Alemania

Kramp-Karrenbauerrek hartuko du Merkelen lekukoa CDUn

Kantzilerraren ildoko hautagaia hautatu dute alderdi kristau-demokrataren buru.

AKK, erabakiaren berri izan ostean. CLEMENS BILAN, EFE
mikel rodriguez
2018ko abenduaren 7a
09:33
Entzun

Annegret Kramp-Karrenbauer izango da Alemaniako CDU Batasun Kristau-Demokratako buruzagi. Gaur arratsaldean egin dute bozketa 1.001 delegatuk eta AKK (hala deitzen diote Alemanian) izan da bozkatuena. Angela Merkelen lekukoa hartuko du modu horretan, eta hemezortzi urtez horri oso lotuta egon den alderdia zuzenduko du.

Kramp-Karrenbauerrek bi bozketa behar izan ditu irabazteko. Lehenbizikoan botoen %45 lortu ditu. Friedrich Merzek, berriz, botoen %39 lortu ditu, eta hirugarren hautagaiak, Jens Spahn Osasun ministroak, %16. Horrenbertzez, Kramp-Karrenbauer eta Merz pasatu dira bigarren itzulira. Kramp-Karrenbauer zen faboritoa, baina zalantza sortu da orduan; kontuan hartuta Merzek eta Spahnek CDUren ildoa Merkelek baino eskuinerago eraman nahi dutela, eta Kramp-Karrenbauerren eta Merzen artean sei puntuko aldea bertzerik ez dela egon, kantzilerraren arerioek irabazteko aukera zutela pentsatu da. Baina, alde txikiagatik izan bada ere, ez da halakorik gertatu.

Bigarren itzulian 517 delegatuk egin dute Kramp-Karrenbauerren alde, eta 482k Merzen alde —999k eman dute botoa—.

Merkelek joan den otsailean izendatu zuen CDUren idazkari nagusi izendatu zuen Kramp-Karrenbauer. Politikari ezezaguna zen nazioartean, eta, ordutik, ezagun egin da Merkelen ondorengo izendapenarekin. Haren irudia estu lotuta dago kantzilerrarenarekin, eta hori aldeko zein kontrako zuen gaurko bozketan. "Jendeak zinezkotzat ikusten nau", adierazi zion joan den astelehenean NBC News kateari. "Antzekotasunak dauzkat Angela Merkelekin, eta ezberdintasunak dauzkat harekin. Zintzoki erakusten ari naiz hori, eta ez dut banaketa artifizialik sortuko".

Volklingen hirian jaio zen Kramp 1962an. Sarre landerrean dago Volklingen, Alemaniako hego-mendebaldean, Frantziako mugatik hurbil. Ondoko Puttlingen hirian bizi izan da betidanik. Familia katoliko batean jaio zen Kramp. 1984an ezkondu zen Helmut Karrenbauerrekin —hiru seme-alaba dituzte—, eta senarraren abizena gehitu zion bereari. Urte berean hasi zituen Zientzia Politikotako ikasketak; Saarland unibertsitatean eta Tiergo unibertsitatean egin zituen, 1990era arte.

Urte horretan ekin zion ibilbide politikoari, eta beti Sarre landerrari estu lotuta garatu du. CDUko kide egin zen, eta alderdiaren Sarreko adarrean aholkulari politiko gisa jardun zuen 1990eko hamarkadan. 1998an hilabete batzuetan Alemaniako Parlamentuko ordezkari ere izan zen alderdiko kide baten tokia hartzeko, baina urte bereko hauteskundeetan ez zuen lortu jarlekuari eustea. Berlindik Sarrera itzuli zen, eta etengabe hazi den karrera politikoa hasi zuen: 1999an Sarreko Parlamenturako hautatu zuten; 2000tik 2011ra landerreko hainbat ministerioren ardura izan zuen; eta, 2011n, CDUren buruzagi izendatu zuten Sarren, eta landerreko gobernuburu hautatu zuten hauteskundeetan.

Sarreko azkeneko hauteskundeetan, 2017an, botoen %40 irabazi zituen Kramp-Karrenbauerrek. Gobernu federalaren eredua jarraikiz, SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratarekin Koalizio Handia osatuz agindu zuen. CDUren barrenean adar aurrerakoitzat ikusten zen Kramp-Karrenbauer eta haren Sarreko eredua, gehienbat migrazio eta integrazio politiketan, eta genero gaietan. Ia bi hamarkadaren ondoren, aurtengo otsailean Sarre utzi eta Berlinera itzuli zen, politika handira. Idazkari nagusi kargutik dimisioa eman berri du, irudikatzeko kargua ez duela abantailatzat baliatu alderdiaren buruzagitzarako lehian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.