Gerra Ukrainan

Kremlinek kargutik kendu du aire indarreko buru Sergei Surovikin

Wagnerrek ekainean egindako matxinadarekin ustez izandako loturagatik hartu du erabakia Errusiak, AEBen arabera. Ukrainako eraso batek gutxienez hiru lagun hil ditu Belgoroden.

Errusiako aire indarreko buruzagi ohi Sergei Surovikin, iazko abenduan. ERRUSIAKO DEFENTSA MINERIOA / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 23a
13:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Kremlinek kargugabetu egin du aire indarreko buruzagi Sergei Surovikin, Armageddon jenerala deiturikoa, Errusiako RIA albiste agentziak gaur jakinarazi duenez. Ukrainako inbasioaren testuinguruan, iazko ekainean, Hegoaldeko armadako buru izendatu zuten Surovikin. Urrats bat egin zuen aurrera; urrian, Errusiako indarren buruzagi nagusi ezarri zuten, Gennadi Zhidko ordezkatuta, baina urtarrilean kargu hori Valeri Gerasimov jeneralaren esku geratu zen, eta Surovikin haren alboko izendatu zuten. Halere, Kremlinek kargutik kentzea erabaki du, Errusiako Wagner talde paramilitarrak ekain amaieran egindako matxinada saiakerarekin ustez izandako loturagatik, AEB Ameriketako Estatu Batuen inteligentziaren arabera. Viktor Afzalov jeneral eta Errusiako aire eremuko buruak beteko du hark utzitako lekua.

Wagnerreko buru Jevgeni Prigozhinek ekainaren 23 gauean Defentsa Ministerioaren aurkako matxinada saiakera egin zuenetik, Surovikinek ez zuen jendaurrean agerraldi bakar bat ere egin. Are, AEBetako hedabideek jakinarazi zutenez, orain arte aire indarreko buruzagia izan dena ikertzen ari zen Errusiako inteligentzia, Wagnerren operazioarekin lotura zuelakoan. Bada, ekainaren 28an, The Moskow Times egunkariak zabaldu zuen Kremlinek Surovikin atxilotu zuela. Errusiako Gobernuak, ordea, gezurtatu egin zuen «Mendebaldera lerratuta dauden hedabideek zabaldutako informazioa», eta «espekulaziotzat» jo zuen.

Ikusi gehiago: Errusiako jeneral Surovikin atxilotu dute ustez Wagnerren matxinadarekin lotura izateagatik

Bestalde, Ukrainak droneen bidez erasoak egiten segitzen du Errusia mendebaldeko lurraldean. Hain zuzen, Belgorod eskualdeko alkateak gaur salatu du Kieveko indarrek gutxienez hiru pertsona hil dituztela Valuisk barrutian egindako oldarraldi batean, Ukrainako mugatik gertu. Horrez gain, eraso saiakerak are ekialderago ere egin ditu Kievek; Moskun, zehazki. Defentsa Ministerioak gaur goizaldean jakinarazi du aireko defentsa sistemek hiru drone erorarazi dituztela hiriburuan. Moskuko alkate Serguei Sobianinek zehaztu du kontrola galdu duten droneek bi eraikin jo dituztela, eta kalte materialak eragin. Eraso horien ondorioz, bertan behera utzi dituzte hainbat hegaldi hiriburuko aireportu nagusian, baina egoera bere onera itzuli da.

Ukrainan, berriz, errusiarren drone batek ikastetxe bat jo du Sumi eskualdean (ipar-ekialdea), eta gutxienez bi irakasle hil dira leherketaren ondorioz, Barne ministro Igor Klimenkok adierazi duenez. Beste hiru lagun ere zauritu dira, eta erreskate taldeak lanean ari dira eraikinaren hondakinen artean.

Gaur gauean, gainera, Errusiako armadak eraso bat egin du droneekin Odesa eskualdeko Izmail hirian (hegoaldea), eta «700 metro koadroko» sute bat eragin du zerealen biltegi batean, eskualde horretako militarren buru Oleg Kiper-ek Telegramen nabarmendu duenez. Suhiltzaileak sua amatatzeko lanean ari dira, eta Kiperrek erantsi du aireko defentsa sistemek Moskuk jaurtitako bederatzi drone erorarazi dituztela. Ukrinform agentziaren arabera, sutea Danubio ibaiaren ertzean piztu da, Errumaniako mugatik gertu.

Ikusi gehiago: Errusiak bertan behera utziko du zerealen ituna

Uztailaren erdialdean, Errusia irten egin zen Ukrainako zereala Itsaso Beltzetik esportatu ahal izateko itunetik, eta, ordutik, Moskuk behin eta berriz bonbardatu ditu Ukrainako portu eta nekazaritza azpiegiturak; guztira, 270.000 tona zereal suntsitu ditu azken hilabetean, Kieven arabera. Akordio horren bitartez, Ukrainako Itsaso Beltzeko hiru portutatik nekazaritzako produktuak esportatu dituzte urtebetez. Iazkoa otsailean, Errusiaren erasoaldia hasi zen, eta Kievek nekazaritza esportazioak handitu zituen Danubiotik barrena, Moskuk Itsaso Beltzeko sarrera blokeatu ziolako Kievi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.