Kubako kostazainek Florida estatutik (AEB) atera zen zodiak bati eraso egin zioten atzo, herrialdeko uretan zela geratzeko aginduari kasurik ez egin eta gero, Kubako Barne Ministerioak ohar bidez goizaldean jakinarazi duenez. Zehaztu du ontziak AEBetako matrikula zuela, eta han bizi ziren hamar kubatar zihoazela bertan; horietako lau hil eta beste sei zauritu dituzte. Argudiatu du «infiltrazio» bat egiteko asmoa zutela, «helburu terroristekin». Kubako kostazainek armak konfiskatu dizkiete: fusilak, arma motzak, molotov koktelak, balak geratzeko txalekoak, mira teleskopikoak eta kamuflatzeko jantziak.
Eta berehala heldu da Washingtonen erantzuna: Marco Rubio Estatu idazkariak iragarri du «dagokion» erantzuna emango diotela Habanari, behin «zehazki zer gertatu den» aztertu eta gero. Caricom Karibeko Komunitatearen goi bileran kazetariei atzo ziurtatu zienez, Saint Kitts eta Nevisen, AEBetako administrazioak ez du zerikusirik ontzian zihoazen kubatarrekin: «Independenteki egiaztatuko dugu gertatutakoa, eta informazio gehiago jaso heinean, prest egongo gara erantzuteko».
JD Vance AEBetako presidenteordeak atzo emandako prentsaurreko batean adierazi zuen «egoera monitorizatzen» ari direla. Halaber, Floridako fiskal nagusi james Uthmeierrek sare sozialetan adierazi zuen ikerketa bat hasiko dutela, eta erasoaren erantzuleak topatuko dituztela: «Ezin da Kubako Gobernuaz fio izan, eta ahal dugun guztia egingo dugu komunista horiek kontu eman dezaten».
Kubako presidentearen bulegoak sare sozialetan esan du «nazio defentsan» oinarritzen duela Karibeko irla horren menpeko urak babesteko «borondatea», «subiranotasunari eta eskualdeko egonkortasunari» eusteko. Kubako Barne Ministerioak azaldu du eraso egin dioten zodiakak Floridako matrikula zuela: FL7726SH. Eta The New York Times egunkariak kaleratutako informazioaren arabera, zazpi metro luze da ontzia, eta 1981ean eraikia.
Kubarako petrolioaren blokeoa arindu dute aeb-EK
AEBetako Altxor Departamentuak iragarri du ez diela zigorrik ezarriko Kuban Venezuelako petrolioa saltzeko lizentziak eskatzen dituzten enpresei, betiere sektore pribatuaren bidez eskatuz gero. Asmoa «Kubako herriari laguntzeko» salmentak egitea da, helburu komertzialekin eta humanitarioekin, baina Kubako Gobernuak ezin du zerikusirik izan petrolioaren garraioan. Venezuelaren kontra egindako erasoaldiaren ondoren, AEBek Kubarako petrolioa blokeatu zuten; ondorioz, Kubak larrialdi plan bat ezarri du: osasungintzak eta garraioak gutxienezko zerbitzuak eskaini dituzte, erregaien salmenta mugatu behar izan dute, eta murrizketak ezarri hainbat sektoretan.