Kristauei eginiko erasoa gaitzetsi dute milaka lagunek Egipton

Inork bere gain hartu ez badu ere, Al Kaedari egotzi diote atentatua; Poliziak gutxienez hogei lagun atxilotu ditu

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Urtezahar gauean Alexandrian (Egipto) eliza kristau baten aurka eginiko atentatua gaitzesteko milaka lagun bildu dira azken egunotan Egiptoko hainbat hiritan. Leherketan 21 lagun hil eta 79 pertsona zauritu zituzten. Kristauek zein musulmanek kondenatu dute erasoa.

Ezein taldek ez du atentatua bere gain hartu, baina Al Kaeda izan daitekeela uste da. Izan ere, azaroan Egiptoko kristauei mehatxu egin zien talde horrek bi musulmanen bihurtzea dela eta. Mehatxua Bagdadeko eliza baten aurkako atentatuaren ostean heldu zen. Bertan 58 lagun hil zituzten.

Azken egunotan gutxienez hogei lagun atxilotu ditu Poliziak atentatuarekin harremana izan dezaketelakoan. Leherketa zerk eragin zuen ez dute argitu oraindik, izan ere, hasiera batean bonba-auto bat izan zitekeela aipatu bazuten ere, Egiptoko Gobernuak ezeztatu egin du.

Gobernuari kritika

Ekintzaile kristauek Egiptoko Gobernuaren pasibotasuna salatu dute. Mehatxuak kontuan hartu ez izana eta Urtezahar gauean fededunak babesteko ezer egin ez izana leporatzen diote.

Igandean ere hainbat protesta ekitaldi antolatu zituzten. Kairon, Egiptoko kristauen patriarkatuaren egoitzaren aurrean eginiko manifestazioan, hain justu, 40 lagun inguru zauritu ziren, tartean bost polizia. Poliziak protestak eteten saiatu zirenean piztu ziren liskarrak.

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak ere atentatua gaitzetsi du, eta babesa eskaini dio Egiptoko Gobernuari erantzuleak aurkitu eta epaitzeko. Azken egunotan elizetan segurtasun neurriak handitu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.