Gerra Ukrainan

Krimea eta Kherson lotzen dituen zubi bati eraso egin dio Ukrainak

Moskuren arabera, leherketak ez du biktimarik eragin; bai, ordea, kalte materialak. Zelenskik aitortu du kontraerasoa «nahi baino motelago» doala.

Ukrainako armadaren tanke bat, atzo, Bakhmuten, Donbass eskualdean, Ukraina ekialdean. EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko ekainaren 22a
12:34
Entzun

Gaur goizaldean eman du albistearen berri Krimeako buru Sergei Aksenovek. Salatu duenez, Ukrainako indarrek misilez eraso diote Txongar zubiari, Errusiak 2014an anexionatutako penintsula eta Kherson eskualdea lotzen dituenari. Aksenovek, Telegramean zabaldutako adierazpen batzuetan, azaldu du Storm Shadow irismen luzeko lau misil balistiko britainiar erabili dituztela, RIA berri agentziak jaso duenez. «Erasoak ez du biktimarik eragin», zehaztu du; bai, ordea, kalte materialak. Hain zuzen, Kremlinek Kherson probintzian —iazko irailean Moskuk anexionatutako lau eskualdeetako bat da— ezarritako agintari Vladimir Saldok Telegramen zabaldutako irudi batean, leherketak eragindako zulo handi bat ikusten da. Krimeako penintsula Ukrainako lurraldearekin lotzen duten zubi nagusietako bat da Txongar.

Errusiako agintariek gertakariaren albistea kaleratu eta gutxira, Kievek bere gain hartu du erasoa. Ukrainako zerbitzu sekretu militarraren ordezkari Andri Jusoven arabera, Ukrainako segurtasun indarren, erresistentzia mugimenduen eta tokiko herritarren artean antolaturiko ekintza bat izan da. «Ukrainako botere legitimoa okupatutako lurraldeetara itzultzea espero dugu», erantsi du estatuko 24 Kateari emandako elkarrizketan, Ukrinform berri agentziak jaso duenez.

Kokapen estrategikoagatik, Krimeako penintsula funtsezkoa da Errusiako armadarentzat Ukrainan egiten dituen operazio militarretarako. Bada, baieztatu zenetik maiatzaren 11n lehen Storm Shadow misilak Kieven eskuetara iritsi zirela, indar ukrainarrak zehaztasun handiko eraso ugari egiten ari dira Errusiako helburu militar eta estrategikoen aurka, lurralde okupatuen barruan. Hain zuzen, ez da aurreneko aldia Ukrainak Krimeako zubi bati eraso egiten diola; iazko urrian, Moskuk salatu zuen leherketa handi bat izan zela penintsula eta Errusia lotzen dituen zubian. Kremlinek Ukrainako zerbitzu sekretuak egin zituen eztandaren erantzule.

Ikusi gehigago: Krimeako anexioaren ikur den zubiaren zati bat hondatu dute

Gaur, gainera, Errusiak zenbait misil balistiko eta drone jaurti ditu Ukrainako Odesa eta Kryvy Rih hirietara, Kieveko agintarien arabera. Ukrainako aireko defentsa sistemak lau droneetatik hiru erorarazi ditu, armadak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Droneak, zehazki, Odesan eraitsi dituzte, hego-mendebaldean, baina horietako batek biltegi bat jo du, Serhii Bratxuk eskualdeko administrazioko bozeramaileak Reuters albiste agentziari esan dionez. Kryvy Rih inguruan, berriz, misil errusiar batek gutxienez hamar etxebizitza kaltetu ditu, eskualdeko administrazioaren arabera.

Bien bitartean, Volodimir Zelenski presidenteak aitortu du «nahi baino mantsoago» doala duela hiru aste abiatutako Ukrainaren kontraerasoa. Errusiako estatuburu Vladimir Putin motelaldi horren jakitun dago; are, adierazi du Kievek «galera militar larriak» izan dituela hil honen hasieran, eta, beraz, Moskuk «nolabaiteko lasaitasuna» hartu duela Ukrainako frontearen lehen lerroetan.

Izan ere, Ukrainako indarrei «kostatzen» ari zaie aurrera egitea, batez ere Errusiako armadak aurrez gudu zelaian ezarri dituen minen ondorioz, Zelenskik azaldu duenez Erresuma Batuko BBC irrati-telebista publikoari atzo egindako elkarrizketa batean. Presidentearen arabera, 200.000 kilometro inguru minaz josita dago. Horren ondorioz, zuhur mintzatu da: «Pertsonen bizitza jokoan dago. Batzuek uste dute [kontraerasoa] Hollywoodeko film bat dela, eta emaitzak berehala jasotzea espero dute».

Halere, itxaropentsu azaldu da Zelenski: «Kosta ahala kosta, gudu zelaian aurrera egingo dugu». Ukrainako indarrek herrialdearen hegoaldean eta ekialdean zortzi herri berreskuratu zituztela baieztatu ondoren, presidenteak berretsi du ez duela «inoiz» Kremlinekin negoziatuko Errusiako indarrak Ukrainan dauden bitartean, ezta gatazka geldiaraztea onartu ere. «Kontraerasoan aurrera egin arren, ez dugu onartuko gatazka izoztea»; horrek, hain justu, Kieventzat «aurreikuspenik gabeko garapena ekarriko luke», estatuburuaren hitzetan.

Bestalde, EB Europako Batasunak 1.500 milioi euro bideratuko ditu Ukrainari laguntzeko. Hala jakinarazi du Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek Twitterren: «Ukrainako zerbitzuak eta azpiegiturak zutik mantentzeko laguntza ematen ari gara, askatasunaren aldeko borrokan. Europak bere hitza bete du». Von der Leyenek gogoratu du, gainera, EBk diru laguntza gehiago emango diola Kievi, 2024tik 2027ra bitartean Ukrainarentzat proposatutako 50.000 milioi euroko laguntzaren mekanismoari aipamena eginez.

Zaporizhiako zentralari eraso egingo dioten susmoa

Aintzat hartuta Zaporizhiako zentral nuklearra —Europako handiena— Errusiaren kontrolpean eta gerra fronteetako batetik gertu dagoela, Zelenskik gaur goizean zabaldutako bideo batean jakinarazi duenez, «Ukrainako informazio zerbitzuak jakin du Mosku jokalekua prestatzen ari dela zentralaren aurka eraso terrorista bat egiteko. Dena prestatu dute horretarako». Presidenteak erantsi du jasotako informazioa nazioarteko aliatuei eta erakundeei helarazi diela, Reuters agentziak jaso duenez.

Kremlinek, berriz, ukatu egin du zentralari eraso egiteko asmoa duela, eta Zelenskiren «beste gezur bat» dela esan du Errusiako Gobernuko eledun Dmitry Peskovek. Ziurtatu du, gainera, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako ikuskatzaileak zentralera joan berri direla eta azpiegitura «egoki» dagoela. Horrekin lotuta, halaber, IAEAko zuzendari nagusi Rafael Grossi Rosatom Errusiako agentzia atomikoaren buru Aleksei Lijatxovekin biltzekoa da bihar, Kaliningradon (Errusia), Errusiako Atzerri ministrorde Sergei Riabkovek gaur iragarri duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.