KOSOVO

Kosovoko presidente ohi bat epaitzen hasi dira, gerra krimenak egotzita

Gerra garaian «enpresa kriminal bateko» kideak izatea leporatzen die Kosovorako Auzitegi Bereziko fiskaltzak Hashim Thaciri eta UCK gerrilla albaniarreko beste hiru buruzagi ohiri

Hashim Thaci, erdian, gaur (Herbehereak). EFE
Igor Susaeta.
2023ko apirilaren 3a
14:18
Entzun

Kosovoko Gerran (1998-1999) gerra krimenak eta gizateriaren kontrakoak egitea egotzita, 2016 eta 2020 artean herrialde hartako presidente izandako Hashim Thaci eta Albaniako UCK Kosovo Askatzeko Armada gerrilla albaniarreko beste hiru buruzagi ohi epaitzen hasi da gaur Kosovorako Auzitegi Berezia, Hagan (Herbehereak). 2020ko azaroan auzipetu zituztenetik daude kartzelatuta laurak, eta errugabeak direla nabarmendu izan dute. Thaciren abokatu Gregory W. Kehoek azpimarratu du erakutsi nahi dutela UCKren borroka «sakratua eta garbia» izan zela. Prozesuak urteak iraun dezake.

Fiskaltzaren akusazio idazkiaren arabera, «enpresa kriminal bateko» kideak ziren, eta Kosovo hartzea zuten helburu. «Horretarako, oposiziokotzat zeuzkatenak kanporatzen zituzten, legez kanpo ikaratzen, edo haien kontra indarrez egiten zuten eta tratu txarrak ematen zizkieten». Idazkian jaso dutenez, oposiziokotzat hartzen zituzten Jugoslaviako indarren ustezko kolaboratzaileak, funtzionarioak, UCKren helburuak babesten ez zituztenak, serbiarrak, erromaniak eta beste etnia bateko kideak. 1946tik 1990era, Kosovo Serbiako eskualde autonomo bat izan zen, Jugoslaviako Errepublika Sozialista Federalean. Baina 1990ean konstituzio berri bat sartu zen indarrean Serbiako Errepublikan, eta Kosovori zeharo murriztu zion autonomia.

UCK-k 1996an hasi zituen erasoak, eta Jugoslaviako armadaren aurka borrokatu zen, urte batzuk geroago, gerran. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Jugoslaviaren kontrako bonbardaketak hasi zituen 1999ko martxoan, eta horiek ia hiru hilabete iraun zuten. Belgradek indar guztiak erretiratzeko erabakia hartu zuen, eta onartu Kosovo NBE Nazio Batuen Erakundearen administraziopean uztea. 13.000 lagun inguru hil zituzten gerran, horietako 8.000 inguru zibil albaniarrak. HRW Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundearen Europarako zuzendari Hugh Williamsonek adierazi du, saioa hasi aurretik, prozesuak «aukera bat» ematen diela biktimei, jakin dezaten zer gertatu zen. Azpimarratu du, halere, «kontuan hartzeko modukoa» dela Jugoslavia ohiko gerren gaineko «inpunitatea»

Thaci zen UCK gerrillaren lider politikoa. Behin gerra bukatuta, diputatua izan zen Kosovoko Asanblean (2001-2007), eta lehen ministro bihurtu zen 2008an. Urte hartako otsailean berak irakurri zuen Kosovok egindako aldebakarreko independentzia aldarrikapena, eta 2014ra arte jarraitu zuen karguan. EB Europako Batasuneko estatu gehienek eta AEBek ere babestu dute herrialdearen independentzia.

Auzitegi berria

Epaiketa hasi da, hain justu, Serbiak eta Kosovok —EBk hauspotuta— beren harremanak normalizatzeko akordio bat sinatu eta aste batzuk geroago. Hain zuzen, erlazio horiek onbideratzeko orduan traba bat izan da, beti, UCK-ko kideak apenas izan direla ikertuak gerran gertatutakoengatik. Kosovorako Auzitegi Berezia 2016an sortu zuten, eta UCKren gerra gatibuek jasandako ustezko tratu txarrak jasotzen dituen Europako Kontseiluaren 2011ko txosten bat du oinarrian. Horrekin lotuta, gutxienez mila bat pertsonaren gorpuak dituzten hobi komunak non dauden jakinarazteari uko egin dio Serbiako Gobernuak, sistematikoki. NBEren arabera, gaur egun oraindik 1.600 bat pertsona desagertuta daude gatazkaren ondorioz.

Kosovorako Auzitegi Bereziak joan den urtarrilean kaleratu zuen aurreneko sententzia. Gerra krimenak leporatuta, 26 urteko kartzela zigorra ezarri zion Salih Mustafa UCK-ko komandantea zenari. Auzitegiak, gainera, lau urte eta erdiko zigorra ezarri die UCKren Gerra Beteranoen Elkarteko bi kideri, isilpeko informazioa hedatzea eta prozesu penaletako lekukoak ikaratzea egotzita. Gaur hasi den prozesuan, beste hauek ere badaude auzipetuta: Kosovoko Alderdi Demokratikoko lider eta parlamentuko presidente ohi Kadri Veseli, Vetevendosje alderdiko Rexhep Selimi, eta Ekimen Sozialdemokrata alderdiko buruzagi Jakup Krasniqi.

Aintzat hartu behar da UCKren bi lider nabarmen —Ramush Haradinaj lehen ministro izandakoa (2004-2005 eta 2017-2020) eta Fatmir Limaj lehen ministrordea (2017-2019)— antzeko delituak leporatuta epaitu zituela Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak, eta bi kasuetan absolbitu egin zituela. Auzitegi horrek 2017an itxi zituen ateak, 24 urteko ibiliaren ondoren.

Kosovoko albaniar askok heroitzat dauzkate UCK-ko liderrak zirenak, eta, horregatik, auzipetuak babesteko, milaka pertsonak Justiziaren aldeko manifestazioa deitutako protestan parte hartu zuten atzo, Pristina hiriburuan. Gerrillaren beteranoen elkarteak deitu zuen manifestaziora, eta, hango Koha egunkariaren arabera, alderdi albaniarrek babesa eman zioten. Gure historia ezin da berrikusi izan zen manifestariek aldarrikatu zituzten leloetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.