Japoniako lurrikara

Krisi nuklearra gaindituko dela uste du IAEAk, baina egoera oso larria dela

Fukushima inguruko hainbat jakiren salmenta debekatu du Japoniako Gobernuak erradiazioa antzeman ostean

2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Fukushimako zentral nuklearreko langileek egoera kontrolatzen hasi zirela uste zutenean, ezustekoa jasan dute, berriz ere: bi erreaktore kea isurtzen hasi dira. Kea zerk eragin duen ez badakite ere, erradiazioak gora egin ez duela argitu dute. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, hain justu, krisia gaindituko dutela uste du, baina oraindik ere egoera «oso larria» dela gogorarazi du.

Naoto Kan lehen ministroakazpimarratu du egoera «gutxika-gutxika hobera» egiten ari dela. Izan ere, hornidura elektrikoa berrezartzea lortu dute lurrikarak eta tsunamiak kaltetutako zentral nuklearrean. Erreaktoreen hozte sistemak eta beste hainbat funtzio martxan jarri nahian dabiltza uneotan langileak. Ezusteko keak, baina, lanak eten ditu, eta alarma guztiak piztu ditu, berriz ere.

Hirugarren erreaktoretik hasi da lehenik, eta behin kolore griseko kea irtetean, langileak zentral nuklearreko eremu horretatik ateratzea erabaki dute, arriskuan egon zitezkeelakoan. Gerora, bigarren erreaktorea izan da kea isurtzen hasi dena. Azken horretatik ke zuria irten da. Ez dute argitu kea zerk eragin duen, baina erradiazioak gora egin ez duela azaldu dute. Lurruna izan zitekeela ere aipatu dute. Ordu batzuetara hirugarren erreaktoretik ateratzen zen kea eten egin da.

Bitartean, uraren bidez erreaktoreak hozten jarraitzen dute, nukleoaren fusio partziala ekiditeko. Ur kamioiak eta helikopteroak erabiltzen dituzte horretarako.

Erradiazioa elikagaietan

Bestalde, istripu nuklearraren eragina jakietan uste baino handiagoa izan dela azaldu du OMEk, Osasunerako Mundu Erakundeak. Izan ere, hainbat jakitan baimendutakoa baino erradiazio maila altuagoak antzeman dituzte.

Fukushiman eta inguruko beste hiru eskualdetan ekoitzitako hainbat jaki saltzea debekatu du Japoniako Gobernuak. Hala nola esnea eta espinakak. Dena den, horiek kontsumitzeak osasunean inolako ondorio kaltegarririk ez duela azaldu du gobernuak, eta herritarrei lasaitasunez jokatzeko eskatu die, berriz ere. Debekua badaezpadakoa eta aldi baterakoa dela argitu du. Eskualde horietako nekazarientzat kalte-ordainak ere iragarri dituzte.

OMEk ez du zehaztu debekatutako elikagaiak beste herrialdeetara ailegatu ote diren, baina «kutsatutako jakiak eskualdetik atera izana logikoena» litzatekeela dio.

Horrez gain, bederatzi eskualdetan iturriko urak erradiazioa duela antzeman dute, tartean Tokioko urak. Agintariek Fukushimako biztanleei soilik eskatu die, ordea, iturritik ez edateko. Gainontzeko eskualdeetan uraren erradiazioa arrisku mugetatik «oso urrun» dagoela baitiote. Fukushimako zentral nuklearraren inguruan, itsasoan, erradiazioa antzeman dutela iragarri du hango langile batek.

Hildakoak, gero eta gehiago

Salbamendu taldeek lurrikarak eta tsunamiak suntsitutako eremua miatzen jarraitzen dute. Hildako gorpuen bila ari dira, batik bat. Azken zifra ofizialen arabera, 8.600dik gora dira hildakoak eta, kasik, 13.000 desagertuak. Miyagi eskualdekoak ziren biktima gehienak —5.244—. 500.000 lagunek kostaldeko babeslekuetan jarraitzen dute, euren etxeak berreraiki zain.

Azken egunotan, hala ere, baikortasunerako arrazioak izan dituzte. Izan ere, amona bat eta bere iloba onik atera zituzten igandean, bederatzi egunez euren etxea zenaren hondakinen azpian egon ostean. Hozkailuan zituzten jakiekin lortu dute bizirik irautea. Dena den, egunek aurrera egin ahala, gero eta zailagoa da hondakinen artean bizirik dauden pertsonak aurkitzea. Are gehiago herrialdea egunotan pairatzen ari den denboralearen eta tenperatura hotzen eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.