzarik handiena Senatuan —348tik 133—; hortaz, alderdi horren ezezkoa kolpe erabakigarria izan liteke; gainera, Marine Le Pen RN Batasun Nazionala ultraeskuineko buruzagiak ez du ezer esan publikoki auzi horretaz, baina orain arte autonomia legegilearen kontra agertu da.

Frantziako Gobernuak eta Korsikako hautetsiek adosturikoaren alde, berriz, ezkerreko alderdiak agertu dira, oro har. Esaterako, PS Alderdi Sozialistaren lehen idazkari Olivier Faurek begi onez ikusi zuen ituna, zeina «aurrekari» modura deskribatu zuen. «Printzipio handiei dagokienez, autonomia forma baten nahiko aldekoa naiz. [...] Badira lurralde batzuk berezitasunak dituztenak, eta hori aintzat hartu behar da», esan zuen Faurek, hilaren 12an, France Info irratian.

Eta LFI Frantzia Intsumisoa ezkertiarra ere Korsikari legeak egiteko eskumena ematearen aldekoa da, baina Eric Coquerel diputatuak ohartarazi zuen, egun horretan bertan, aldaketa horrek ez duela izan behar «orokortuko litzatekeen zerbait».

Horiek horrela, lehen zantzuen arabera, badirudi Asanblean errazagoa izango dela oniritzia jasotzea Senatuan baino. Baina ezer ez da ziurra oraindik ere.

Bretainiako gobernuburuak «lurraldeen aniztasuna» aitortzea nahi du

Frantziako Gobernuak eta Korsikako hautetsiek adosturikoa argitara atera eta biharamunean, Bretainia eskualdeko presidente Loig Chesnais-Girardek argitara atera zuen, X sare sozialean, hilaren hasieran Frantziako Barne ministro Gerald Darmanini bidali zion eskutitz baten edukia: Frantziako Estatuko «lurraldeen aniztasuna» aitortzea nahi duela «eguneraturiko esparru komun batean». Bretainiak autonomia handiagoa izatearen aldekoa da Chesnais-Girard —PS Alderdi Sozialistakoa izan zen 2022ra arte—; horren erakusgarri, 2021eko bozetako kanpaina «Paris gutxiago, Bretainia gehiago» ideiaren inguruan egituratu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.