Vladimir Putin Errusiako presidentea herrialdeko zenbait oligarkarekin elkartu zen atzo, ateak itxita, eta ikusteko dago zer eztabaidatu edo hitzartu ote zuten bilera horretan. Erresuma Batuko Finantial Times eta Errusiako The Bell ekonomia kazetek atzo kaleratu zutenez, armadarako aurrekontua finantza dezatela eskatu zien Putinek, Ukrainako inbasioak lau urte pasatxo egin dituen honetan; Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, berriz, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan adierazi du oligarkek berek eskaini dutela dirua, eta ez dela gerra kontuetarako izango.
Bozeramailearen arabera, atzoko bileran parte hartu zuten asko 90eko hamarkadan hasi ziren negozioak egiten, «estatuari lotutakoak gehienak», eta horrexegatik uste dute orain «betebeharra» dutela Moskuri diruz laguntzeko, espero baino defizit handiagoa baitu herrialdeak. Peskovek azaldu du ez dela Putinen ideia izan, ez diela dohaintzarik eskatu, nahiz eta «iniziatiba» edukitzea eskertu zien negoziolariei; are, eta izenik aipatu ez duen arren, horietako bati «beharrezkoa» iruditzen zaio «taxuzko diru kopuru bat ematea».
Kremlinek adierazi du dirua jasotzeko prest dagoela, baina ez dela Ukrainako inbasioa finantzatzeko erabiliko; The Bell kazetak, ordea, atzoko bileran egon ziren iturriak aipatuz kaleratu zuen honako hauek esan zirela: «borrokatu egingo gara»; «Donbasseko mugetaraino helduko gara». Informazio horren arabera, Rosneft petrolio konpainiako zuzendari eta Putinen hurbileko Igor Setxini bururatu zaio oligarkei eta enpresariei laguntza eskatzeko ideia, eta «borondatezko ekarpenak» eskatu dizkie presidenteak.
The Bell kazetak argitaratu zuen Suleiman Kerimov oligarka eta senatariak 100.000 milioi errublo —mila milioi bat euro— eskaini zizkiola Putini; Finantial Times kazetaren arabera, berriz, Rusal aluminio konpainiako presidente Oleg Deripaska ere prest dago dirua emateko.
Errusia urte osorako aurreikusitako defizitaren langa gainditzear da; aurtengo zorraren aurreikuspena herrialdeko barne produktu gordinaren %1,6koa da, eta %1,5ean zegoen otsailerako —37.000 milioi euro—. Batik bat nazioarteak Errusiako petrolioari ezarritako zigorrei dagokie hori. Balizko dohaintza horiek jaso arte, Moskuk topatu du gerra finantzatzeko beste modurik: urtarrilean, BEZaren tasa orokorra bi puntu igo zituen, %22raino; 600.000 milioi errublo —6.000 milioi euro— jasotzea espero du datozen hiru urteetan.
Iaz, 160.000 milioi eurokoa izan zen Errusiaren gastu militarra —gastu publiko guztiaren %38—, SIPRI Bakearen Nazioarteko Ikerketa Zentroak emandako datuen arabera; aurten, estimazioa apurtxo bat baxuagoa da, 149.000 milioi eurokoa.
Moskuk espero du Ekialde Hurbileko gatazkak eragindako egoera pagotxa izatea upelaren prezioa garestituz doan heinean, nahiz eta, Putinen ustez, «hiruzpalau aste barru» arinduko den erregaien krisia: «Finantza Ministerioak eta enpresek ezin dute pentsatu zerutik urrea eroriko denik denbora dezentean». Alexander Xokhin Industria eta Enpresarien Errusiako Batasuneko presidenteak eman zuen Putinen adierazpen horien berri, atzo.